astekaria 2019/08/09
arrowItzuli

mundua

Kaxmir, gero eta okerrago

Ane Hurtado Uranga

Kaxmir, gero eta okerrago

Indiako Gobernuak Kaxmirrek zuen autonomia baliogabetu zuen, atzo, Indiako Konstituzioaren 370. artikulua dekretuz indargabetu eta gero. Narendra Modi lehen ministroaren arabera, artikulu horrek eskualde autonomoaren garapena «galarazi» du. Shah Mehmood Qureshi Pakistango Atzerri ministroak, ordea, Indiak eskualdeko bakean eta egonkortasunean eragingo duen «joko arriskutsu» bat hasi duela ziurtatu zuen, atzo. Pakistango Gobernuaren ustez, Indiaren erabakia NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenen «kontra» doa.

Modi lehen ministro eskuindarraren BJP Aliantza Nazional Demokratikoa alderdiak irabazi zituen Indiako hauteskunde orokorrak, gehiengo absolutua lortuta, joan den maiatzean. Boterera iritsi denetik, Modik ez du ezkutatu Kaxmirko estatus berezia ezabatzeko asmoa. Azkenean, hala gertatu da, eta Ram Nath Kovind presidenteak atzo sinatu zuen autonomia baliogabetzeko dekretua. Indiako Parlamentuan gehiengoa du Modik. Senatuan atzo bozkatu zuten, eta aise gailendu zen baiezkoa: 125-61. Ordezkarien Ganberan gaur dira bozkatzekoak.

Arun Jaitley BJPrekin Finantza ministro izandakoak adierazi zuenez, gobernuak hartutako neurriari esker, «lanpostu eta diru sarrera gehiago» sortuko dira. Mehbooba Mufti 2016 eta iaz artean Kaxmirko buru izandakoak, ordea, honako hau esan zuen: «Gure lurra okupatzea da haien helburu bakarra». Haren arabera, atzoko eguna «Indiako demokraziaren egunik tristeena» izan zen. Indiak hartutako erabakiak «ondorio katastrofikoak» ekarriko zituela esan zuen, atzo.



Indiak, botere handiagoa

Indargabetu duten artikulu horrek Kaxmirrek konstituzio eta bandera propioa edukitzea baimentzen zuen. Atzo arte, gainera, Kaxmirren bertan hartzen ziren erabaki guztiak, kanpo arazoekin, defentsarekin eta komunikazioarekin loturikoak izan ezik. Artikulu horrek zenbait abantaila onartzen zizkien Kaxmirkoei: herrialdean jabetza eskubidea zuten bakarrak ziren. Estatus berezi hori bertan behera gelditu da. Beraz, hemendik aurrera, Indiako Gobernuak hartuko ditu orain arte Kaxmirko Gobernuaren esku zeuden erabakiak. Hori gutxi balitz bezala, beste aldaketa batzuk egongo dira: Kaxmirren bizi ez direnek hango lurrak erosteko eskubidea izango dute, adibidez.

Joan den ostiraletik espekulatu da Indiako Gobernuak hartuko zuen erabakiari buruz. Izan ere, Indiako agintariek «mehatxu terrorista bat» egon zela azaldu zuten, eta han zeuden turista guztiei jaioterrira bueltatzeko agindua eman zieten. Gainera, 25.000 soldadu bidali zituzten Kaxmirrera, eta, igandean, Internet moztu zuten eta lau pertsona baino gehiagoko bilerak debekatu zituzten.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak «baretzeko» eskatu die Indiari, Paskitani eta Kaxmirri.

Gatazka kateatua

72 urte pasatu dira Indiako deskolonizazio prozesua hasi zenetik. Britainiar Inperioak, India azpikontinentea utzi, eta hango kolonia bi estatu independentetan zatitu zuen, 1947. urtean. Orduz geroztik, Indiaren eta Pakistanen artean zatituta egon da Kaxmirko lurraldea: Indiako zatia Jammu eta Kaxmir estatuak osatzen du, eta Pakistango zatia, berriz, Azad Kaxmir (Kaxmir librea) eta Gilgit eta Baltistango eskualdeek. Txinak ere kontrolatzen du zati bat: Aksai Chin eskualdea eta Shaksgam. Banaketa hori egin zenetik, 700 kilometroko kontrol lerro batek zatitzen du hamahiru milioi biztanleko harana. 1947. urtean, gainera, Kaxmirren estatus bereziaren aldeko legea onartu zuten.

Gatazkak ez du etenik izan. Hirutan piztu da gerra Indiaren eta Pakistanen artean, lurraldeaz jabetzeko: 1947., 1965. eta 1999. urteetan. Kaxmirren musulmanak dira gehiengoa, eta Indiako gainontzeko eskualdeetan, ordea, hinduak. Indiak lurralde osoaren jabe dela aldarrikatu du behin baino gehiagotan, baina Pakistanek uste du etorkizuna bertako herritarrek erabaki behar dutela. Hau da, estatu horren estatusa erreferendum baten bidez erabakitzea aldarrikatzen du. NBEk hala egiteko agindu zuen behinola.

Indiako armadaren jazarpena etengabea izan da Kaxmirren: milaka atxiloketa, desagertze, bortxaketa eta exekuzio egon dira, urte hauetan. Kaxmirko Gizarte Zibilaren Koalizioak emandako datuen arabera, 75.000 pertsona baino gehiago hil dira eta 8.000 desagertu dira, 1989. urtetik. Joan den urtean, 591 pertsona hil ziren, arrazoi politikoak zirela medio.

BERRIAn argitaratua (2019/08/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA