astekaria 2019/08/09
arrowItzuli

iritzia

Euskararen diru-kontuak

Pako Aristi

Euskararen diru-kontuak Pako Aristi

Beste lan finkorik ez daukagun idazleontzat uda balantzea egiteko garaia izaten da: kultura idatzia soberan dagoen aroa bilakatu da uda, gainontzeko hilabeteak ere antza hartzen ari zaizkiona, eta idazleok ez dugu lanik izaten asmo propioetatik landa. Urte erdia igaro da, eta irabazi dugun dirua zenbatu dezakegu, abendura iritsiko ote garen zalantzak uxatuz, ala baieztatuz, jakin gabe irailetik aurrerako lau hilabeteetan beste zenbat irabaziko dugun. Eta horrela da urtez urte, ni hasi nintzenetik.

Diagnostikatua dagoen arazo bati hitzak jartzera nator: euskaraz lan egiten duten sortzaileen egoera larria. Eta egia batzuk kontatzera, jendeak ez baitaki ziur nola bizi garen, subentzioetatik lasai ederrean, edo pobrezia larrian, gehienek ez dute ulertzen idazten jarraitzeko gure pasioa ere. Mesfidantza hau berau da gizarteari boteretik ezarri zaion kulturarekiko ezjakintasunaren sintoma nagusiena.

Euskaldunok erreparo izugarria diogu diruaz hitz egiteari, baina gure prekarietatearen ezaugarri nagusia diru falta denez, ausartuko naiz nire datuak ematera: 2018an 12.500 euro izan zen nire irabazia. 2016an 14.700 izan zen; datu okerrena 2015ean erdietsi nuen, 10.700. Urte hobeak izan ditut, halere, 2008koa esaterako: 25.300 euro, krisiak mileurismoaren azpira bidali aurretik. Horri, noski, egitura gastuak kendu behar zaizkio, gizarte segurantza, ezinbesteko interneta, gasa, garraioa, dietak eta abar luze bat. Sektore batzuetan dugun prestigioaren ifrentzua zaigu sortzaileoi gure lanetik (ia) bizi ezin hau. Eta horrela da urtez urte, ni hasi nintzenetik.

Sortzaileok lan egiten ari gara euskal kulturarentzat, eta jarraitu nahi dugu langile orok merezi duen duintasunarekin. Eta nazio bakarra dago munduan lan hori baloratu dezakeena: Euskal Herria. «Talentua esportatzen dugu» eta gisako euforia instituzionalistak irakurtzen ditudanean garbi geratzen baita ez direla gutaz ari: euskal idazle batek ezin du joan atzerrira bere lanean eta bere hizkuntzan aritzera. Ala euskal idazleok migratu egin behar ote dugu beste hizkuntza batzuetara, idazle sentitu gaitezen? Ahantzi gabe «esportazio» deitzen duten hori emigrazio gordina baizik ez dela, Euskal Herria gaur ez delako gauza bere talentuak baliatzeko. Horri «esportazio» deitzea ez da euskal talentudunek soldata duinaren bila kanpora joan beharraren lotsa estaltzeko iruzur semantikoa baino.

Gure lan hizkuntzak lotzen gaitu lurraldera, lotzen hari bereziekin naziora, horregatik behar dugu beste inork baino gehiago nazio oso baten inplikazioa gure lanean. Urte hauetan, aitzitik, atzerapen izugarria jasan du euskal kulturak. Gure herrietan jan-edanaren «kulturak» hartu du lehen kultura izendatzen zenaren lekua. Orain sagardoaren kulturaz hitz egiten da, txakolinaren kulturak, bisiguaren kulturaz, eta pintxoak bihurtu dira, eskulturaren bat edo beste tartean, turistei euskal kulturaz egiten zaien eskaintza.

Herri guztietan, lehen, askoz hitzaldi, aurkezpen eta ekitaldi gehiago antolatzen zen, orain gastronomiarekin lotutako egun askotako ospakizunek hartu duten lekua; dena da oso subertsiboa, bai. Eta kuriosoki, hau gertatzen da udal guztiak teknikari mordo batez bete direnean, teorian euskara eta kultura biziberritzeko zeudenak, baina horrek gu pobreago egin gaitu, dirua bitartekari horietan gastatzen baita, eta ez da guregana ia zipitzik iristen. Eta zenbat diren bitartekariak, gudaroste bat ia: erakunderik bitxienetako zuzendariak, aldundietako aholkulariak, EITB bezalako mastodontearen erdi-mailako karguak etab.

Ez dago pedagogiarik euskal sormenak maitatzeko; udalek, erakundeek, eskolek ez dute egiten. Eta pedagogiarik ez dagoenean, atzera goaz. Eta ez dago pedagogiarik gure diru sarrerak eguneratzeko: duela hamar urte prezio batean hasitako kolaborazioak prezio berean jarraitzen du. Gure sektorera ez da iristen Kontsumo Prezioen Indizearen araberako igoerarik. Sektorea guztiz hiltzen utzia dago, ezelango oinarri komunik gabe: hitzaldi bat kobratzen dugu igual 50 euro, igual 263. Kultur etxe bateko zuzendaria zuhurkerian hasi zitzaidan behin: autoan banentorren 80 euro emango zizkidan bidaia-sari, trenean banentorren txartelaren 16 euroak. Diru publikoa kobratzen duen kargua idazle xumearen soldata merkatzen!

Baina, hori guztia tamalgarria izanik ere, ez da gure herriaren egoera endekatuaren sintoma bat baizik. Idazleok nazioaren oinarria sendotzen dugu, horixe baita euskara. Literatura da zentzu horretan, baina gobernuen erabaki estrategikoetatik (nahiko sasikoak izanagatik ere) kanpo dago. Kritikoegiak ote gara? Baina kritika ahalmena ez ote da kultura baten osasun seinale, aurrera egiteko tresna?

Erabaki ekonomikoetatik ere at gaude. Jaurlaritzak 2.000 euro eman dizkie 2.300 pertsonei auto berri bat erosteko, 5 milioi guztira Renove deituriko planean. Liburuak erosteko zenbat? Ezer ez, kultur bonu batzuk eta laguntza anekdotiko batzuk kenduta. Industria poligonoek ere badute beren Renove plana, 1,2 milioikoa. Euskal kulturak ez du behar renoverik?

Euskal sortzaileok Euskal Herria dugu soilik, mundu osoan, gure lan esparrua, gure diru-irabazien sorburu bakarra. Eta nahikoa izan behar luke, baina ez da. Nazio bat egon ordez, bere sortzaileak egoki bizitzeko baldintzetan edukiko lituzkeena, akulturizazioa bultzatzen duen nazio zuntz gabe bat dagoelako, sortzaileen bazterketa sistemikoa praktikatzen duena, mendeetako auto-erdeinuaren azken edo azken aurreko kapitulua idazteko tematuta.

Eta botere autonomiko otzanei bizirik irauteko ezinbesteko zaien multi-kulturalismoaren ideiara subordinaturik dagoen sare komunikatibo bat dago, non euskaraz zein espainol/frantsesez lan egiten dutenak maila berean aurkezten dituzten, hizkuntzek duten irismen ahalmena berdina balitz bezala, orekatua, berdintasun idiliko baten pareko. Ez da diskriminatzen, bertako kultura funtsezko ezaugarritzat daukaten nazioetan egiten den legez, hizkuntza propioa hizkuntza arrotzen aurrean, alderantziz baizik: espainol/frantsesez egindako kultura mediokreak askoz leku gehiago du euskarazkoak baino, honen bikaintasunaren gainetik ere askotan.

Nire lanaren aitortzarik ederrena Azpeitiko lagun batek eskaintzen dit topo egiten dugunean. Kafe batera gonbidatzen nau beti, esanez: «Hik sekulako meritua daukak, 30 urte idaztetik bizitzen... Eta gainera euskaraz!». Ea laster meritua izateari uzten dion, bere kultura maite duen herri baten adierazle bihurtzeko.

BERRIAn argitaratua (2019/08/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA