bizigiro
Etxea, lurra, hurbila
Ainize Madariaga
25 urterekin, jada 22 etxetan bizi izandakoa zen: bertzeak bertze, Haitin, Tunisian, Frantzian, AEBetan eta Kamerun. Bizimodu mugitu horrek, hala ere, harroin egonkorrak bazituen: amama eta aitaitaren etxeak, Buztintze eta Bunuzen (Nafarroa Beherea): «erreferentzia garrantzitsuak ziren guretzat».
Hala, udako zein eguberriko opor gehienak han iragan zituzten Maiak berak, nebak eta ahizpak. «Beti besta zen guretzat Euskal Herrirat itzultzea, oso ongi sentitu baikara, etxean». Gurasoek Zokoan (Lapurdi) apartamentu tipi bat erosi zutelarik, orduan hiru etxetan zebiltzan, belaontzian ibiltzeko paradaz baliatuz. Tartean, bidaia handiak ere egin dituzte familian, hala nola Guatemalan, Mexikon eta AEBetako hegoaldean, baina udaz kanpo.
Bizimodu horrek bekaizkeria eragin bazezakeen ere, Kurutxetek bazuen zimikoa, negatiboaren alde iluna: «Egunerokoa ezagutu ez nuenez, parte batzuk asmatu eta idealizatu nituen. Hor arrotza sentitzen nintzen».
Bazuen, hala ere, bere oporren errutina: «Beti goiz jaikitzen nintzen, ogia egiteko». Izan ere, amonaren etxea okindegi eta ostatua baita. Bertze gisaz, baratzeak hartzen zuen haurren ardura, bai eta ere askak eta errekak: «Txipak harrapatzen genituen botiletan sartzeko, hura poza!». Antzerkiari eskaintzen zion sormen osoa: ikusgarriak antolatzen baitzituen tai gabe. Neba ahizpa gazteagoak jartzen zituen, alabaina, bere gidoien meneko. Totemak egiten zituzten, gorgoinetan ibiltzen ziren, eta dantzan.
Amama eta aitaitaren etxeko telebistak biltzen zuen arrakasta gaitza, gurasoek ez baitzeukaten. «Hor baliatzen ginen telebista ikusteko, bikaina zen!». Dena den, lokartzeko ipuinak ostatuak kontatzen zizkieten. «Zenbat laket nuen amamaren eta jendeen arteko solasak entzunez lokartzea».
14-15 urterekin, oporren ortzadarra lainotzen hasi zitzaion. «Gaizki nintzen bi gauzaren artean sentitzen nintzelako: euskalduna, baina, aldi berean, arrotza». Hartan, deliberatu zuen euskara ikasi behar zuela, eta Urepeleko barnetegian eman zuen izena. «Euskararen bidez eraiki dut Euskal Herriko nire zinezko egunerokoa; bide bakarra zen ene barne-gatazka konpontzeko».
Gaur egun, Bizkaian bizi da bere hiru seme-alabekin. Oporrak aitatxi eta amatxirekin iragaten dituzte, eta bereziki garrantzitsua zaio Iparraldean egoteari: «Sentitzen baitut espainiar kulturaren pisua. Azkenean, ene haurtzaroko opor berdinak dituzte!».
Itsas exodoa
Udako oporren irudia desordenatzen zuen Jon Paulerenak haur denboran: Donostian bizi zen, baina oporretan bertatik ihesi joaten zen Ezterenzubi Salaberrira (Nafarroa Beherea), aitaren etxondora, hirira sartzeko auto metaketaren kontrako bidetik. «Poza zen hara joatea!».
Baserriko lanak egiten zituzten, auzoko lagunekin egoten, errekara joaten eta bizikletan ibiltzen. Uda osorako bizpahiru kanpin denda muntatzen zituzten, bakoitza pentze batean; «matalazekin eta guzi!». Aroak laguntzen zien guzietan, «kasik gauero», bertan etzaten ziren haurrak berak. «Geure gisa ibiltzen ginen, eta gurasoek lasai hartzen zuten hori. Pentsatzen dut hiri batean haurren atzetik ibili behar duzula». Oroitzen da berant arte egoten zirela iratzarririk: jostatzen, kartetan edo solasean. Biharamunekoa ere gozatzen zuen: denak elkarrekin gosaltzearena.
Ezterenzubik eman zion Donostiak eskaintzen ez ziona. «Planak sortzen ziren, aurrez finkatu gabe». Izan ere, hirian, hitzordurik gabe ez baitzen «deus pasatzen». Paulerenak hori du estimatzen: auzo eta herritarrekin gurutzatu eta harreman «polit eta sanoak» ukaitea. Salaberria etxaldea zortzi kilometrok bereizten dute herritik; beraz, txikitan «abentura bat» zen hara bizikletez jaustea. Alta, itzultzeko, «beste istorio bat zen!». Bada, Ezterenzubiko orografiak ez du aspertzen: iturburutik beheiti Errobik sigi-saga, zoko-moko ugari atxikitzen baititu gordean. Horietako batzuetara zihoazen onddoetara Paulerena aita-semeak. «Ez genuen laneko ardurarik; egun osoa jostetan pasatzen genuen; amarekin ere Donibaneko merkatura joaten ginen: estresik gabeko tartea ziren oporrak, planifikatu gabekoa». Bakantzek familia osoa juntatzen zuten; amatxi eta arreba zaharrena ere elkartzen zirelarik, «bikaina» zen. Testuinguru horretan eraikitzen zituzten zuhaitzetan etxolak, horretarako balio zezakeen guzia etxetik eramanez. Batzuetan, gurasoen desesperaziorako. «Bat bukatu gabe beste bat hasten genuen... beti atzematen genuelako toki bat hobea!». Estresik ez, baina opor horiek ez ziren geldirik egotekoak, etxaldeko lanek ez dutelako sekula etenik. Hala, udan belarretan ibiltzen ziren, traktore gainean, pixkanaka-pixkanaka gidatzen ikasi arte.
Urrunekoa ezin hurbilduz
«Kubara oporretara? Zorionekoa zu», entzun behar izaten du oraindik ere Haizpea Abrisketak. Baina errealitatea horren gozoa ez dela argitu behar izaten du berak, kopetilun. Haurtzaro osoan Karibeko uhartean pasatu zituen oporrak, urteko hiru hilabete. Baina ez plazerez, baizik eta aita han erbesteratua zuelako.
Josu Abrisketa aita Burgosko auzian epaituriko euskaldunik gazteena izan zen. 1984. urtean Panamara deportatu zuen Frantziak, eta, handik fite, Kubara. Geroztik, familia osoak urtero egiten zuen Kubarako bidaia, eskola garaia bukatu orduko, Haizpeak 5 bat urte zituenetik. «Niretzat, oporrak baino gehiago, aita ikustea zen hura». Hegazkin errusiarrak hartzen zituzten, Cubana de Aviacion konpainiak horiek zituelako. Orduan ez zen astean hegaldi bat edo bi baizik abiatzen Europatik, Paristik.
Kuba osoa ezagutu zuen Haizpea haurrak. Habanako Alamar auzoan zuten etxea, eta auzunea errusiarrez beterik egoten zela oroitzen da Abrisketa. «Kuban orduan arrotz bakarrak errusiarrak ziren, eta Latinamerikako beste errefuxiatu batzuk». Izan ere, Gerra Hotzaren garaia zen. Autoa hartzen zuen familiak -Lada zahar bat-, eta uharte osoa goitik behera ikusten zuten. Uhartetxoak bisitatu, belaontzian ibili... otarraina jatea eguneroko afera zen -ez, ordea, haragia-. Arrunt integratzen zen Abrisketa Kubako bizimoduan, han oporretan zelarik. «Aberasgarria izan zen, baina haurtzaro osoan tristezia handi bat sentitu nuen: aitaren falta handia», azaldu du Abrisketak. «Izugarrizko ilusioa zen Kubara joatea, jakinda itzultzean izugarrizko hutsunea edukiko zenuela».
Ikastolako ikaskideak bekaizti ziren txikitan, haiek udalekuetara joaten zirelako Hegoaldera. «Ez zekiten zer bizi nuen, ez zuten ulertzen: 15 bat urterekin hasi ziren ulertzen. Kuba modan jartzen hasi zenean, neuk hamabost urte neraman hara joaten».
Bidaiatzearen kontzeptuak ez du toki handirik hartzen Kurutxeten eta Abrisketaren oporretan. Lehenak aitortu du «konplexua» baduela alde horretatik: «Bizilekuz beti aldatu izan zarenean, nahi duzun lehen gauza egokitzea da. Ez dut bidaiatzeko beharrik sentitzen, enetzat gauza normala baita», esan du. Bada, inguruko kanpinetara joan eta etxean prestatu bazkaria partekatzea du gehien laket: «Hotel batean baino askoz gehiago nahiago izaten dut». Daborduko, haurrak ez dute oporren zain egon beharrik etxera itzultzeko: bizitzeko etxe bakarra eman dielako.
Abrisketak, berriz, nahiago zukeen orduan oporrak Euskal Herrian pasatu. «Ez dut Euskal Herria ezagutzen». Horregatik, orain, seme-alabekin udatik kanpo saiatzen da bospasei egun hartzen horretarako. Udako tradizioak bere hartan segitzen baitu: «Aitite» ikustera baitoaz denak, orain hegazkin seguruagoetan. Egunak zenbatzen dituzte haurrek, Abrisketak txikitan bezala. Baina haurrentzat bizipena ez da berdina: aita etxean baitute. «Ez da hutsune bera».
Orain, Euskal Herriari itzulia kanpinean ematea litzateke Abrisketaren ametsetako oporraldia. «Aurrekoan Erriberrin [Nafarroa] egon ginen, eta hori niretzat zoragarria da».
Paulerenek, azkenik, gozatu zituen bakantza haiekin bere egunerokoa egin du, laboraria bilakatua baita: 250 bat ardi burubeltzen esnea bertan gasnatzen du. Eta kontrako ibilbidea egiten du: libratzen ahal delarik doa Donostiara. «Maite dut hara joatea, baina bizia hemen dut». Hainbertze da laketzen bere ingurune naturalean non asteburu batekin aski baitu lagunekin inguruko bestetan libertituz. «Oporrak dira!».