kirola
LEIRE OLABERRIA
«Emakumeek jendez beteriko errepideak merezi dituzte»
Imanol Magro Eizmendi
Zer moduz joan da urte osoko prozesua? Zer izan da zailena?
Tira, pastelari ginga jartzea falta da. Lan asko egon da, eta ikasketa prozesu bat izan da. Hasieratik babesa sumatu dut, baina oraindik gaurkoa falta da, egun garrantzitsuena. Zailena? Lasterketa handi batek baliabide ekonomiko asko eskatzen ditu, eta horiek biltzea.
Zenbat balio du emakumezkoen Klasikoa antolatzeak?
250.000 euro inguru. Gizonezkoena baino merkeagoa da, baina badu bere kostua. Hori bai, babesle pribatuen aldetik, itzulera ekonomiko jakin baten bilaketa baino gehiago, konpromisoa ikusi dugu. Hori zoragarria izan da.
Parte hartzaile zerrenda primerakoa da.
Bai, eta onartuko dizut gure beldurrak bagenituela. Egun berean World Tour lasterketa bat dago Londresen. Bazeuden zailtasunak, talde profesionalek arazoak izaten dituztelako egun berean bi tokitan lehiatzeko, baina Londreskoa esprinterrentzako lasterketa da, eta gurea igotzaileentzat da. Baina talde handien erantzuna positiboa izan da. Munduko onenak ditugu, baina baita ere Ane Santesteban gipuzkoarra, Movistar, Bizkaia...
Askotan begiratzen zaie falta direnei, baina pena Trek eta Boels-Doellmann etorri ez izana.
Pastela borobiltzea litzateke. Baina daudenek ikuskizuna emango dute; badago ibilbidea. Askotan, talde handi guztiak elkartzen badituzu, hainbestekoa da elkar zaintza, ez dela lasterketa polita izaten. Mitcheltonek talde indartsua du, baina baditu aurkariak.
Annemiek Van Vleuten da izen handiena. Giroa nagusitasun harrigarriz irabazi du aurten.
Inspirazio bat da emakume hori; 36 urte dauzka, eta urtetik urtera hobera doa. Erreferente bat da. Berak, gainera, interes handia du euskal kulturarekiko; urtez urte etorri da, eta beti izan du txapel bat irabaztearen mira, Bira ez duelako inoiz irabazi. Taldekideek bai, baina berak ez. Guk txapel polit bat enkargatu dugu, eta pozik geundeke berak jantziko balu gure ordezkariekin lehia gogorra izan ondoren.
Zerk erakarri ditu taldeak?
Baldintzek; ez gara World Tour, baina izan nahi dugu, eta World Tourreko baldintzak eskaini dizkiegu. Sariena ere garrantzitsua da, eta, batez ere, telebista. Talde handiek telebista emisioa eskatzen dute, askotan sarien gainetik. Bagenekien hor ahalegin handia egin behar zela, eta erantzun positiboa jaso dugu ETBrengandik; asko eskertzen dugu, proba mundu guztian ikusi ahalko delako.
Buelta asko eman dizkiozue ibilbideari?
Bai. Diseinu asko egon dira aurretik. Hasieran, antolakuntzak ez zuen oso garbi egungo emakumeen maila. Ez iren ausartzen oso gogorra diseinatzen, baina, txirrindulariekin hitz egin ondoren, garbi genuen gizonen ibilbidea gogorra bazen emakumeenak ere halakoa behar zuela.
Ibilbide gogorra da.
Emakumeetan, normalean, 2.000 metroko desnibela badu ibilbide gogorra dela esaten da, eta honek gutxi batzuk gehiago ditu. Baina ez dut zalantzarik tropelak erraz aterako duela proba hau. Gehien sufrituko dutenak nazioarteko maila ez duten txirrindulariak izango dira, baina garrantzitsua da denak egotea, erreferenteengandik gertu.
Ez al da berandu samar iritsi emakumezkoen lehen Klasikoa?
Bai. Pentsatzen jarri, eta 38 aldi egon dira emakumeen probarik gabe. Zertan egon gara? Non egon gara? Noiz gelditu zen erlojua? 1985ean, Donostiako Klasikoak, gauean, emakumezkoen kriterium bat antolatu zuen. Dortsalak ditugu, dokumentazioa... Nire galdera da: zer gertatu zen? Gaur, omenaldia egingo diegu Gipuzkoan aitzindari izan ziren emakume txirrindulariei.
Gizonezkoen eta emakumezkoen saria bera da: 16.000 euro. Esaterako, La Course Frantziako Tourrak antolatzen duen emakumezkoen egun bateko probarena baino handiagoa.
Bai. Politikariek bultzatu zuten, eta begi onez ikusi genuen. Diru asko da, eta batzuek esaten dute emakumeek kilometro gutxiago egiten badute ez dela justua. Ibilbidea agian motzagoa da, baina ikuskizuna berdina da. Lasterketa bat ez da kilometrotan neurtu behar, ikuskizunaren arabera baizik. Telebistaz emango dute, eta emakumezkoen txirrindularitza ezagutzen ez duen zalea harritu egingo da. Gizonezkoetan distantzia luzeak daude, eta lehen kilometroetan ez da ezer gertatzen; emakumezkoetan ez da hala. 130 kilometro dira, eta hasiera-hasieratik jo eta su ibiliko dira.
Zaleen ohiturak aldatu behar dira orain.
Bai, arratsaldepasa zena egunpasa bihurtu behar da. Goizetik joan daitezela. Baina aurten Tourrean egon naiz, eta gizonezkoei bezperatik itxaroten zaie. Plan politak egin ditzatela, errepideetara irten, gosari eta bazkariekin. Emakumezkoek ikuskizun handia emango dute, eta jendez beteriko errepideak merezi dituzte.