iritzia
Debekatu lauburuak
Diego Pallés Lapuente
Herri honek astinaldi bat behar du, bultzagarri bat. Azkenaldian maiz entzun dugu euskalgintza berrasmatu beharra dugula, abertzaletasuna berriztatu... Akabo komeriak. Neurri ausart bezain sinple horrekin krisi existentzial eder batean murgilduko genituzke norbanako zein kolektibo, enpresa zein erakunde. Euskaltasuna birdefinitzeko beharra sortzeko tresna efikaza.
Nire esperientziaren arabera, lauburu-kontzentrazio handienak turista eta erdaldunen presentzia nabarmenak bat egiten duten lekuetan topa daitezke. Horrelakoetan, edozein gainazaletan errotzeko gai izaten dira: etxe-aurreetan, leihoetan, lanpasetan, amantaletan, kikaretan, leiho-ertz batean sar daitezkeen loreontzi guztietan... Kokapena kokapen, aurrean dagoenari helarazi nahi dioten mezua hau da: argi eduki, leku hau euskaltasunez lepo dago.
Zenbait erdaldunek euskal kulturaren presentzia basatiaren aurrean daudela sentituko dute; neuk, behintzat, horrelako toki gehienetan erdaltasuna nagusi dela sumatu ohi dut. Fenomeno horri Basquewashing esango diote batzuek, jabetze edo lapurreta kulturala besteek. Argi dago, dena den, kilometro karratuko lauburu-dentsitatea mugatuz gero, askoz zailago izango luketela hainbatek jendeari begira euskaltasuna aldarrikatzea euskara inola erabili gabe.
Beraz, honatx gomendioa: debekatu lauburuak. Tatuajeak, lepokoak eta etxeko apaingarriak salbuetsiak izan daitezke, baina horietakoak ugaritzea nolabait kontrolatu beharko litzateke salbuespen-egoerak dirauen bitartean. Neurriaren behin-behinekotasuna dela eta, ez genuke ikonoklasiari ekiteko beharrik izango. Lauburudun objektuak txikitu ordez, armairuetan gorde edota errezel eta oihalekin estal genitzake, Iruñeko Erorien Monumentuan egin zuten antzera.
Esperimentu honekin arrakasta izanez gero, bestelako probak ere egin genitzake; behin abiada zentsuratzailea hartuta aukera aprobetxa dezagun. Oraindik ikusteke dago nola adieraz ote lezakete askok nafartasuna Nafarroa eta nafar hitzak ahalik eta gehien errepikatu gabe. Eta zer esan azkenaldian alde guztietatik hedatzen ari den Basque termino ingelesari buruz? Eta euskal delako letra-tipoaren erabilera zuritzailearekin, zer? Aukera mugagabeak ditugu. Ezpeletan, piperrak sotoetan gorde eta labeetan lehortzen jar litzakete, esaterako.
Euskal kultura beren interesen mesedetan erabiltzeko gauza erraza dela uste duten horiei mundua hankaz gora jar diezaiegun. Nor dator bat proposamenarekin?