astekaria 2019/08/09
arrowItzuli

politika

23 urte geroago, PSNk du lema

Joxerra Senar

23 urte geroago, PSNk du lema

Hirugarren presidente sozialista izango du Nafarroak, 23 urte igaro eta gero. Gabriel Urralburuk eta Javier Otanok gaizki amaitu zuten. Lehena ustelkeriagatik epaitu zuten, eta bigarrenak kargua utzi behar izan zuen ziztu bizian, Suitzan bere izenean kontu bat zuela zabaldu zenean. Mende laurden geroago, orban hori ezabatzea izango du helburu Maria Txibite sozialistak. Atzo, bigarren itzulian, Nafarroako lehendakari hautatu zuten. Izendapenak badu beste datu adierazgarri bat ere: Yolanda Barcinaren (UPN) eta Uxue Barkosen (Geroa Bai) ostean, hirugarren lehendakari emakumezkoa da Txibite. Berez, hamarkada honetan kargua hartu duten presidente guztiak emakumeak izan dira Nafarroan.

Herenegun bozketa 19:15ean egin zuten, eta parlamentuko araudiak behartzen du bigarren bozketa 24 orduren buruan izatera; hortaz, atzo ordu berean egin zuten bigarren itzulia. Unai Hualdek ez zuen atzerapenik nahi. Espero bezala, lehendakari izendatzeko behar zuen gehiengo soila lortu du Txibitek: PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak inbestiduraren alde egin dute, Navarra Sumak eta EH Bilduko bi parlamentarik, kontra. Azkenik, koalizio abertzalearen bost abstentzioek ahalbidetu dute Txibitek ezezko baino baiezko gehiago lortzea: 23 alde, 22 kontra.



Hala ere, nolabaiteko emozioa izan zuen bozketak. Nahiz eta EH Bilduko militanteek taldearen jarrera hori babestu, emaitza esku artean izan arte ez zegoen ziur ezer esaterik. Botoa sekretua izateak ustekabe handi baterako zalantza nimiƱo bat eragin zezakeen. Banaka deitu zituzten parlamentuko mahaiko kideek legebiltzarkideak. Dena den, EH Bilduk ez zion ustekabeari tarterik txikiena utzi. Saski batean bildu zituen zazpi legebiltzarkideen papertxoak, eta bakoitzak berea hartu zuen deituak izan ahala.

Zenbatzeko orduan, halabeharrak ere eman zion tentsio dosia saioari. Une oro ezezkoak hartu zuen aurrea, eta EH Bilduren bi ezezkoak ere -euskaraz idatziak- berehala atera ziren. Une batez, hamasei ezezko eta 11 baiezko zeuden bozketan. Ezinbestean, baiezko papertxoak ugaritu egin ziren, eta bi botoren faltan 21na geratu ziren. Ez zen pilota partida, ordea. Ondoren 22na, eta lau abstentzio. Azken bi papertxoek erabaki zuten dena: baiezkoa eta abstentzioa. Txibite, presidente.

Hautatua izan eta berehala, PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrako harmailetatik txalo zaparrada jaso zuen Txibitek, baita gonbidatuen artetik ere. Lehenik eta behin, Txibitek eta Barkosek besarkada handia eman zioten elkarri. Kargua hartu arte oraindik ere jarduneko lehendakari denak zerbait esan zion belarrira. Gero, hala jarduneko kontseilariek nola PSNko kideek zoriondu zuten. EH Bilduko parlamentariek ez zuten zirkinik mugitu, eta ganberaren beste aldean, estualdia pasatu zuen Esparzak. Berehala joan zen, adierazpenik egin gabe.

Zorionak jaso ahala, hunkitu egin zen Txibite. Urteotan alboan izan duen komunikazio arduradunari besarkada estua eman zion, eta bien aurpegietan ageri zen bidearen ostean helburua lortu izanaren poza eta emozioa.

Berehala hitza hartu, eta akordioagatik esker ona adierazi zien hura babestu duten lau alderdiei. Halaber, legealdira begira promes egin zuen gobernuak «elkarrizketa eta lana» eskainiko dituela. «Elkarrizketa izango dugu ardatz, Nafarroa hobea eraikitzeko eta, batik bat, elkarbizitzarako». EH Bilduko kide Adolfo Araizek eskatu zion «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko, eta «bazterketa alboratuz akordioa bilatzeko».

BERRIAn argitaratua (2019/08/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA