astekaria 2016/02/12
arrowItzuli

politika

Sortu: pausoa noiz luzatu

Hodei Iruretagoiena

Sortu: pausoa noiz luzatu

Zutik Euskal Herria ebazpenarekin hamarkadetako norabidea aldatu eta urtebetera, bide berrirako lehenengo pauso handia eman zuen ezker abertzaleak. Bihar dira bost urte Sortu alderdiaren estatutuak aurkeztu zituztenetik, Bilboko Euskalduna jauregian. 2011ko otsailaren 7an, lehen aldiz, espresuki arbuiatu zuten ETAren indarkeria. Hamarkada luze bateko legez kanporatze ziklotik zetozen. «Edozein motatako indarkeria behin betiko eta guztiz desagertzeko nahia» adierazi zuten —«ETA erakundearena bereziki»—, eta baita «indarkeria eta terrorismo ororen ondorioak gainditzekoa» ere. Hainbat modutan esan zuten hori, zalantzarik gera ez zedin: «[Sortuk] Indarkeria arbuiatuko du bere ekintza garatzeko [...] Arbuio horren barnean dago ETA erakundea».

Espainiako Alderdien Legeak agindutakoa baino urrunago joan, eta ustekabekoa eman nahi izan zuen ezker abertzaleak. Aurrez, 2010eko azaro amaieran, ezker abertzaleko belaunaldi eta esparru ezberdinetako ordezkari ugarik esan zuten antolakunde berriak «helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzea edo erabiltzeko mehatxua errefusatu» behar zituela, baina militante asko ere harritu ziren estatutuetan zetorrenarekin. Rufi Etxeberriaren eta Iñigo Iruinen ahotik aurkeztu zituzten alderdi berriaren oinarriak, Lokarrik antolatutako ekitaldian.

Gizarteko ordezkaritza zabala izan zen aurkezpenean: alderdiak, sindikatu gehienak eta beste hainbat arlotakoak. Goi mailako ordezkaritza bidali zuten alderdi gehienek; EAJk, apalagoa. Iruinek Sorturen estatutuen aurrerapen bat eman zuen, eta Etxeberriak egin zuen azalpen politikoa. Ez zuten zalantzarako tarterik utzi: «Aurreko ereduekiko inflexio eta gainditze abiapuntua da». Argi jaso zuten hausturaren ideia alderdiaren estatutuetan ere.

Bilbotik Madrilera

Astelehenez egin zuten estatutuen aurkezpena. Asteartean, alderdiaren izenaren, logoaren eta sustatzaileen berri eman zuten. Ez ziren ezker abertzaleko aurpegi ezagunak: Iñaki Zabaleta EHUko katedradunak hartu zuen protagonismoa egun haietan, eta Maider Etxebarria izan zen alderdiko lehen idazkari nagusia. Hurrengo egunean joan ziren Madrilera, asteazkenez, Espainiako Barne Ministerioan alderdia erregistratzera. Aurkeztutako dokumentuan jasotzen denez, urtarrilaren 31n onartu zuten eratze akta Karmele Agirregabiriak, Javier Artolak, Maider Etxebarriak eta Rakel Jausorok, Donostian.

Zazpi oinarri ideologiko daude bilduta estatutuetan: independentzia, euskalduntze osoa, sozialismoa, justizia sozialean oinarritutako bakea, feminismoa, herrien arteko elkartasun internazionalista eta anti-inperialista eta demokrazia parte hartzailea.

Rufi Etxeberriak Euskaldunako ekitaldian nabarmendu zuen «ezinbestekoa» zela ezker abertzalea legeztatzea, eta erabaki «burujabe eta autonomoa» zela hura. «Ezker abertzalearen inguruan abiatu den estrategiak dena ETA dela dioen politikari erantzuten dio. Azpijoko judizial, politiko eta polizialaren biktimak gara», esan zuen biharamunean Euskadi Irratian. Gerora azaldu izan du —Ekarri armak, Imanol Murua Uria, 2015— Espainiako Estatua «ustekabean» harrapatu nahi izan zutela estatutu haiekin, «nahiz eta kontziente izan soinu dezente aterako zuela ezker abertzalearen bisagretan».

Euskaldunako ekitaldia baino hilabete lehenago, «nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra» eman zuen ETAk, baina Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernua, itxuraz, ez zegoen bigun jokatzeko. 2007ko negoziazioen hausturaren ondoren, iritzi publikoaren aurrean beste aukerarik ez zuen kasik Espainiako presidenteak. PP eta haren bueltako hainbat komunikabide arduratu ziren horretaz. Sortuk estatutuak aurkeztu eta hilabete pasatu baino lehen, estatuaren abokatuak eta fiskaltzak Sorturen erregistroaren kontrako auzibidea jarri zuen Auzitegi Gorenean, eta martxoaren 30erako etorri zen debekua.

Konsituzionalaren erabakia

Konstituzionalean zegoen azken aukera. Ez zuten berehala jo hara Sorturen sustatzaileek. Gorenaren erabakiaren aurka, manifestazioa egin zuten milaka lagunek Bilbon, Bakerantz, legalizazioa lelopean. Maiatzaren 18an aurkeztu zuten babes helegitea Konstituzionalean. Urtebetera etorri zen erantzuna, 2012ko ekainean: legeztatu egin zuten Sortu. Tartean, Bildu ere legeztatu zuten, eta, ordura arte, independente gisa aritu ziren ezker abertzalekoak.

Boto bakarraren aldeagatik hartu zuten erabakia Konstituzionaleko epaileek. PP zegoen ordurako gobernuan, gehiengo osoarekin, baina auzitegia berritu gabe zegoen. Ez zuten merke ordaindu botoa legeztatzearen aldeko jarrera agertu zuten epaileek. Haien argazkiak azalera eraman zituen, esaterako, La Razon egunkariak. Titulu nagusia: «ETAri arnasa». Pascual Sala presidentea jarri zuen argazki nagusian ABC-k: «Konstituzionalak men egin die etazaleei».

Mariano Rajoyren gobernuko ordezkariak ere ez ziren pozik geratu erabakiarekin, ebazpenak hainbat baldintza jaso arren Sortu legezko mantentzeko. «Nahiago nuke Sortuk legez kanpokoa izaten jarraituko balu», esan zuen, adibidez, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak. Hark bezala, EAEko PPko presidente Antonio Basagoitik ere «berrogeialdia» agindu zuen, eta lupaz begiratu zuten ondorengo hilabeteetan ezker abertzaleko alderdi berriak egin zuen guztia.

Legeztatu eta bost hilabetera ekin zioten Sortzaile eratze prozesuari, 2012ko azaroan. «Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren ondarea eta, aldi berean, Zutik Euskal Herria ekarri zuen eztabaida estrategikoan egindako eguneratzea jasotzen dituen antolakundea izango da Sortu», aurreratu zuten. 2013ko otsailera arteko prozesuaren ondoren egin zuten lehenengo kongresua, Iruñeko Baluarte jauregian. Hasier Arraiz izendatu zuten presidente, eta hutsik utzi zuten idazkari nagusiaren kargua, Arnaldo Otegi kartzelatik irten arte. «Mentalitatearen iraultza» eskatu zuen ziegatik Otegik: «Jabetzen gara lan historiko itzela dugula? Ala uste dugu ezberdintasuna dela borroka armatuaren desagerpena?».

Sortu izan da geroztik ezker abertzalearen erreferentzia nagusia. Norabide aldaketa hasi eta sei urtera, Abian prozesua jarri du martxan ezker abertzaleak, «arnasa luzeko birdefinizio eta eraberritze estrategikoa» helburu.

BERRIAn argitaratua (2016/02/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA