astekaria 2019/08/02
arrowItzuli

iritzia

Denbora

Saioa Alkaiza Guallar

Denbora Saioa Alkaiza Guallar

Bere buruaren performance bat da denbora udan, ez baitute tempo bera abuztuko egun sargoriek eta urtarrileko astegun buruzuriek, ez erritmo antzekoa segundoek eta minutuek; beste tamainaren bat hartzen dute presentziak eta espazioak. Alegia, orain freskoago dagoela mostoa eta biziago kalea.

Esther Ferrer sortzaile eta performance egilearen agerpen bat oroitarazten didate denbora-neurriek. Donostian izan zen, hitzaldi batean: solas egiten ari zen, bere lanaren zentzua eta zentzu eza azalduz, eta, bat-batean eten bat egin zuen, «denborak markak uzten ditu», esanda. Esan, eta isilik geratu zen. Aurrera begira. Kieto demonio. Denboraren pisutsua agerian utziz, entzuleek betetako Artelekuko gelak deserosotasuna eztul bihurtzen zuen bitartean. Lurrera begiratzen zuen jendeak artistaren begiradari eutsi ezinik. Olioaren dentsitatea hartu zuten minutuek. Geldotasuna atmosferan. Hitzari ekin zion gero berriz, natural eta egindako geldialdia aipatu gabe. Gorputz egin zuen denbora.

Segitu zuen hizketan sortzaileak, eta, halako batean, Mediterraneo itsasoan hildako migratzaileak aipatu zituen. Hildakoak zenbat ziren esan zuen. Orduko zifra zehatza jakinarazi eta, gero, banaka-banaka eta tarte handiz gogoratu zituen sistemak migratzera behartuz eraildako horiek, izenak jakin ezin ez, eta zenbaki bidez. Murtxikatu egiten zuen hitz bakoitza, mantso, eserita eta aurrera begira: bat (isilunea), bi (isilunea), hiru (isilunea), lau (isilunea), bost (isilunea), sei (isilunea), zapi (isilunea), zortzi (isilunea), bederatzi (isilunea), hamar (isilunea), hamaika (isilunea), hamabi (isilunea), hamahiru (isilunea), hamalau (isilunea), hamabost (isilunea), hamasei (isilunea), hamazazpi (isilunea)… Pertsona bilakatu zen denbora; aitortza, eskainitako tartea.

Harluxetentzat gauzak gertatzen eta izakiak aldatzen diren bitarte mugagabea da denbora; edo, bestela, hizkuntzalaritzan, kontzeptu nozionala da, aditzak adierazten duen ekintza kronologikoki noiz gertatu den azaltzen duena; fisikan, oinarrizko magnitudea, omen, espazioko puntu berean izandako bi gertaera berdin bereiztea ahalbidetzen duena. Zenbat irauten du, baina, denborak? Zenbat, 29 urte kartzelan pasa dituenarentzat? Bertan segitzen duenarentzat? Zenbat, patera batean dagoenarentzat? Zenbat, muga pasa ezinik bizia arriskuan jarriko duenarentzat? Zenbat minutu dauzka ordu batek norberaren azalean?

BERRIAn argitaratua (2019/08/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA