politika
«Konfiantza eskatzen dut»
Joxerra Senar
Horregatik, ordubeteko hitzaldian, elkarrizketaren eta akordio politikoaren aldeko apologia egin du Txibitek. PSNko hautagaiaren arabera, azken asteetan, Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazio prozesuak eta Espainian porrot egindako lehen inbestidura saioak agerian utzi dute adostasunak lortzen saiatu behar dela: «Gizarte osoaren interesen alde egiteko helburuarekin egin behar dira akordioak, eta ez soilik alderdien estrategia modura». Haren ustez, desadostasunak albo batera uztea nahi dute herritarrek, eta horrek exijitzen du desadostasunetan ez kateatzea. «Aitzitik, zenbaitek uste dute hitzartzea amore ematea dela, eta negoziatzea, trukean aritzea. Nik horiei eskatzen diet entzun dezatela zer dioen gizarteak».
Horregatik, lortutako itun programatikoari balioa eman nahi izan dio Txibitek: «Akordio zabala da, eta elkar ulertzeko ahalmenari esker gauzatu ahal izan da». Era berean, hautagai sozialistak goraipatu du «ezkerraren eta nazionalismoaren arteko itun bat» dela. «Ez da lehen aldia: ez Nafarroan, ez eta Espainian ere. Akordioak eraginkorrak izan ohi dira eragileak zentraltasunean kokatzen direnean eta sakoneko gaiak lehenesten dituztenean, albo batera utziz demokrazian legitimoak diren desadostasunak».
Zentraltasunaren ideia goraipatu du. Haren esanetan, izan ere, «herritar guztientzako gobernua» izango da, eta kontuan hartuko ditu «beste alderdiei botoa eman dieten herritarrak ere». Izan ere, Txibiteren ustez, gizarte osoak ditu aurrean dituzten erronkak. Horregatik, kontsentsurako deia egin du: «Prozesu honen guztiaren beroa pasatzen denean eta arreta mediatikoa itzaltzen denean, egunerokoaren normaltasunera itzultzen garenean, desberdinen arteko akordioa, posible soilik ez, errealitate izango da». Txibiteren arabera, gobernuak zentraltasuna izango du jarduteko ardatz: «Ezer arriskuan jarri gabe, hondamendirik eragin gabe». Lehendakarigaiaren esanetan , gobernuaren helburuen artean daude, besteak beste, Nafarroaren garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzea, desberdintasunen aurka egitea, eta «leialtasun instituzionalaren barruan autogobernua defenditzea».
40 minutuz, akordio programatikoaren nondik norakoak laburbildu ditu Txibitek, baina herritarrei gonbit egin die dokumentua bera zuzenean irakur dezaten. «Zarata alde batera utzi eta ikuspegi kritiko batetik baloratzeko». Hainbat gairen artean, iragan hurbileko memoriaren garrantzia azpimarratu du: «Urte eta erdi da ETA desagertu zela, eta zortzi urte terrorismoa utzi zuela. Izu politikoak memorian geratu behar du, baina inoiz hartu behar ez zen bidearen ardura izan zutenek egindako mina aitortu behar dute, akatsak onartuz».
Hizkuntza politikari dagokionez, «kontsentsua» aipatu du: «Horrek laburbiltzen du hizkuntza politika». Txibitek beharrezko ikusten du euskararen inguruko «akordio sozial eta politiko zabal bat lortzea, ez dadin alderdien interesen menpe geratu eta konfrontaziorako erabili». Gobernuak 1986ko Euskararen Legea hartuko du oinarritzat: «Errealitate soziolinguistikoaren arabera egingo da edozein araudi aldaketa edo garapen, erabilera sustatuz eta borondatea eta aukeren berdintasuna oinarri gisa hartuz».
Beste taldeei erantzuna
Hitzaldi nagusia amaituta, taldeei erantzun behar izan die hautagaiak inbestidura saioan. Javier Esparza Navarra Sumako eledunaren diskurtso gogorraren aurrean, Txibitek ohartarazi du «23 parlamentari 20 baino gehiago» direla. «Demokraziaren funtsa da gehiengoak osatzea. Ematen du eskuinak ez badu gobernatzen ez dagoela gobernu legitimorik. Ulertzen dut zure etsipena». Suminduraren estrategia alboratzeko eskatu dio Esparzari.
EH Bilduk galdera egin dio Txibiteri: legealdian nora begiratuko duen, eurengana edo eskuinera. «Guk herritarrei eta haien interesei begiratuko diegu», erantzun dio Txibitek, eta oposizio eraikitzailea egiteko eskatu. Zilegitzat jo du EH Bilduk aurreko gobernuaren lana aldarrikatzea: «Baina hura beste gobernu bat zen, beste garai bat».