bizigiro
Piztutakoa ez dadila itzali
Ane Insausti
Amaitu da Euskarabentura espedizioaren bigarren aldia. Hilabetez Euskal Herria zeharkatu dute 121 gaztek, Maulen hasi eta Getxoraino, zazpi probintzietatik pasatuta; lagun ugari egin eta hainbat herri ezagutu dituzte.
Algortan (Getxo, Bizkaia) egin dute amaitzeko ekitaldia, Musikabarri aretoan. Emozioz betetako saioa egin dute, Bizkaia Zubia zeharkatu eta Algortara oinez joan ostean. Espedizioko bideo eta argazkiak ikusi dituzte aretoan, eta elkartekideek hartu dute lehenengo hitza, euskararen abenturan jarraitzeko mezua zabalduz: «Benetako abentura orain hasten da».
Hala berretsi du iaz jzioquitar izan zen Jon Riverok ere, oholtzan lekukoa aurtengo gazteei pasatu aurretik: «Piztu duzue euskararen izpia, eta orain mantentzen saiatzea dagokizue».
Aurten bitan etorri dira bisitan iazko jzioquitarrak, belaunaldi arteko egunak ospatzera aurtengo ibiltariekin. Euskarabentura egitasmoak sortzen duen harreman sarea handituz doa, eta, bigarren espedizioa amaituta, Euskarabenturako komunitatea handitzen jarraitzeko asmoa dute guztiek.
Iaztik hona bere hizkuntza ohiturak aldatzea lortu duela azaldu die Riverok ibiltariei, eta hori Euskarabenturak ahalbidetu diola.
Jzioquitarren lekukoa lehen belaunalditik bigarrenera pasatu dute ondoren, eta talde bakoitzeko bi ordezkari igo dira oholtzara, antolatzaileei eta lagunei eskerrak ematera eta haiek agurtzera: «Ez dugu nahi hau agur bat izatea, gero arte bat baizik», esan du gazteetako batek. Bakoitzak diploma bat ere jaso du, oroigarri gisa.
Gazteen indarra
Bideratzaile lanak egin dituzten elastiko urdindun guztiak bat datoz talde oso indartsua etorri dela. «Aurten bazekiten nora zetozen; espektatiba zehatzekin etorri dira espediziora», adierazi du Ane Pedruzo elkartekideak.
Hitzaldi eta dinamiketan izan duten jarrera txalogarria dela uste du June Telletxea xerpak: «Oso jarrera ona izan dute, eta batzuetan lo hartu badute, leher eginda zeudelako izan da; ulertzekoa da».
Bat egin du horrekin Pedruzo gasteiztarrak, ibiltariek «jarrera aktiboa» eta «jakin-mina» erakutsi baitute, haren arabera.
Gazteek euskararekiko eta gizarte gaiekiko inplikazio eta kontzientziazio handia izan dutela nabarmendu dute bideratzaile urdinek, eta duten adinerako oso helduak direla.
Balorazioak egiteko goiz baldin bada ere, lehen inpresio «ona» izan du Pedruzok: «Gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea da espedizioaren funtsa, eta aurten ere lortu dugula uste dut».
Beste hiru helburu nagusiak ere bete dituztela uste du gasteiztarrak: gazte euskaldunen harreman sare bat sortzea, Euskal Herriko ondarea ezagutzea, eta, zuzenean zein zeharka, ekologia, feminismoa eta beste balio batzuk sustatzea.
Hori guztia, leku batetik bestera dabiltzan bitartean. Horrek dakartzan zailtasunak zailtasun, taldea tinko mantendu izana txalotu du Telletxeak: «Kaosaren barnean, oreka aurkitzea lortu dugu».
Edonori gomendatuko lioke xerpak Euskarabentura. Haren ustez, «espedizioan orduko 100 kilometro azkarrago handitzen eta heltzen» baita parte hartzailea.
Hizkuntza kontzientziaren kezkatik sortu zen Euskarabentura, eta «hemen geratzeko etorri den proiektu bat da», Pedruzoren iritziz. Uste du lantaldean energia nahikoa dagoela Euskarabenturak aurrera jarrai dezan: «Hirugarrena egongo da, ziur».