kirola
IBAN PARDO
«Kuadrillakoak elkartu eta ospatzea izan da txapelik handiena»
Iker Agirre Iraurgi
Lehenbizi, zorionak txapelarengatik. Zer moduz zaude?
Bueno, orain ongi, baina niri buruz egin diren iruzkin batzuei zer erantzuna badut. Ez zaizkit batere gustatu telebista emanaldian esandako batzuk, «istripuz izandako txapeldunarena», adibidez; haiek entzunda, badirudi zortez irabazi nuela. Hamar urte baino gehiago dira arautegia aldatu zutela, eta hark dio belarra denbora muga baino lehenago mozten bada isuna jarriko dela. Gabirondok saioa bizkor egin zuen, eta gero itxarotea egokitu zitzaion. Gu belarra ongi ebakitzera joan ginen, ahal zen azpienetik. Gainera, bagenekien zain egoteak isuna zekarrela, beste finalistek zekiten bezala, edota futbolariek dakiten bezala falta gogor bat eginez gero txartel gorria ikus dezaketela.
Zer gertatu zen finalean?
Gabirondori isuna jarri zioten lana azkar bukatu zuelako, eta azken pisaketan isun horrek berebiziko eragina izan zuen, bi kilo eta erdiren aldea atera bainion, eta isuna hogeikoa izan zen. Ni ere bi kilogatik galdutakoa naiz isuna jaso ondoren, baina jokoaren zati bat da hori. Proba bukatu, eta Etxeberriak zioen iaz denbora bukatu aurretik moztu zuela belar guztia eta eserita egon behar izan zuela zain, baina hartan, isuna jasota ere, irabazi egin zuela. Batzuetan irabazi egiten da, eta besteetan, galdu. Belarra ongi moztea da kontua, eta denbora gehiago hartuz egiten bada, ez ditut ulertzen kexak. Baina tira, kuadrillako denak elkartu ginen gero, eta ederki ospatu genuen; hori da txapelik handiena niretzat.
Izan al duzu txapelarekin gozatzeko astirik?
Gutxi, egia esan. Bostak hamar gutxitan jaiki nintzen hurrengo egunean, seietan lanera sartzeko. Asteasutik ordu biak aldera itzuli ginen, eta, bazkaltzen ari ginela, alkateak deitu zigun, herrian harrera egin behar zigutela. Zazpi eta erdiak aldera joan ginen udaletxera, eta han bertsoa entzun eta hitz batzuk esan nituen balkoitik. Hori izan zen unerik okerrena niretzat; eskerrak lagunak bertan nituen. Bide batez, lagundu zidaten denei eskerrak emateko baliatu nuen, urte askoren lana izan baita txapela. Gero etxera joan, lo egin, eta txirrina entzutean, jaiki eta lanera joan nintzen.
Non zabiltza, bada, anean?
Lasao izeneko enpresa batean, Azpeitira bidean. Hirurak arte lanean egon nintzen, eta gero, etxera.
Nola prestatu duzu aurtengo txapelketa?
Aurtengoa besteen berdintsua izan da. Urtero bezala, prestatzaile fisiko bat hartu genuen, eta hark esaten zidan zer egin, zer jan... Halere, prestaketak baino gehiago lagundu dit esperientziak. Gainera, orain ez dut izan etxean lagunduko didan inor. Lehen, bi urtetan ibili nintzen Erasunekin, eta beste bat Etxetxorekin, baina aurten zorrotzailearekin bakarrik. Zorrotzaileak laguntzen zidan arren, noizean behin egoten nintzen harekin, probaren bat nuenean bakarrik. Eguneroko jardunean ez dut izan inor irakasten, eta horrela joan ginen txapelketara, erdi itsuan.
Zure kontura, nolabait?
Bai, hala da. Ez da hain erraza: dena ez da festa. Nik taldeko kideei 600 euro ordaintzen dizkiet, parte hartzeko bakarrik; 50na euro buruko. Prestakuntzaren beste zatia belarra da: batzuetan gehiago ebaki dezakezu, besteetan gutxiago; eguraldiaren arabera izaten da hori. Nik, zorionez, bi baserritarren belardiak moztu ditzaket. Bizi osoan ordaindu ezingo diedan zorra da.
Aspalditik al zabiltza segan?
Aurten seigarren aldiz atera naiz txapelketan. Hasi eta bigarren urtean kale egin nuen, eta, hartaz geroztik, bost jarraian daramatzat. Beraz, zazpi urtetan, sei aldiz hartu dut parte.
Zer motatako segak erabiltzen dituzu?
Txapelketan erabiltzen ditugunak Bellota etxekoak dira. Urretxun egiten ziren, baina duela 35 urte itxi zuten enpresa. Beraz, orain erabiltzen direnek gutxienez 35 urte dituzte. Orain, Austriatik ekartzen dituzte; ni horiekin entrenatzen naiz, eta gustura nabil, baina nahiago ditut hemengo zaharrak, Bellotarenak. Arinagoak dira, eta oreka ere hobea dute.
Nolakoa da segaren osasuna gaur egun?
Txarra, oso txarra. Ni gustatzen zaidalako nabil, baina gaizki ikusten dut. Ez dut ikusten inongo laguntzarik, gainera. Auzoren batera joanez gero festetara, aizkoran arituko dira, edo harria jasoko dute; sega ez da ikusten. Eta Bizkaira joanez gero, ez dago segalaririk, ezta Nafarroan ere, ezta Araban ere. Bederatzi lagun irten gara aurtengoan, denak gipuzkoarrak. Eta berria, bakarra.
Zestoako lehenbiziko txapelduna zara, ezta?
Bai, kategoria absolutuan bai. Badira txapeldun gehiago noski, igerian eta pilotan adibidez, baina absolutuan lehenbizikoa naiz. Ez dut uste, gainera, besterik egongo denik. Sega, tamalez oso gaizki dago; galera besterik ez dakar.