mundua
FERRAN REQUEJO
«Generalitateak ezin du etsi autonomismo areagotu batekin»
Igor Susaeta
Oso gertutik erreparatu dio eta erreparatzen dio prozesu subiranistari. 2013 eta 2017 artean Kataluniako Gobernuak hauspoturiko Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeko kidea izan zen, eta, joan den urriaz geroztik, Generalitatearen Autogobernuaren Ikerketa Institutuko zuzendaria da. Kataluniako alderdi politiko independentisten arteko tirabirez galdetuta, adierazi du «nahiago» duela horiez ez hitz egin.
Ezinezkoa dirudi Generalitateak eskatzen duena gertatzea; hau da, Espainiako Gobernuarekin erreferendum lotesle bat adostea. Beraz, oraintxe, zer bideri jarrai diezaioke Kataluniako subiranismoak?
Aurten institutuan egin dugun txostenetako batek markatzen ditu jokaleku posibleak, bide posibleak, bai estatuko instituzioentzat, baita Kataluniakoentzat ere. Ez dira jokaleku berak; hau da, ez da egoera simetriko bat. Generalitateak hiru bide ibil ditzake. Batetik, Eskozian egin zutenaren moduko erreferendum lotesle bat eskatzen jarraitzea. Bigarren aukera litzateke autonomia estatuen eredua gaindituko zuen bestelako lurraldetasun eredu bat adostea [Madrilekin]. Eta hirugarren bidea da aldebakartasunaren estrategiari segitzea. Generalitateak jada egin ezin duena da ez mugitzea, statu quo-a mantentzea; ezin du etsi autonomismo areagotu batekin.
Estatuak gauza gehiago egin ditzake. Birzentralizatu egin dezake, esaterako: ez mugitzearen aldeko hautua egitea, eta PSOEren gobernua hori ari da egiten, PPrenak egin zuen bezala. Bestalde, 155. artikulua aplika dezake, eta hirugarren bide bat litzateke autonomia areagotzearena. Beste bi aukerak, lurraldetasun eredua gainditzea, edo erreferendum bat adostea, ez dirudi egungo gidoian daudenik. Beraz, batzuen zein besteen bideek ez dute topo egiten.
Oinarrizko arazoa da, funtsean, nola egokitu pluralismo nazionala demokrazia berean. Eta hori konpondu daiteke bai independentzia erreferendum adostu baten bidez, baita lurraldetasun eredu berri bat adostuz ere. Politika konparatuan badaude irtenbideak.
Zer bideri jarrai diezaioke Generalitateak?
Independentzia galdeketa bat aldarrikatzen du; hau da, 2017ko urriaren 1ean egindakoa egitea, baina [Madrilekin] adostuta.
Madrilen jarrera aintzat hartuta, horrek zientzia fikzioa dirudi uneotan.
Bai, errealistak izanez gero, hori zientzia fikzioa da uneotan, baina aukera horren alde egin du egungo Generalitateak. Baztertzen ez duen beste aukera bat da negoziazio prozesu batean sartzea. Pedralbesgo adierazpena deitu zitzaion joan den Gabonetan bi gobernuek Bartzelonan egindako bilerari. Bide horretatik jarraitu dezakete, baina hori ere politika fikzioa da. Beraz, estatuaren aldetik ez dago arazoa konponbidean jartzeko biderik. Esaten dut gatazka izoztuta dagoela, eta, dirudienez, hala jarraituko du.
Duela bizpahiru urte gauzak korrika eta presaka egin zirela iruditzen zaizu?
Ez nuke esango gauzak azkarregi egin zirenik, baina beti errepikatu izan dut data batzuk ezartzea hutsegite bat izan zela. Hemezortzi hilabete famatu horiena hutsegite bat izan zen, zeren gauzak, politikoki, gehiago prestatu behar baitziren. Balizko jokalekuak kontuan hartuta, ekintza plan zehatzak egin behar ziren, eta hori ez zen egin.
Ez duzu gaizki ikusten bide instituzionalari segitzea, eta erreferendum lege baten proposamena planteatzea Espainiako Kongresuan. Juan Jose Ibarretxek bere planarekin 2005ean egin zuenarekin moduko zerbait egitea, alegia. Zer helbururekin?
Helburua litzateke, besterik gabe, Kataluniatik egiten den oro legez kanpokoa, antikonstituzionala dela esaten duten hori moztea. Nahiz eta zuk pentsatu gauza batek ez duela biderik egingo, ez du esan nahi ez zaizunik planteatzea komeni; sinpleki, bestea desakreditatzeko. Niretzat, inteligentea litzateke Kataluniatik halako zerbait planteatzea. Halere, ezin duzu hori soilik egin, badakizu-eta ia biderik ez duela egingo. Baina modu horretan nazioarteko beste eragile batzuen aurrean berrindartzen zara.
Iraupen ertaineko lasterketa bat da hau. Honek urteak iraungo du, eta epe motzerako zein luzerako estrategiak planteatu behar dituzu.
Nazioarteko eragileen arreta erakartzeaz mintzo zara. Baina EB Europako Batasunak, orain arte behintzat, edo beste aldera begiratu du, edo Espainiaren alde egin du.
Europako Batasuna badakigu estatuen klub bat dela. Estatua ez bazara, ez dizute kasurik egiten. Prozesu honi kasu egingo dioten azkenekoak estatuetako gobernu zentralak izango dira. Dena den, ez dute jokatzen bloke moduan. Ikusi beharko da zer gertatzen den brexit-arekin, nola geratzen den Europako Batasuna horren ondoren... Badaude, gainera, estatuak ez diren eragileak: Europako Parlamentua, nazioarteko erakundeak, giza eskubideen aldagaia dago, gizarte zibilarena... Hau iraupen ertainekoa denez, ez da komeni azken asteko goiburuari heltzea.
Desilusioa hartu duzu EBk jokatutako rolarekin? Duela bi urte adierazi zenuen Katalunian errepresioa egonez gero EBk «rol inportantea» jokatuko zuela.
Politikoki ez dut ezustekorik hartu. Beste gauza bat da zer gertatuko den eskubideen eta askatasunen kontuarekin; tira, Espainiako Estatuari eman dizkiote jada zartada batzuk...
Zer gertatu beharko litzateke Espainiak mugimenduren bat egin eta gatazka konponbidean jartzeko? Epe ertainera badago horretarako aukerarik?
Ez. Espainiak mugimenduren bat egingo du beste erremediorik ez duenean. Horretarako, bi aldagai konbinatu beharko lirateke. Batetik, presio handia egitea barrutik, Kataluniatik: grebak, desobedientzia zibila, mobilizazioak... Hau da, Katalunia arazo ekonomiko eta politiko bat izan dadila Europarentzat. Eta, bestetik, nazioarteak presio egitea.
Nola sustatu Europarentzat arazo izango ziren ekintza horiek?
Orain arte egin dira manifestazioak, errepresioari emandako erantzunak egon dira... Baina oraingoz ez da egin mobilizazio, nolabait, borrokalariagorik. Ikusiko dugu ea alderdiak... Izan ere, haien artean lehiatzen dira, eta hori da Kataluniako mugimendu independentistaren ahulguneetako bat.
Subiranismoa konformatuko litzateke independentzia galdeketa baztertu eta lurraldetasun eredu berri baterako prozesua hastearekin?
Posible da. Edukia hartu beharko litzateke kontuan. Hau da, egongo balitz itun berri bat, arau, demagun, konfederaletan, federaletan edo dena delakoetan oinarritutakoa, eta finantzaketa arazoak konponduko balira... Hori dena Espainiaren bestelako eraikuntza bat litzateke. Galdera da ea Espainiako alderdiak, eta Espainiako kultura politikoa, zeina oso primitiboa den, trasnsbertsala ezkerrera eta eskuinera, hasi daitezkeen bide hori ibiltzen.