astekaria 2019/08/02
arrowItzuli

iritzia

Bortxaketaren kultura: oraindik gure artean jarraitzen du?

Nahia Idoiaga Mondragon

Bortxaketaren kultura: oraindik gure artean jarraitzen du?

La Manadako azken sententziak sexu eraso hura bortxaketa bat izan zela onartu du. Guri hain argia iruditzen zaiguna epaileek onartzeko prozesu judizial oso luzea eta aurrekaririk gabeko protestak beharrezkoak izan dira eta argi utzi digute bortxaketaren kultura oraindik indarrean dagoela gurean.

Baina zer da bortxaketa kultura? Bortxaketa kultura eraikuntza soziala da: gizabanako zein gizartearen mailan eta beronen bidez, sexu-indarkeria urteetan zehar iraunkorra eta justifikatua izan da. Hau da, bortxaketa kulturak bultzatutako uste eta balioek bortxaketa onartzen duen ingurunea sortzen dute, emakumeen sexu-objektibazioaren, biktimen estigmatizazioaren eta bortxaketaren justifikazioaren bidez. Bai, bortxaketa bera edo sexua erasoa justifikatzera ohitu gara urteetan zehar eta errotik aldatu beharra dago hainbestetan irentsi behar izan duguna.

Bortxaketa kultura hori hainbat mitotan oinarrituz dago eraikia. Mito hauek bortxaketari, bortxatuei eta bortxatzaileei buruzko estereotipo edo sinesmenen faltsuak dira, zeintzuek bortxaketen biktimen aurkako ingurunea bultzatzen duten, arreta berriro ere biktiman jarriaz eta erasotzailea planotik desagerraraziaz. Mito hauek ugariak dira, baina gure gizartean identifikatutako mito ohikoenak hauek dira: «Berak eskatu zuen»; «Nahi zuen»; «Gezurretan ari da gertatutakoari buruz»; «Ez zen bortxaketa izan, nahitako harremana baizik»; «Bortxatzaileak ez zuen minik egin nahi»; «Bortxaketa ez da hainbesterako» eta «Bortxaketa gertaera desbideratu bat da, bortxatzaileak beraz gaixoak, ezin da esan gizartean zabaldutako praktika bat denik». Tamalez, baieztapen hauek ez zaizkigu arrotz egiten: sarri entzun izan ditugu komunikabideetan edo sare sozialetan, baina tamalez eta zoritxarrez baita gure ingurukoen artean ere.

Kalean hainbestetan aldarrikatutakoari erantzun nahirik sexu-eraso kasuetan justiziak benetan balio duen landu izan dute hainbat ikerketak, eta emaitza gisa aurkitu zuten justizia eragileetako erdiek bortxaketaren inguruko hainbat mito sakonki barneratuak zeuzkatela. Gainera, biktimaren eta artatzen zuten polizien arteko harremana ere mito hauek modu esanguratsuan baldintzatzen dutela ere frogatua izan da. Beraz, argi izan behar dugu erasoen aurrean oraindik sistemak ez gaituela babesten.

Biktimak erruduntzat jotzea ere bortxaketa kulturaren osagai bereziki garrantzitsua da. Sarri ikusi dugu nola biktimak errudun kontsideratuaz gertatutakoaren erantzule bihurrarazten diren, besteak beste, beraien erakargarritasunagatik, janzkeragatik, alkohola edateagatik, «segurua» ez zen eremu batean ibiltzeagatik, ezezagunekin ligatzeagatik edota «behar-beste» erasotzaileari kontra ez egiteagatik. Faktore hauek guztiek iradokitzen dute emakumeok hainbat «jokabide arriskutsu» ekiditen ez baditugu gertatu ahal zaigunaren erantzule bihur gaitezkeela. Eta bai, oraindik geure buruak babesteko eta seguru sentitzeko behar izan horretan gure askatasuna galtzen dugu sarri. Fokua gure babesean ipintzen dugu, maskulinitate toxiko edo hegemoniko erasokorra apurtzean jarri beharrean.

Orain gutxi IVECEko kasuaren harira sare sozialetan dugun harremantzeko eran gogoeta egiteko eskatu zuten hainbat erabiltzailek. Ez soilik baimenik gabe eduki sexualeko bideo edo argazkiak zabaltzeari buruz, baizik eta zergatik bereziki mutilen whatsapp taldeetan zein hainbat forotan (forocoches etab.) eduki guztiz sexista eta iraingarriak onartzen ziren aztertze bidera hausnarketa eta eztabaida eskatzen zen. Horiei aurre eginaz, laster plazaratu ziren #notallmen (ez gizon guztiak) traolpean hainbat erabiltzaile foro feministak beti gizon guztiak erruduntzen dabiltzala esanaz. Hausnarketa eskatzea erruduntzea al da? Zergatik hauteman zituzten hainbat gizonezkok lanketa eskaera hauek eraso gisara? Ba, esan bezala, bortxaketaren kulturaren baitan erantzukizuna biktimari egoztera ohitu garelako, bai biktimari edo biktima potentzialei, hau da, oraindik emakumeei dagokigu bortxatuak ez izatearen zama lantzea eta badirudi honetan guztian urteetan inposatu zaizkigun maskulinitate ereduek ez dutela zer ikusirik.

Beraz, bortxaketaren birkontzeptualizazioan hau guztia ere kontuan izan beharko genuke. Nola ari gara lantzen bortxaketa bera? Non jartzen dugu fokua? Eta zergatik sentitzen dira hainbat eta hainbat gizonezko erasotuak fokua beraiengan jartzean? Bai, bai, ez dira zenbaki hutsak: erasotzaile ia guztiak gizonezkoak dira; beraz, zergatik ez da bortxaketaren kultura gizonezkoek ere lantzeko gaia? Maskulinitate toxiko hegemonikoei aurre egitea beharrezkoa da, bai noski, haurtzarotik hasita, baita hainbat sektore profesionaletan ere (judizialean, polizialean, hezkuntzan etab.), baina baita kalean ere. Sisteman bortxaketaren kulturak indarrean jarraitzen duela esatea urrun geratzen zaigu, baina onar dezagun gure barnean ere badagoela eta landu dezagun, bestela ezinezkoa izango baita berarekin amaitzea.

BERRIAn argitaratua (2019/07/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA