astekaria 2019/08/02
arrowItzuli

gizartea

Lehen aldiz, uztailean agortu dira planetaren urte osorako baliabideak

Maite Asensio Lozano

Lehen aldiz, uztailean agortu dira planetaren urte osorako baliabideak

Data handi bat izaten du Global Footprint Network (GFN) erakundeak bere webgunearen azalean; planetaren aztarna ekologikoari dagokio, eta Lurrak bere gaitasun biologikoa gainditzen duen eguna adierazten du, hau da, urte osorako sortzen dituen baliabideak agortzen zaizkion unea. Eta aurten, lehen aldiz, abuztua baino lehenagoko data bat ageri da: uztailaren 29a. «Abenduaren 31ra arte zenbaki gorrietan egongo gara, urte osorako aurrekontu ekologikoa amaitu dugulako», adierazi du GFNk. Erakundeak gogora ekarri du Lurreko baliabide naturalak mugatuak direla, eta gizadiak urtero gainditzen duela muga hori: 1,75 planeta erabiltzen ditu. «Gure kapital naturala agortzen ari gara, eta horrek auzitan jartzen du etorkizunean gizateriak izango dituen baliabideen segurtasuna. Planeta bakarra daukagu; ezin dugu 1,75 erabili ondorio suntsitzailerik gabe».

Funtsean, gizakion jardunak eragiten duen ingurumen inpaktua neurtzen du aztarna ekologikoak: teknikoki, adierazten du biztanle multzo batek zer eremu biologiko behar duen kontsumitzen dituen baliabideak ekoizteko eta sortzen dituen hondakinak xurgatzeko. Kalkulu globalen arabera, planetako biztanle bakoitzari 1,8 hektarea dagozkio, baina munduko batez bestekoa hortik gora dago: 2,7 hektarea per capita. Horrek esan nahi du gizakiak baliabide natural gehiegi erabiltzen ari direla, eta planetak ez duela astirik ekosistemak birsortzeko edo oneratzeko.

Ildo horretan, GFNk nabarmendu du urtero aurreratzen dela planetaren gaitasun biologikoa gainditzen den eguna. Lehen aldiz, uztailean izan da aurten; iaz, abuztuaren 1ean izan zen, 2017an, abuztuaren 2an, eta 2016an, abuztuaren 8an. Joera horrek hartu duen abiadurarekin ere kezkatuta agertu da erakundea, azken hogei urteetan bi hilabete aurreratu baita zenbaki gorrietan sartzeko unea: 1970ean abenduaren 23an izan zen; 1980an, azaroaren 3an; 1990ean, urriaren 10ean; 2000n, urriaren 4an; eta 2010ean, abuztuaren 28an.

Datu globalak dira horiek, baina nabarmen ezkorragoak dira garatutako herrialdeetan. Europako Batasunak, adibidez, bi hilabete eta erdi lehenago gainditu zuen muga ekologikoa: maiatzaren 10ean; hau da, urte erdi baino gutxiago behar izan du urte osorako baliabide naturalak agortzeko. 2,8 planeta erabiltzearen parekoa da hori.

Hala ere, Amerikako Estatu Batuak daude aztarna ekologikoaren inguruko zerrenden buruan: bost planeta behar dira bertako herritarren kontsumoa asetzeko. Hain justu, AEBek martxoaren 15ean igaro zuten herrialdearen gaitasun biologikoaren muga.

GFNk eginiko kalkuluen arabera, Qatar izan zen bere ahalmena gainditzen lehen herrialdea, otsailaren 11n; Indonesia izango da azkena, abenduaren 18an. Badira muga hori oso goiz igaro duten hainbat herrialde esanguratsu: Kanadak, martxoaren 18an; Suediak, apirilaren 3an; Errusiak, apirilaren 26an; eta Alemaniak, maiatzaren 3an. Frantzia ere maiatzaren 16tik bizi da errentetatik, eta Espainia, hil horren 28tik. Gaur, aldiz, Brasil sartuko da zenbaki gorrietan.

Euskal Herrian eginiko azterketen arabera, biztanle bakoitzeko bost hektarearen bueltan zegoen aztarna ekologikoa krisi ekonomikoaren aurreko urteetan, eta 4,5 ingurukoa da egun, batez beste.

Emisioak gutxitzera

Aztarna ekologikoa handitzeak eta planetaren ahalmen biologikoa gainditzeko eguna etengabe aurreratzeak dakartzan arriskuez ohartarazi du GFNk: «Azkenean, gizadiak planetaren muga ekologikoen barruan funtzionatu beharko du. Lurraren gaitasunera egokituko da, dela hondamendien ondorioz, dela diseinu on bat egin delako».

Izan ere, gogora ekarri du baliabide naturalak gehiegi ustiatzearen ondorioak begien bistan daudela jada: basogabetzea, zorua hondatzea, bioaniztasuna galtzea edo karbono dioxidoa atmosferan pilatzea. «Horrek klima aldaketara garamatza, eta muturreko fenomeno meteorologikoak maizago jasatera». Prozesuak oraindik atzera buelta duela uste du erakundeak, hala ere: «Urtero bost egunez atzeratuko balitz planetaren muga ekologikoa gainditzeko data, 2050. urtea baino lehen planetaren gaitasunaren barruan biziko litzateke gizadia».

Ildo horretan, aditu askoren ikuspegiarekin bat etorri da GFN, eta berotegi efektua eragiten duten gasen emisioei erreparatu die: «Erregai fosilak errez isurtzen den karbono dioxidoak eragiten du aztarna ekologikoaren %60; emisio horiek %50 murrizteak ekarriko luke planetaren muga gainditzeko data 93 egunez atzeratzea». Gogora ekartzekoa da, ordea, beste norabide batean doala errealitatea: krisiaren garaiko beherakadaren ondoren, azken urteetan gora egin dute berriro karbono isurketek.

BERRIAn argitaratua (2019/07/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA