kultura
Eguzkiak euria irauli egin zuen
Allande Sokarros
Hala, Pagola herriak aurten paratu duen Domingo Garat trageria -pastoralaren izen zaharragoa da hori- baldintza hoberenetan pasatu zen. Larunbat euritsu eta igande goiz hodeitsuak ez zuen uzkurtu jendea, eta hiru milatik goiti ikusliarren txalo artean sartu ziren aktoreak entradako martxaren doinuan.
Frantxoa Caset herriko semeak idatzitako pastoralak 24 jelkaldi dituen arren, ikuskizunak hiru ordu eta erdiko iraupena ez zuen gainditu. Oholtza gainean, taula jokoen antzeztean, bertseten ematean, kantuen abestean eta Satanen dantza-jauzietan, arazorik ez zen sumatu. Teknikak, baina, ahulezia batzuk izan zituen, hala lehen jelkaldian nola pastoralaren bukaerako azken predikuan, aktoreek soinean zeramatzaten mikrofonoek akats batzuk izan baitzituzten.
Txalo asko zati batzuetan
Ikusleek gehien txalotutako zatiak aipatzekotan, zortzigarren eta hamahirugarren jelkaldian Domingo Garaten rolean ari zen Thierry Intxaztoitxipi sujetak eta Josep Garat anaiaren karguan zen Dominika Urrutik elkarrekin eman zituzten kantuak aipa daitezke. Egia da aurtengo sujetarekin kantuz ari zena sujet izan zela bera ere 2011. urtean Larraine herriak eman zuen Telesforo Monzon pastoralean. Zergatik, bada, larraintar bat ari zen Pagolako pastoralean? Emaztea hangoa baitu. Dena den, binakako kantu horietan gaitasuna, trebetasuna eta, oro har, erraztasuna denen begi bistako -edo, hobeto esanda, belarrirako- geratu ziren. Abestietan beti, publikoak asko preziatu zituen hamazazpigarren jelkaldiko atzainen kantorea, hemeretzigarren jelkaldian Frantxoa Caset pastoralaren idazleak eta haren anaia Andrek elkarrekin eman zuten abestia, eta 21. jelkaldian Delphine Urrutiager-Bartabordak abestutako Maddalen Larralderen kantua.
Dantzaren arloan, berriz, esku-zarta ederrak bereganatu zituzten Pette Jaragoien irakasle gazteak moldatutako hamahirugarren jelkaldiko sorkuntza lanak eta dantzarien interpretazioak. Jaragoienek eta haren aita Jakesek, gainera, lan oso handia egin dute Pagolan, satan dantzariak eskolatzeko. Ezen herri honetan aspalditik ez zegoen Zuberoako dantza-jauzi eskolarik, eta dena zeukaten hasieratik ikasi beharra.
Pastoral agerraldi baten aipamenean dena laudorio dela nolabait gezurtatzearren, salaketa moduko bat egin beharrik bada. Ezen, pastorala ematen zen jokalekuaren gibeleko partean, edanlekuaren aldetik, ikuskizunaren zati gehienean egondako zarata erabat nardagarria izan zen. Han ziharduten laguntzaileek, antza, axola oso gutxi zioten pastoralari. Une batean, besteak beste, beirazko botila hutsak lasai asko bota zituzten edukiontzira, egundoko harrabotsa eraginda. Ikusgarriak iraun zuen denbora ia osoa boz altuz eta irribarrez eta guzti aritu ziren. Baliteke goiko jarlekuetan zeuden ikus-entzuleak soilik asaldatzea, baina, nolanahi ere, agerian utzi zuten errespetu falta pastoralaren alderat zein aktore eta publikoarengan. Ea datorren igandean -agorrilaren 4an- egingo den bigarren agerraldian horrelakorik ez den errepikatzen.
Bigarren agerraldi horrek, gainerat, erranahi berezia izango du, 1789ko agorrilaren 4an baitzituen Frantziako iraultzaileen eskuetan zen Asanblea Nazional Konstituziogileak hainbat herritako azken askatasun arlo eta eskubideak ezabatu, errege pribilegioak apurtzeko aitzakian. Ipar Euskal Herriak, beraz, gau hartan galdu zituen geratzen zitzaizkion azken eskuduntza eta libertate jadanik oso murriztuak.
Ezpeize-Ündüreine irabazle
Pastoral bati ohiduraz ematen zaion amaiera berezitik ez zen saihestu Domingo Garat trageria. Izan ere, azken kantua ematetik eta eskertzetatik landa, antxerak edo enkanteak egin ziren. Horietan, Zuberoako dantza jauzi eskolak dituzten hainbat herri diru gehiago zeinek eman aritzen dira, pastorala eman den taulada gainean moñeiñak eta aitzina pika dantzak emateko ohoreaz jabetzeko xedean.
Lehen agerraldi horretan, Ezpeize-Ündüreine, Garindaine, Larraine, Maule-Lextarre, Urdiñarbe eta Zalgize-Iruri lehian ibili ziren. Ororen buru, Ezpeize-Ündüreinek eta haren hiru herri auzok irabazi zituzten enkante horiek, 2.100 euro eskainita. Maule-Lextarrek zion azken uneraino lehia egin. Pettarreko herri horiek enkanteetan garaile irtetea ez da batere ustekabea izan, zeren 2020. urteko pastorala Ezpeize-Ündüreinen gertatuko baita. Jean-Louis Davant zuberotar idazleak Abdelkader aljeriar emirraz ondutako trageria dute antzeztuko.