astekaria 2019/08/02
arrowItzuli

iritzia

Irabaziak

Onintza Enbeita

Irabaziak Onintza Enbeita

Sutan dago. Ez naiz bereziki harritu; izan ere, gauza askok ateratzen dute senetik. Ohituta gaude. Pozik hartzen dugu etxera datorrenero, baina gure ordena partikularra hankaz gora jartzen du. Agian horregatik maite dugu hainbeste, edo ez dakit. Gaurko gaia janaria izan da. Ezin omen du ulertu nolako janaria saltzen dugun txosnetan. Independentziaz, burujabetzaz eta ez dakit zenbat gauzaz hitz egiten omen dugu, eta gero, geuk kudeatzen ditugun eremuetan ez omen dugu ezer errespetatzen. Herrigintzak, kulturgintzak zein politikak garrantzia eman behar lioketela janariari esan digu. Badakit arrazoia duela, baina bere juramentu hotsak grazia egiten dit.

Baina bai, arrazoi zati bat badu. Aldarrikatzen ditugu hainbeste gauza oso ondo gelditzen direnak, baina gero, jaialdiak, kontzertuak, txosnak zein beste edozein gauza antolatzen dugunean, diruari ematen diogu garrantzirik handiena. Eta egia da nonbaitetik atera behar dela diru zikina ere, baina balantzan jarri behar genituzke irabaziak eta galerak. Ez bakarrik ekonomikoak, jakina. Herriko jaietan hasi eta zerbaiten alde dirua atera behar dugunero. Eta ez du balio gauzak merke egiteko modu bakarra betikoa dela esateak. Ezin dugu beti pospolotan aurrezten ibili, gero barraketan xahutzeko.

BERRIAn argitaratua (2019/07/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA