ekonomia
Ekonomia zirkularra eta legearen akuilua
Irune Lasa
De Rugyk dimisioa eman behar izan zuen, baina aurrera doa ekonomia zirkularraren lege egitasmoa. Irailaren amaieran aurkeztuko dute ofizialki Asanblea Nazionalean, udazkenean eztabaidatu eta onartu dadin. Datek badute garrantzia, batetik, Emmanuel Macronen gobernuak 2020ko martxoko udal hauteskundeen aurretik nahi duelako legea onartua, eta, bestetik, hori izango delako gaiari buruzko 2018ko zuzentarauaren transposizioa egiteko bidea.
Dena den, 2018ko apirilean Edouard Phillipe lehen ministroak iragarritako helburuez gain —zuzentarauak berak jasotzen dituenak—, legeak ez du xede berririk jaso. Eta, gainera, hainbat arlotan, erabakiak aplikazio dekretu bidez ezartzea aurreikusten du.
Gutxiago eta hobeto
Gutxiago eta hobeto ekoiztea, gutxiago eta hobeto botatzea, birziklatzea, konpontzea eta berrerabiltzea dira ekonomia zirkularraren azkenburuko helburuak. Eta xede horiek dituzte lege proiektuko neurriek ere.
Adibidez, kutsatzen duenak ordaintzen du printzipioari jarraituz, ekoizleen erantzukizun hedatua (REP, frantsesez) izenpean sektore gehiago sartuko dira —hamalau dira gaur egun—; alor horietako ekoizleek ere hasi beharko dute esku hartzen merkaturatzen dituzten produktuen hondakinen kudeaketan, eta horretan aritzen diren erakundeak finantzatzen. Ildo horretan, eraikuntza sektoreko materialen ekoizleek 2021ean euren ekarpena egin beharko dute eraikuntzako industriako hondakinak murrizteko eta berrerabiltzeko. Epe berean egin beharko du antzekoa industriak ere. Txanda urtebete beranduago —2022an— iritsiko zaie motorrei eta quadei; eta 2024an paper zapi bustiei.
Gaur egun ibilgailuekin erabiltzen den bonus-malus sistema ere zabalduko da REPeko sektoreetara. Ingurumen irizpideen arabera, produktu bat saritu edo zigortu egingo dute, haren prezioa gehienez %20 garestitu edo merkatu arte. Neurriok zenbateraino ordainduko ditu kontsumitzaileak? Ikusteko dago.
Dena den, erosleen mesederako izan daitekeen beste neurri batzuk jasotzen ditu lege proiektuak; besteak beste, kontsumitzaileek informazio gehiago izan dezaten. «Konpongarritasun indize» bat sortuko du gailu elektronikoentzat eta elektrikoentzat, energia tiketaren ereduari jarraituz. Gailu horiek dituzten matxuren %40 soilik konpontzen dira Frantzian, eta kopurua %60ra igo nahi dute.
Gailu horietako ordezko piezekin ere aldaketak izango dira: automobil konpontzaileek egiten duten moduan, behartuta egongo dira jada erabiliak izan diren piezak eskaintzera. Era berean, kontsumitzailea ordezko pieza horiekin hornitzeko epea murriztu egingo zaie: bi hilabetetatik hogei egunera.