astekaria 2019/08/02
arrowItzuli

politika

«Madrilek gauza batzuk esaten baditu, guk beste batzuk esan beharko dizkiogu»

Jon O. Urain

«Madrilek gauza batzuk esaten baditu, guk beste batzuk esan beharko dizkiogu»

Donostian alkateorde izan ondoren, Begoña Amunarrizek (Donostia, 1948) bi legealdi egin zituen Eusko Legebiltzarrean (1980-1986). EAJren Gipuzko Buru Batzarreko kide eta Euzkadi Buru Batzarreko idazkari izan zen 1987an, eta, urte horretatik 1991ra, EITBko Administrazio Kontseiluan aritu zen. Hiru hamarkada daramatza politikatik aparte, baina interes handiz jarraitzen dio.

Aita, gudaria; ama, preso izana. Politikarekiko grina etxetik jaso al zenuen?

Txikitatik bizi izan nintzen erresistentzia giro batean. Giroa hain zen kontrakoa, non umetatik ikusi bainuen beharrezkoa zela gauza batzuk defendatzea. Behin, kolegioan, zigortu egin ninduten euskaraz egiteagatik. Etxean esan nuenean, nire aita joan zen prefetarekin elkarrizketa bat eskatzera. Ikusi nuenean aita horren argi hitz egiten, jakin nuen duintasuna dagoela denaren gainetik, eta gauza batzuk defendatu egin behar direla, etsaia kontra baduzu ere eta indartsua bada ere. Horrek guztiak lagundu zuen nire abertzaletasuna garatzen.

Feminismoa duzu beste zutabeetako bat.

Umetatik, ez nuen ulertzen emakumeak nola egon zitezkeen hain baztertuta, nola ez ziren alor publikoan azaltzen, nola zituzten legeak kontra. Hezkuntza mojen eta fraideen esku zegoen, eta ematen zizkiguten baloreak ziren emakumeak obeditu egin behar zuela, eta gizonak agindu.

Zu zeu atxilotu egin zintuzten 1967ko Aberri Egunean, Iruñean. Nola hasi zinen politikoki militatzen?

Hemen [Donostian], nukleo txiki bat genuen, eta ibiltzen ginen propaganda banatzen, ikurrinak jartzen Aberri Egunaren bezperan... 1967ko Aberri Eguna izugarri gogorra izan zen; bezperatik joan ginen Iruñera, eta lortu genuen leku bat lo egiteko, pentsio batean, nahiz eta Poliziak emana zuen kaletik ibiltzeko debekua. Gaztelu plaza poliziek hartuta zegoen, eta gu libratu egin ginen goizean, baina, arratsaldean, Donostiara itzultzeko autobusa hartzear ginela, hiru atxilotu gintuzten. Noski, gezurra esan nien; ordu batzuk pasa eta gero askatu gintuzten.

Ikurrinak eta Iruñea. Zer iruditzen zaizkizu sanferminetako txupinazoan ikurrina zabaltzearen aurkako neurriak?

Ikurrina ez da bakarrik ikurrina, atzetik duen guztia ere bada. Gauza asko esan nahi ditu. Nafarroan egoera nola dagoen ikusita, jarraitu egin behar dugu. Azken hauteskundeetan, abertzaleek ez dituzte emaitza onak izan, eta badakigu zein daukagun aurrean, baina jarraitu behar da.

Zergatik aukeratu zenuen EAJ?

Nire lehen karneta 1977koa da. Beste mugimendu bat bazegoen, ezkerrekoa, baina nik beti bilatu dut oreka bat printzipioen eta pragmatismoaren artean. Hain gaizki geunden, ezen lehentasuna baitzen estatutu bat, Jaurlaritza, legebiltzarra eta kontzertu ekonomikoa izatea. Ez nuen zalantzarik izan.

Trantsizioan, alkateorde izan zinen Donostian. Nolakoa izan zen erakundeetarako jauzia?

1977ko hauteskundeen ostean, batzorde bat sortu zen, Ramon Jauregi buru. Nagusiki, bi gai atera genituen aurrera: planifikazio zentroak eta Udaltzaingoan andreak sartzea. Ondoren, Hiri Zerbitzuetako Batzordeko buru izendatu ninduten, eta, auzo bateko jaietara gonbidatu nindutela, esan zidaten ezin nintzela elkartean sartu, andrea nintzelako. Erantzun nien ohituz joan beharko zutela emakumeak ikustera. Tentsio handiarekin hasi zen afaria, baina, postrean, bertsolari bat altxatu zen, eta emakumeen aldeko bertso batzuk bota zituen; horrek zeharo aldatu zuen giroa, baina egunero genituen horrelakoak. Alderdiko gizon batzuek ezin zuten jasan. Orain, denek jartzen dute gorbata lila urtean behin. Lehen, izugarrizko faktura ordaindu beharra zegoen.

Fernando Otazu azken alkate frankistak, ordea, ez zintuzten ordezkari gisa aitortzen.

Ez zuen joan nahi. ETAk bonba bat jarri zion atarian, eta alde egin zuen. Orduan sartu ginen.

Garai nahasiak ziren, eta nazioarteak ere arreta jarria zuen. Baduzu pasadizo bat CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralarekin.

Nire aita urtero joaten zen gudarien bazkari batera, eta, behin, gizon bat azaldu zen bilerara, liburu bat idaztera etorri zela eta. Gernikako bonbardaketari buruzko datuak jaso nahi omen zituen. Nik ingelesez egiten nuen, eta itzulpenekin lagundu nion. Handik denbora batera, opari bat jaso genuen, laguntza eskertuz, baina denbora pasatu zen, eta ez genuen liburuaren berririk. Gerora esan zidaten CIAkoa zela, hemengo giroaren eta oposizioaren berri izatera etorri zela.

1980an, lehen legealdian aukeratu zintuzten legebiltzarkide. Lau emakume zineten. Nola sentitzen zinen gizonez betetako esparru batean?

Ohituta nengoen, baina gauza askotan tratua ezberdina zen. Batzuk, ondo, baina beste askori asko kostatzen zitzaien. Behin, tribunara atera nintzenean, beste parlamentari batek txistu egin zidan, eta presidenteak ez zuen bota; zorrotzagoak ziren gurekin... Diskriminazioa egunero bizi zen.

Aurtengo martxoaren 8an, Eusko Legebiltzarreko saioa bertan behera utzi zuten, quorum nahikorik ez zegoelako. Nola bizi duzu emakumeek politikan duten presentzian eginiko bidea?

Aldaketa oso inportanteak egon dira, baina beste batzuk daude: gaur da eguna Bilbon, Gasteizen eta Donostian ez duguna emakumezko alkaterik eduki; diputazioetan, berdin. Oraingo mugimendua azefaloa da: ez dago interlokutore bat; kalean dagoen mugimendu bat da, eta horrek oso gutxi kezkatzen ditu gizonak. Oso erraza da lazo lila batekin irtetea: denak ados gaude, baina denak segitzen du berdin. Bestetik, iruditzen zait eskaerak oso oinarrizkoak direla, eta beste maila batekoak egin behar direla.

1980ko hamarkadan alderdian ere eztabaidagai ziren gai batzuk (dibortzioa, abortua) normaltzat hartzen dira egun. Satisfazio pertsonaltzat daukazu?

Mamian, gaia zen emakumearen papera politikan. Ni EAJn aktibo nengoenean, afiliatuen %30etik gora emakumeak ziren, baina gero ez ziren inon ageri. Gogorrena zen ikustea zer rol betetzen zuten. Gizartea, alderdiak eta EAJ asko aldatu dira horretan.

Jaurlaritzan ere ez da lehendakari emakumerik egon. Ikusten duzu aukerarik laster?

Ez dut ikusten, oro har, beste erakunde batzuetan egondakoak izan direlako lehendakaritzara iritsi direnak. Ez baldin bada emakume bat udaletxe garrantzitsu batean edo aldundi batean trebatzen, gero oso zaila da. Ez badago diskriminaziorik eta ez badago emakumerik kargu horietan, horrek zer esan nahi du: hemengo emakumeek hain maila pobrea dugula?

Legebiltzarkide zinela gertatu zen EAJren eta EAren arteko zatiketa. Gogorra izan zen?

Oso. Zenbait une gogor bizi izan nituen legebiltzarkide nintzela: Nervacerokoen bahiketa eta 1981eko estatu-kolpe saioa. Baita Lurralde Historikoen Legeari buruzko eztabaida eta zatiketa ere.

Azken biek badute harremana.

Bai, baina ez hainbeste. Sektore kritiko esaten zigutenok defendatzen genuen herri hau oso txikia dela, eta egitura instituzional konplikatua daukala; gure kezka zen gastu publikoa asko haz zitekeela. Baina Emilio Gebara Arabako EAJko burua zegoen beste posizio batean, foralismotik zetorrena. Gainera, Arabak ez zuen bizi izan gure jazarpena, ez baitzuten probintzia traidore izendatu; funtzionamendu nahiko endogamikoa zuten. Gebara oso gogor aritu zen Lurralde Historikoen Legea bere ereduaren arabera atera zedin. Alderdiak erabaki zuen hari txeke zuri bat ematea, eta guri isiltzeko esan ziguten. Frustrazioa izan zen, argi bainuen beste eredu bat komeni zela.

Alderdiaren zatiketa beste kontu bat izan zen. Ez nengoen alde, ez niolako ikusten ideologikoki mamirik beste alderdi bat sortzeko. Niretzat faktura handia izan zen, alderdi barruan talde kritikoan ikusten nindutelako -uste nuen Garaikoetxea berriro aurkeztu behar zela lehendakarigai, ez nengoen ados Nafarroako zuzendaritza kanporatzearekin...-, baina nire jende gehiena EAra joan zen, eta ni egoera zailean geratu nintzen. Gerora, dena nahikoa kontra izan nuen. EAJk boto asko berreskuratu ditu, baina zauriak geratu dira.

Zauriak harreman pertsonalen hausturarekin daude lotuta?

Guk talde txiki bat genuen: lautik bi EAJn geratu ginen, eta bi EAra pasatu ziren. Agur afari bat egin genuen, izugarrizko penaz: konturatzen ginen ados geundela baina agurtu beharra genuela. Oso gaizki pasatu nuen zatiketarekin, eta ikusi nuen jende askok pasatu zuela gaizki. Frustrazio oso handia izan zen.

Zatiketa egon zenean, Gipuzkoak indar handia galdu zuen EAJn. Harrezkero, Bizkaiak beti izan du pisurik handiena, baina hori areagotu egin zen. Orain indar gehiegi daukate erakundeetan: Iñigo Urkullu eta Josu Erkoreka Jaurlaritzan, Aitor Esteban Espainiako Kongresuan, Izaskun Bilbao Europan, Andoni Ortuzar EBBko lehendakaritzan: denak bizkaitarrak. Herri hau ez da behin ere zentralista izango; orekak bilatu behar dira.

Testuinguru horretan heldu zinen EBBra.

Orduan aprobetxatu nuen Emakumeen Konbentzioa egiteko, baina, hainbeste lan egin eta gero, betoa jarri zidaten; ez zidaten utzi batzar orokorrean aurkezten ere. Orduan hartu nuen dimisioa emateko erabakia. Alderdian, estatutuak aldatu ziren. Ni hasi nintzenean, EAJ oso batzarrekoa zen, bateraezintasunak zeuden, eztabaida oso interesgarriak, izugarrizko bizitasuna... Gero, dena aldatu zen: goitik behera, batzarrek oso indar gutxi, bateraezintasunak alde batera utzi ziren.

Jarraitu duzu alderdian lanean?

Ez. Niretzat frustrazio bat izan zen; bokazioa oso gaztetik neukan, baina argi ikusi nuen nire zikloa bukatu zela. Halere, asko jarraitzen dut politika, nazioarteko albistegien bidez.

Eta ETBren bidez?

Programazioa ikusten dut, eta iruditzen zait eztabaidak gehiago direla entretenitzeko sakontzeko baino. Herri batean maila bat egotea nahi baduzu, programazio bat eduki behar duzu maila batekoa. Ez nuke jarriko programazio osoa entretenimenduaren bidean.

Zer moduz ikusten duzu Euskal Herriaren egoera gaur egun?

Duela 40 urte, ez nuen zalantzarik eduki herriak bide bat hartu behar zuela. Baina orduan galdetu izan balidate, gauza batzuetan ez nukeen asmatuko. Bat: estatutua ez betetzea. Bi: ez nuen uste izango emakumerik ez zenik egongo kargu batzuetan. Hiru: ez nuen pentsatuko presoen gaia dagoen bezala egongo zenik; penagarria da hainbeste preso ikustea baldintza horietan. Eta lau: ez nuen pentsatuko gaur oraindik ezingo genuela ereserki bat jo abertzale denek. Gauza asko defendatzen ditugu esanez nazio bat garela, baina gai izan behar dugu nazio bat egiteko.

Adibidez, zertan?

Espainiarekin besoak jaitsi dira batzuetan. Eneko Goiak konpromisoa hartu zuen zezenketei buruz galdetzeko. Handik hilabete batzuetara, Madrilek esan zuen ezin zela egin. Xativan [Herrialde Katalanak], 2016an, alkateak kontsulta bat egin zuen zezenketei buruz, eta harrezkero ez dago zezenketarik. Nola ez dugu ahalmena izango kontsulta bat egiteko?

Gauza asko ondo egin dira. Baina, beste batzuk ez baditugu abertzaleok mantentzen, garai jakin batean ez badago gatazka bat, ezingo dira lortu. Zer obsesio sartu zaigu pentsatzeko ezin dela ezer eskatu? Madrilek gauza batzuk esaten baditu, guk beste gauza batzuk esan beharko dizkiogu Madrili. Beldur naiz gauza batzuetan maldan behera goazela. Gauza askok behar dute alderdien gainetik.

BERRIAn argitaratua (2019/07/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA