astekaria 2019/08/02
arrowItzuli

kultura

OSKAR ALEGRIA

«Arbolak imitatzea da gure erronka»

Amagoia Gurrutxaga Uranga

«Arbolak imitatzea da gure erronka»

«Zumiriki. Ibai erdian dagoen irla». Hala jasoa du Jesus Alegriak Artazu jaioterrian (Nafarroa) galtzear diren hitzen bere hiztegian. Argan, Gorrizako zumirikia izan zuten haurtzaroko paradisu haren umeek; tartean, Oskar Alegria zinema zuzendariak. Presa batek ur azpian ezkutatuta dauka egun, baina, haien zumirikia; eta paradisu horretara itzultzen saiatu da zuzendaria, bere memoria eta gorputza filmeko aktore bilakatuta. Horretarako, egurrezko etxola bat eraiki du oihanean, zumirikiko zazpi makalak parez pare dituela: Nagusi, Adarra, Txima Luze, Galtzerdi, Lehorra, Seigarrena eta Eskeintza.

« Gaston Bachelardek erraten zuen: 'Gure lehendabiziko irudiak, beti, hiru dira: etxe bat, bide bat eta arbola bat. Badut etxe bat, badut arbola bat». Emak Bakia baita sarituan (2012) altxatu zuen etxea; Zumiriki-n, arbola jaso. «Biak lotuko dituen bideari buruzkoa egitea falta zait, trilogia osatzeko. Zumiriki trilogiako hirugarren alea da. Emak Bakia baita, lehena».

Egonaldia mundu zibilizatutik kanpo, norberak ur ertzean eraikitako txabola batean, naturari so... Zure lan berriaren abiapuntuak Henry David Thoureauren Walden dakar gogora.

Thoreaurena honelako esperientzien Biblia bihurtu da, nolabait errateko, baina badira Biblia ezezagunak ere. Nik hau memoria esperientzia gisa pentsatu nuen, eta ez iraute esperientzia gisa. Hau ez da edozein oihan, gainera. Ez naiz joan galdutako oihan ezezagun batera. Misterio ezezaguna misterio handiagoa da, baina ni etxeko misteriora joan naiz. Hau nire oihana da. Hau da nire Obaba, nire mundua. Amonaren bordan elkartzen ginenontzat, ibaiaz bertzaldekoa ertz basa eta misteriotsua zen.

Bordako ertza filmatu zizuen aitak haur zinela.

Aita Iruñera aldatu zen, baina beti izan du sorterria buruan. Beti ezagutu dut Artazuko hiztegia idazten, eta oraindik ere segitzen du galtzen ari diren hitz horiekin.

Super 8ko haren filmaketetan ere, badira zatitxo batzuk non, adibidez, landareak filmatzen eta landareon izenak aipatzen dituen. Beraz, hiztegi bisual bat egin zuen. Zergatik? Bere paisaia finkatzeko, uste dut. Aitak gure bakantzak filmatzen zituen, baina bere erromeriak eta bere paisaiak ere bai. Mendira joaten zen beti, eta filmatzen zuen. «Y ahí se ven los montes y ahí se ve Artazu. Y ahí se ven los montes y ahí se ve Artazu» [Hara hor mendiak, eta hara hor Artazu]. Hori zuen mantra. Eta hori, niretzat, altxor bat izan da; osatzeko altxor bat.

Ibaia zeharkatuz.

Bai. Aitak ertz bat filmatuta zeukanez, bestera pasatu nintekeela pentsatu nuen. Gainera, urrezko opari bat neukan: bi ertzen erdian zegoena; dagoena. Irla bat. Gure haurtzaroko jolastokia, arbolekin; konkistatzeko mundua; iraultzarena ere bai, debekatua genuelako arbola haietara igotzea.

Aitaren filmaketez gain, basoko egonaldia baino lehenago zeuk filmatutako zatiak ere badira. Lan honi begira filmatu al zenituen horiek?

Nik Ikuspuntu zinemaldian egiten nuen lan, eta tarte libreetan zakua betetzera joaten nintzen Iparralderat. Ikuspuntu utzi nuen, eta lan honen abiapuntu edo txinparta libertate momentu bat izan da; azken libertate handi momentua, agian.

Behin memoriaren Walden esperientzia hori eginda, nire estiloari eutsi nion: istorio nagusia desbideratze batzuekin aberasten saiatu naiz. Errekak emari nagusiarekiko emaile nola, halaxe dira istorioaren adar horiek ere enbor nagusiarekiko. Filmean agertzen diren Pirinioetako euskal artzain zaharrak, adibidez, naufragoak dira, bistan da. Gugana mutu heldu den Gure sor lekua filmeko paisaiari doinua ematen diotenek, berriz, galdutakoa berreskuratzeko miraria obratzen dute, zinemaz. Filma horretaz ari da, beti. Urperatutako irla bat ageri du. Lurrik ez da ikusten, baina arbolek erraten dute: Hemen datza. Eta han dago.

Arbolok dira memoriaren karabelako mastak.

Bai. Biologo, ornitologo eta abarrekin ibili naiz, baina ez diet kasurik egin. Etxola beste toki batean jartzea aholkatu zidaten, baina nik Nagusi eta bere semea ikusi nahi nituen, zumirikiko bi makal horiek. Haiei begira, azkenean, neure isla besterik ez nuen ikusten etxolatik. Arbolen artean dagoen hutsunea ikusten nuen.

Animaliak imitatzeaz ari gara beti, baina arbolak imitatzea behar luke gure erronka, ezinezkoa zaigun arren. Arbolek badakite auzolanaz, eta badakite zatika hiltzen —arbolak parte bat edo bi hilak izan ditzake, baina beste bat ez—. Arbolek ez dute ihes egiten. Ezin dutelako. Beren defentsa guztia, beraz, pazientzian dago. Etsaiak etorriko direla badakite, eta beti zain daude. Problema bat dutenean, ez dute ospa egiten. Animaliokin, problema ez da bukatzen; atzean uzten dugu problema. «Problema hemen dago, eta hemen bukatuko dugu», esaten dute arbolek.

Trilogia aipatu duzu lehen. Bai Emak Bakia baita-ri, bai Zumiriki-ri, hil hurreko distira jaso nahi bat darie.

Hiztegi guztia ezin da, baina azken hitza gurea da. Eta, ze kasualitate, nire aitak idatzi zuen hiztegi bat eta hango azken hitza Zumiriki zen, naufragio batetik salbatzen ahal dudan azken hitza.

Nortasun agiria bidoi batean abandonatu nuen, lurpean, oihanean. Nire nortasuna oihanaren bihotzean zegoela pentsatzen nuen. Giltzik, dirurik eta nortasun agiririk gabe bizitzea... Interesgarria da gogoeta egiteko. Behar ditugu giltzak? Behar dugu dirua? Behar dugu nortasun bat? Hor dago gakoa.

Eguna eta gaua nahastea ere bada zure laneko gako bat.

Fototranpeo kamerekin lortu dut hori. Esperimentu itzela izan da. Horri esker, misterioa argitzea baino gehiago, bazela banekiena badela frogatu ahal izan dut. Eta eskerrak hor dagoela! Hori izan da nire asmorik nagusia: beste ertzera pasatzea, misterioa oraindik han bizi dela jakiteko; misterioa zehazki zer den jakiteko asmorik gabe. Kamera horiekin gau guztia filmatzen duzu, eta agertzen dira bi pupila, eta ez dakizu zerenak diren.

Katajinetarenak dira begirik luzeenak.

Erbia zen Emak Bakia baita-ko animalia totemikoa, eta Zumiriki-n katajineta da. Kamikaze hutsa da, edonora sartzen da. Filmeko aktore izatea erabaki du.

Kamerak erosi nituenean, beste batzuk erostea aholkatu zidaten, animaliek suma ez zitzaten. Nik, aldiz, horixe nahi nuen. Zintzoa izan nahi nuen haiekin. Nik esan nahi nien: «Hemen nago, piztia berri bat oihan honetan». Eta lau hilabeteren buruan, usain propioa galtzen duzu, oihana bihurtzen zara, eta animaliak gerturatu egiten zaizkizu.

Inoiz hautsi al zenuen zure egonaldiaren diziplina? Hitz egin al zenuen inorekin, joan al zinen gertuko herrira?

Sekula ez. Eraman nituen bi oiloekin bakarrik hitz egiten nuen, eta ahotsa galdu nuen. Ez nintzen handik atera, eta hori, niretzat, inportantea zen. Nire gutizia bakarra txokolatea izan zen. Albisturrek egiten zuen bezala babestu nuen ene txokolatea: lurpean sartuta. Albisturrrek halaxe gordetzen zuen haragia, neolitikoan bezala.

Albistur. Francisco. Pertsonaia garrantzitsua zure filmean.

Iriberrikoa. Nire heroia. Gure ertzetik ikusten genuen. «Han, han! Azeriarekin doa!», oihukatzen genion haurrok elkarri bertzaldean agertzen zenean. Azeri bat etxekotzea lortu eta harekin ibili ohi zen. Gure oihuak entzun, eta ezkutatu egiten zen. Urik eta argindarrik gabe bizi zen bere baserrian, ehun behirekin. Naufrago bat, hura ere. Nire begietan, hegal egiten zuen gizon bat zen. Kablez zeharkatzen zuen ibaia, berak asmatutako zirga batekin. Alkandorarik gabe, eta koneju mordoarekin. Ez zekien igeri egiten. Dersu Uzala bat zen. Dirurik gabeko gizona. Ibaiaren gure aldean bizikleta bat gordetzen zuen, eta Iruñeko harategi baterat joaten zen trukera.

Dirurik ez, baina euskara bazuen.

Bai. Euskararekiko nire pasioa han sortu zen, ibaiaren bere ertzetik nire osabarekin —gure ertzarekin— euskaraz hitz egiten zuela. Eguneroko kontua zuten hura, angelusaren orduan. Biak ziren inguruotako euskaldun bakarrak. Niretzat, euskara zubi bat zen ibaian, Francisco Albistur mutur batean eta Vicente Barberia osaba bestean. Gogoan dut aitari galdetu niola behin: «¿Qué hablan éstos?» [Zer ari dira hitz egiten hauek?]. Aitak erantzun zidan: «De vacas» [Behiez].

Egun batean, erlojurik eta beste kontakturik gabe bizi zen Francisco Albistur ur ertzera hurbildu zen, eta hizketarako laguna falta. Hurrengo egunean, berdin. Gau horretan, zerbait hila zela pentsatu ote zuen Albisturrek? Hortik konektatzen du filmeko lau artzainekin. Bordan egin zuten azken egunean filmatu nituen. Uste dut artzain horiek izan ditudala zain egoteko maisuak. Eta filmeko nire naufragio kontrolatua bukatu denean, konturatu naiz niri ere bukatu zaidala zerbait.

Zer?

Nire haurtzaroa. Hau egitea, ibaiko bertzalde basan bolada bat egitea zen inportantea. Nire ametsa zen. Pelikula bihurtu da, baina bihurtu izan ez balitz ere, ametsa betea legoke.

Aitak ikusi al du filma?

Ez. Ama izan da lehen ikuslea. Filma bukatu eta ilunpean geratu ginenean, hala erran zidan: «Esto que has hecho es muy importante» [Egin duzun hau oso inportantea da]. Hitz haiek oso garrantzitsuak izan ziren niretzat. Memoria apaltzen hasia zaio amari, baina hangoa ez.

Aizu, oraindik ez dugu filmeko behiaz hitz egin.

Ez. Eta berak darama filma. Pentsa, jendeak ez zuen uste bizi zenik ere. Badago kontzeptu bat ingelesez: lifer. Zure bizitzan behin bakarrik ikusiko duzun hegazti edo animaliari dagokio. Behi hori, bada, nire lifer-a da. Albisturrena zen, eta, nire begietan, bertzaldeko gizon haren edo lekuaren espiritua gordetzen du, mundu basa. Behi hori, gainera, heriotzatik eskapatu zen bakarra da. Albistur zendu zenean, hiltegira eraman zituzten haren behi guztiak, kamioiz, eta filmeko behi horrek jauzi egin zuen kamioi hartatik.

Nolakoa izan da oihanetik zibilizaziora itzultzeko jauzia?

Han geratu naiz. Isolamenduaren ostean, deskonpresioa behar izan dut. Bi astetik behin joaten naiz hara, oraindik ere. Etxola zutik dago. Egunen batean, ibaiak eramango du, eta hori ederra da.

Handik bueltatu naiz ausartago, beteago, osatuago, helduago. Ametsik gabe bueltatu naiz. Baina etorriko dira gehiago.

BERRIAn argitaratua (2019/07/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA