astekaria 2019/08/02
arrowItzuli

bizigiro

ENERITZ AULESTIA

«Esperimentatzeko saialdi bat egin nahi du irratiak gure saioarekin»

Urtzi Urkizu

«Esperimentatzeko saialdi bat egin nahi du irratiak gure saioarekin»

Trikitilaria eta kazetaria da Eneritz Aulestia (Zarautz, Gipuzkoa, 1995). Euskadi Irratian praktikak egin zituen, eta ordezkapenetan aritu izan da gero. Udaberrian, ETB1eko Autentikoak programan egin zuen lan.

Bihar hasiko zarete Txiriboga saioarekin. Nola sortu zaizu programa egiteko aukera?

Euskadi Irratian, albistegietan eta magazinetan aritu naiz. Ordezkapen batzuk egin ostean, irratiko arduradunek erronka hau jarri didate: esan didate esperimentatzeko tarte berri bat sortu nahi dutela udan. Lau aste izango dira. Azkeneko egunetan, kolaboratzaileak lotzen aritu gara, eta kolaborazio horietan umorea egongo dela iragar dezaket. Distopiekin zerbait egingo du, eta gorputza ere mugituko dugu.

Nola saiatuko zarete irratsaioan mugimendua transmititzen?

Elkarrizketak egingo ditugu, baina horiei buelta bat ematen saiatuko gara. Gu hirurotako bat kalera joaten denean, elkarrizketak ez ditugu hasiko betiko galderekin. Elkarrizketak egiteko moduarekin esperimentatuko dugu. Erronka zaila bezain polita da, baina geure buruarekin esperimentatzeko modu bat ere izango da. Ikusiko dugu zer ateratzen den ondo eta zer gaizki.

Izena zergatik Txiriboga?

Denetarik saltzen duten janari denda da txiriboga. Irratsaioan ere denetarik egotea nahiko genuke. Inoiz ez dakizu zer berri aurki dezakezun txiriboga batean. Ahal dugun denera iristen saiatuko gara, betiere tonu alai batekin. Bestalde, iruditzen zaigu guk ondo pasatzen baldin badugu entzuleek ere ondo pasatuko dutela. Saio dinamikoa izatea nahiko genuke, entzuteko erraza.

Kaleko elkarrizketetan zer motatako pertsonengana joko duzue?

Etorkizunean zer esana emango duten pertsonak elkarrizketatu nahiko genituzke; izan daiteke orain oso ondo dabilen pilotari bat edo batere ezaguna ez den gazte bat. Udan gu bezala lanean ari direnengana ere gerturatuko gara. Elkarrizketetan, hamabost galderako test bat egingo dugu; galderetako bat izan daiteke, adibidez, zer doinu duen pertsona horrek iratzargailu gisa jarrita. Testaren bidez, haien egunerokotasuna ezagutuko dugu.

Musika aukeraketa nolakoa izango da?

Denetarik jarriko dugu, txiriboga batean bezala. Playlist zerrenda luzeak ari gara prestatzen. Profil desberdinetakoak gara hiru esatariak, eta kantu komertzialak zein komertzialak ez direnak jarriko ditugu.

Ez al da denbora gutxi lau aste entzuleak Txiriboga-ra ohitzeko?

Helburua litzateke entzuleek ezagutzea zer den Txiriboga. Lau astean hemezortzi programa izango dira, eta, agian, denbora gutxi izango da entzuleak ohitzeko. Baina esperimentatzeko tarte bat izan daiteke. Eta entzuleak irailean gure izenarekin oroitzen badira, nahikoa izango da.

Horrelako saialdi batek aukera izan dezake udazkenean jarraipena izateko?

Erantzuna irratiak berak eman beharko luke. Baina hau egitera animatu direnetik bertatik frogaren bat egitera animatzen gaituzte.

Udaberrian, ETB1eko Autentikoak saioan aritu zinen lanean. Zazpi aste iraun zuen programazioan.

Gu ilusioz genbiltzan lanean, baina horrelako gauzak gertatzen dira telebistan. Gustura aritu ginen, eta pena izan zen hain bizkor bukatzea. Oroitzapen polita gelditzen zait.

Estilo horretako saio bat aurkeztuko al zenuke telebistan?

Telebistan ez naiz inoiz kameraren aurrean atera, baina aukera sortuko balitz eta nire gustuko proiektua balitz, probatuko nuke.

Zer dute hobetzeko EITBko irratiek musika eskaintzan?

Zaila izaten da talde hasiberrientzat irratian entzunak izatea. EITBko irratiek tokiko talde berrien aldeko apustua egin behar dute beti.

BERRIAn argitaratua (2019/07/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA