astekaria 2019/08/02
arrowItzuli

bizigiro

«Zaparradaren euskal aterkia»

Oihana Teyseyre Koskarat

«Zaparradaren euskal aterkia»

Bertso saio musikatuarekin iratzarri da Baionako Patxa plaza. Eszena gainean, hiru musikari eta hiru bertsolari. Patxi Hamulet, Xabi Etxeberri eta Bastien Mariannek lagundu dituzte akordeoi eta gitarrez Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Nahia Sasko. Lili Iriart Baionako gaztetxeko kideak uste du «lorpen handia» dela jende andana bildu izana, «euri zaparraden gainetik». Patxa plaza omendu dute bertsolariek: «Hau da Baiona euskaldunaren errepublika txikia», Arzallusen esanetan. Saskok ere tokiaren berezitasuna aipatu du: «Nahi dugun ereduan bideak luze dirau/ baina lehen garaipen handi bat da plaza hau».

Besta alternatiboak antolatzen ditu Baionako Gaztetxeak, sinbolikoki indar berezia duen Patxa plazan; han dira txosna eta eszena. Aldarriz bete dute lekua. Iriartek nabarmendu du «giro goxoa» lortu dutela, horrelako espazio bat «beharrezkoa» dela Baionako bestetan. Euskal kulturgintzari toki berezia egin nahi izan diote, eta bertsotarako gune bilakatu ordu pare batez. Lujanbioren arabera, «Baionan ez da erraza bertso saio garrantzitsuetarako lekuak lortzea», eta espero du, urtez urte, plazak «erreferentzialtasuna» lortzea. Bat egin du Arzallusek harekin: «Garrantzitsua da horrelako makroeredu batean arnasgune bat izatea».

Badira hiru urte herriko etxeak irekitze ofizialetik bertsoa kendu zuela, besta girora egokitzeko aitzakiarekin. Amets Arzallusek deitoratu du egoera hori, eta Patxako bertso saioa «are eta garrantzitsuagotzat» jo du.

Patxa plazari omenaldia egiteaz gain, gai ezberdinen inguruan ere aritu dira, publikoa tinko-tinko karpa azpian beha zutela. Baionako bestetan gerta daitezkeen egoeretatik abiatuz, aldarrikapen pankartetan euskararen tokiaz aritu dira Sasko eta Lujanbio. Honela kantatu du Lujanbiok: «Besteeri nahi ulertarazi, nahiz eta geuk ez ulertu». Saskoren erantzuna: «Euskaraz ez da ezer agertzen, ta hori ezin da uka/ mezu horiek, ahal bezainbat jendek ulertu behar'tu ta». Bukatzeko, Lujanbioren erantzuna: «Frantsesez edo ingeles egin, horrek jartzen gaitu bero/ baina barruan horrek konplexu latz bat gordetzen du gero/ ezin dugula komunikatu euskaraz eginez gero».

Bertso saioa geroari begira itxi du Lujanbiok: «Festa euskaraz bizi nahi dugu zeharo/ lehengo urtetan baino jende gehio dago/ ta datozen urtetan baino gutxiago». Bat egin du, ondotik, Iriart antolatzaileak: «Iaz baino jende gehiago» hurbildu dela erran du, euri zaparradek kontra egin dieten arren.

Lafitte-Irungarai-Etxeberri hirukoteak bere lehen agerraldia egin du arratsaldean. Euriarengatik ezeztatzekotan zirelarik, haizeak lainoak uxatu ditu, eta arrabita, ttunttuna, txistua eta atabalaren soinuak hedatzen hasi dira. Jokin Irungarai atabalariak molde «ahalik eta naturalenean» eman nahi ditu jauziak. Horretarako, duela bi mendeko modara itzuli nahi izan du taldeak: mutxikoak musika tresna horiekin egin ohi ziren garaian. Taldearen helburua «zahartasuna modara ekartzea» da. Musikalki ere, «elkarren artean ontsa nahasten diren» instrumentuekin jo nahi izan dute. Bi urtez aritu dira lanean, eta, Irungarairentzat, «arras pozgarria» da horrelako leku «berezian» jotzea. Irria ezpainetan duela aitortu du «zirrara» sortzen zaiola «abertzale gazte punkak jauziak dantzatzen» ikustean.

Jauziak moda zaharrean

Euskal Herriko dantzak eta musikak aztertu ditu taldeak, aspaldiko garaietako egin moldeei atxikiz. Ohartu dira soinu «trinko» bat sortzen dela, eta «bai jotzeko, bai dantzatzeko modu berezi bat» eragiten duela horrek. Ahal bezain «naturalak» izateko, musika, hitzak, eta jauziak gogoz ikasi dituzte. Helburua jendearen artean dantzatzea da, eta musika eta dantza ahalik eta hurbilena ezartzea. Gaurkoan, euriagatik eta musika tresnen hauskortasuna dela-eta, ezin izan dute estreinaldia dantzarien artean egin, eszenan baizik. Irungaraik nabarmendu du Patxa plazaren «aberastasuna» musika estiloen nahasketatik heldu dela: «Gure ondotik rock talde bat ariko da, ondotik rap egileak edo DJak: nahasketa beti da ederra».

Patxa plazan euriak ez du deus gelditu ahal izan: bertso saio musikaturako inoiz baino jende gehiago hurbildu da, euskarari indar guztiak erakutsiz. Mutxikoetan ere, euripean dantzan aritu dira zahar eta gazte. Ostatu aldean ere giroa berotzen hasi da, euskara da belarrietan sartzen den lehen hizkuntza. Baionako bestetan lortu du leku bat, «frantses zaparradaren euskal aterkia».

BERRIAn argitaratua (2019/07/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA