astekaria 2016/02/05
arrowItzuli

kirola

EUSEBIO SACRISTAN. REALEKO ENTRENATZAILEA

«Sinetsita nago taldeak zeresan handia emateko aukera izugarriak dituela»

Jon Eskudero

«Sinetsita nago taldeak zeresan handia emateko aukera izugarriak dituela»

Neguan sartuta egon arren, eguzkiak bete-betean jotzen ditu Zubietako harmailak, eta eguraldia lagun, kazetariari kantuan datorkio Eusebio Sacristan (La Seca, Espainia, 1964). Nire herriko, neskatxa maite... ari da kantari. Kazetariak galdegin dio, guztiz harrituta: «Euskaraz ari al zara?». Eta Eusebiok erantzun: «Noski! Benito Lertxundi asko gustatzen zait! Aitor Begiristain Txiki-rekin askotan tokatzen zitzaidan gela berean egotea, Bartzelonan taldekide ginenean, eta ni ere erakarri ninduten Benitoren kantu horiek. Ederrak dira». Ordea, oraindik ere kanturako motibo gutxi ditu Realak, Eusebioren esanetan. Taldea «gero eta hobeto» dagoela uste du, baina errealitatea bestelakoa dela. «Jaitsiera postuak lau puntura ditugu. Hori da egia». Halere, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du.

Espanyolen aurka astelehenean jokatuko duzue, azken partidatik bederatzi egunera. Luze al doa astea?

Egia esan, oso luze. Baina hotzean pentsatuta, ondo baliatzen ari gara. Biharko eta etziko egunak Espanyolen aurkako partida prestatzeko erabiliko ditugu. Aste osoan bestelako kontuak landu ditugu. Kontzeptu orokorrak. Ikusi dut jokalariak egokitzen ari direla nire ideietara, eta jarrera bikaina azaldu dute. Emaitzak ere, hein batean, laguntzen ari dira geure buruarengan sinetsi ahal izateko, eta pozik gaude. Oraindik gauza asko ditugu lantzeko eta hobetzeko, baina, gutxienez, badakigu bide onean gaudela. Ez da gutxi.

Betisi irabazi ondoren, aurrekoa baino aste hobea igaro izango duzue, ezta?

Dudarik ez izan. Realera etorri nintzenetik aurrekoa izan zen aste gogorrena. Zaila izan zen Gijonen jasotako 5-1eko porrota onartzea eta aztertzea. Aldrebes atera zitzaigun guztia. Gaizki aritu ginen. Taldea goraka zihoan, eta bat-batean amildegiaren ertzean geunden. Baina, tira. Betisi irabazi genion, eta berriro ere konfiantzaz gaude. Hori da garrantzitsuena.

Zehazki, zer gertatu zen Gijonen?

Ezinezkoa da azaltzea. Hamargarren minuturako 2-0 ginen atzetik, eta mingarria da pentsatzea ez ginela aurkariak baino gutxiago. Horrek sutu ninduen, guk kondenatu genuela geure burua. Kirola halakoa da, onartu eta ahaztea besterik ez dago. Betisi irabazita, ondo gaude berriro.

Betisi irabazi bai, baina joko txarra eginda. Ez duzu hala uste?

Bigarren zatian gaizki jokatu genuen, bai, baina hortik ezin daiteke ondoriorik atera. Asko sufritu genuen aste osoan, eta irabaztea zen balio zuena. Urduritasuna azaldu zitzaigun bigarren zatian, baina helburua bete genuen. Orain hobetuz joan behar dugu.

Realarekin 11 partida daramatzazu. Jokoan izandako 33 puntuetatik hamabost lortu dituzue. Zer ondorio ateratzen duzu?

Nire balorazioa positiboa da. Puntu kopuruari ez diot gehiegi begiratzen. Uste dut hobeto ere joan zitezkeela gauzak, baina emaitzek ez dute islatzen egiten ari garen lan ona. Gero eta gusturago gaude, indartsuago, konfiantza handiagoarekin, eta horrek balio dit. Eguneroko lana bikaina da. Bide egokia hartu dugu, eta horri eutsi behar diogu. Goraka joateko derrigorrezkoa da denok elkarrekin bat eginda egotea.

Puntu kopuruak ez dizu gehiegi ardura, baina errealitatea krudela da. Ez diozu horri begiratzen?

Zeharka, bai. Baina ez diot beldurrik edo kezkarik. Eguneroko lanean zentratzen naiz. Asteko egunak ondo baliatu nahi ditut, lan egokia eginez, eta hobetuz joan. Horren ondorio naturalak izan behar luke goraka joatea sailkapenean. Hori da nire helburua. Baina, tira, egia da jaitsiera postuetatik gertu gaudela, eta errealitatea ezin da ezkutatu. Beraz, bi gauzak bat egin behar ditugu. Guk nahi bezala jokatu, baina emaitza onak lortu. Eta Betisen aurka garbi ikusi zen hori. Irabaztea zen xedea, eta joko ikusgarria alboratuta, horretara joan ginen. Eustera. Oreka topatu behar dugu.

Taldeak hobekuntza erakutsi du, batez ere etxean. Eta Anoetatik urrun?

Bai, baita kanpoan ere. Oker ez banago, sei partida jokatu ditugu kanpoan, eta Gijonen soilik ez dugu eman behar bezalako maila. Kontuan hartu Bartzelonaren eta Real Madrilen zelaietan aritu garela. Gijonen salbu, toki guztietan lehiatu gara ongi. Lortu behar dugu etxean eta kanpoan talde bera izatea eta aurkariek zail edukitzea gu menderatzea. Lanean ari gara.

Zuk nahiko zenukeen horretatik urrun al dago oraindik ere taldea?

Bai, baina hori ona da, hobetzeko tarte izugarria daukagulako oraindik ere. Lehen egunetik kalitate handia ikusi diet jokalariei, eta hainbat baldintza betetzen baditugu, pentsatzen dut talde honek zeresan handia emateko aukera izugarriak dituela. Ni sinetsita nago horretan. Hein handi batean, nire esku dago. Baina horretarako denbora behar da. Eta ez egunak, asteak eta asteak baizik. Hiru hilabete daramatzat aulkian, eta denbora tarte horretarako taldeak bilakaera ona izan du. Baina askoz urrunago iritsi behar dugu, jakina. Eta lortuko dugu. Pazientzia behar da.

Lesio kopuruak ez dio gehiegi lagunduko zure lanari. Halere, klubak ez du inor fitxatu neguko merkatuan. Zer uste duzu?

Nik ere nahiago izango nuke Agirretxe, Zurutuza eta gainerakoak jokatzeko moduan egongo balira, baina zer egingo zaio. Hori da dagoena. Futbola halakoa da. Taldearen maila orokorra murriztuta dago, futbolari garrantzitsuak falta direlako, baina horrekin bizi behar dugu. Hainbeste lesio zergatik gertatu diren aztertu behar dugu, soluzio bat topatu, eta aurrera egin. Entrenatzaile gisa, niri dagokit daukadanari begiratzea, eta ez falta direnei. Jokatzeko moduan daudenei ahalik eta etekinik handiena ateratzea da nire lana.

Eta neguko merkatuaz, zer diozu?

Bistakoa da ez dugula inor fitxatu. Klub barruan mugimenduak izan ditugu, bulegoetan esan nahi dut, baina ez da inor etorri. Konfiantza osoa dut taldean dauden jokalariengan, eta min hartuta daudenak bere onera etortzea izango litzateke fitxatzeko erarik onena.

Pozik zaude daukazun taldearekin?

Oso pozik. Oso-oso pozik. Espainiako Kopatik kanpo geratuta, nik eskatu nuen jokalari gutxiago nahi nituela taldean, eta orain oso kontent nago. Postu bakoitzeko bi jokalari ditut. Eta horrek balio dit entrenamenduetako maila oso ona izateko. Noski, behar dudanerako ere hor dago harrobia.

Etxeko baino kanpoko jokalari gehiagorekin jaitsi zen Reala Bigarren Mailara 2007an. Zer esaten dizu horrek?

Datu horrek gauza asko adierazten ditu. Ni harrobiaren aldekoa naiz. Ikusi besterik ez dago daukadan curriculuma. Azkeneko partidan bertan bigarren taldeko fitxa duten bi jokalari zelairatu nituen hasieratik [Mikel Oiartzabal eta Hector Hernandez], eta gustatzen zait haien ekarpena.

Oiartzabalek harritu al zaitu?

Harritu ez, baina poztu bai. Jokalari bizia da, kalitate handikoa, eta Realak eskertzen dio lana. Oraindik asko du ikasteko.

Pentsatzen dut zure erronka nagusietako bat Vela bere onenera ekartzea izango dela, ezta?

Nire lanetako bat da. Oso ondo ari da lanean, eta bere dohainen berri ikusi dugu dagoeneko. Luzaro aritu da sasoi onenaren bila, eta dagoeneko iritsi dela esango nuke. Pozik nago Velarekin. Lanerako eta besteei laguntzeko jarrera aparta dauka, eta ligaren bigarren zatian Velarik onena ikusiko dugu. Taldekide guztiak bezala, hura ere ilusioz gainezka dago.

Nolako entrenatzailea zara?

Naizen bezalakoa naiz aulkian ere. Nire izaeraren ispilua da telebistan ikusten dena. Asko gustatzen zait futbola; beraz, nire lana ere bai, eta maite dut baloia. Bokaziozko lana daukat. Zoriontsu naiz nagoen lekuan. Jokalariei futbol kontzeptuak eta nire jokatzeko estiloa azalduta pozik bizi naiz. Ez dut gehiago eskatzen.

Futbolaz asko dakizu. Baina talde bat gidatzen?

Baita hori ere. Guztiekin hitz egitea gustatzen zait. Ez jokalariekin soilik, klub osoarekin baizik. Entzun, lagundu behar denean lagundu, eta motibatu egiten dut. Hori guztia bai, baina eskatu ere asko eskatzen diet. Beharrezkoa da hori. Jokalariei egunero gogorarazten diet zaleekin konpromisoa dutela. Egunero dena ematen duenari eskertu egiten diot, eta ematen ez duen hori konbentzitu egiten dut. Denok norabide berean joan behar dugu. Talde espiritua zabaldu behar dut. Ni ere jokalari izana naiz, eta egoera asko ulertzen ditut.

Esana duzu zure futbol ideia garatzeko Lehen Maila dela egokiena.

Halaxe da. Erasoko jokoa maite dut, intentsitate handikoa. Horretarako, jokalari teknikoak, erabaki ona hartzeko gaitasuna dutenak eta klubarekin konpromisoa daukatenak behar ditut. Realean baldintza guztiak topatu ditut. Denek konpromisoa dutela esan beharrik ere ez dago. Ziurtaturik dago. Etxeko jende asko dago taldean, eta Realean egotea askorentzat futbol talde batean egotea baino gehiago da. Euren lurraldea ordezkatzen dute. Inplikazioa dute. Teknikari dagokionez ere, belaunaldi ona dago, eta erabaki onak hartzeko ere gai dira. Arlo denak hobetuz joan behar dugu urrutira iristeko.

Asko hitz egin zen Lehen Mailan esperientziarik ez zenuela. Minduta sentitu zinen?

Kasu batzuetan, bai. Nire berri ez duen batek hori esateak ez dit axola, baina bai alderantziz. Nik esperientzia falta? Ez dut ulertzen. Bizi eta ikasi dudan guztiagatik jakinduria asko dudala esango nuke. Jende on asko izan dut ondoan, eta praktikan ere ez nago murritza. Bartzelonaren lehen taldean bost urte eman nituen, laguntzaile gisa. Celta ere gidatu nuen, eta, gero, baita Bartzelona B ere. Lehen Mailan edo Bigarrenean entrenatzaile izan, ez da ezer aldatzen. Gakoa da talde bat gidatzen jakitea. Nire bidea egiten ari naiz, betiere Bartzelonaren jokotik abiatuta. Nik ez badut esperientziarik, nork dauka? Asko sinesten dut neure buruarengan.

Zer entrenatzailek utzi du arrasto gehien zuregan?

Johan Cruyffek, batez ere. Futbol aldetik asko ikasi nuen harekin. Magikoak ziren azalpenak. Vicente Cantatore Valladoliden izan zen nire entrenatzailea, eta hura motibazioan maisua zen. Frank Rijkaardekin, berriz, talde bat kudeatzeko erarik onena zein den ikusi nuen. Hark familia bat bihurtzen zuen taldea.

Vicente del Bosquek behin esan zuen jokalaria balitz Sergio Busquets izan nahiko lukeela. Zuk Realeko nor izan nahiko zenuke?

Ulertzen dut Del Bosque, bikaina baita Busquets. Nik Realeko jokalari denak berdin ditut gustuko.

BERRIAn argitaratua (2016/02/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA