astekaria 2015/10/16
arrowItzuli

ekonomia

ZORU LABAINKORRA

Xabier Martin

ZORU LABAINKORRA

Diesel motorrak Europako merkatuetan duen nagusitasuna itzal handi batez estali du Volkswagen kasuak. Baina Wolfsburgeko iruzurretik harago, Europako autogintzan joera aldaketa ekar dezakeen arazo bat azaltzen ari da gero eta indar handiagoarekin: NOx isurien kutsadura (nitrogeno oxidoak). Sektoreak urte askoan gasolioaren alde garatutako teknologiak aurrez aurre dauka osasunarentzat izugarri kaltegarriak diren isurien oztopoa. Lehendik ere bazuen, baina orain zalantza gutxi dago Europako Batasunak are araudi zorrotzagoa ezarriko duela, eta autogintza bidegurutzean da: araudi berrira egokitzeak ekarriko duen kostua —teknologikoa zein ekonomikoa— onartu ala gasolinaren motor soilagoaren alde egiten hasi.

Martxan zegoen prozesu hori guztia azkartu egin du ingurumenari lotutako azterketak gainditzeko Volkswagenek bere diesel motorrei ezkutuan txertatutako software manipulatuak. Agintariak asaldatu egin dira Europan; zer esanik ez AEBetan, eskandalua piztu zen herrialdean. Hura gasolinaren erresuma da betidanik, eta diesel teknologia orain arte ezagutu ez diren kopuruak lortzen ari zen unean iritsi da motor garbien puxika lehertzea. Volkswagenen geroa ere ataka larrian jarri duen penitentzia bide batetik doa, eta diesel teknologia AEBetan kasik erabat lurperatuko duen kolpea bestetik, baina elkarri loturik.

Europan bestela dira gauzak. Diesela Europako asmakizuna da, eta azken hamar-hamabost urteetan egindako inbertsio erraldoiak gasolioa gasolinaren mailan jartzeko ere bai. Emaitza argia da: Europan dieselak agintzen du salmentetan —%53; Euskal Herrian %60 inguru— erakundeek aspaldian hartutako erabaki politikoei esker: batetik, kutsaduraren atalean CO2 isurietan jartzea mira, eta ez hainbeste dieselarenak diren NOx isurietan; bestetik, gasolioari zerga gutxiago ezartzea, gasolina baino erregai merkeagoa izan dadin.

'Lobby'-ak eta Euro 6 C

Mugitu ezinak ziruditen lege horienak egin du, ordea, eta, haizea beste nonbaitetik jotzen ari dela, bere alde jar dezakete gasolina motor berriek, dieselak baino soilagoak eta arinagoak izaki. Sektoreko handiek —VW, PSA, Renault, GM, Ford, Daimler, BMW, Toyota...— zain daude euren estrategiak finkatzeko. Bruselara begira daude, han erabakiko baitira Euro 6 araudiaren oinordeko Euro 6 C noiz sartuko den indarrean, eta zer-nolako exijentziak izango dituen NOx isuriei eta beste gas kutsagarriei dagokienez; baita neurketak bakarrik laborategian egingo diren ala errepideko probak ere aintzat hartuko diren ere. Hainbat estatu bazkide horren alde egiten ari dira, eta, azkenean hala balitz, neurketak eta emaitzak nabarmen aldatuko lirateke, seguruenera.

Autogintzaren lobby-ak azeleragailua zapaldu du azken hilabeteotan, finean erabaki politikoa izango denak balantza alde batera edo bestera eramango duelako diesel eta gasolina motorren garapenari begira. Oso zaila ematen du Europak bere ekonomiarentzat oinarrizkoa den sektoreari modu larrian kalte egiten hastea, baina herritarren osasuna dago sokaren beste muturrean. Frogatua eta onartua dago NOx isuriek minbizia eta beste gaixotasun larri batzuk eragiten dituztela. Horiek horrela, Euro 6 C araudi gogorragoa izango dena, agian 2017an ez, baina 2019ra arte ez dela indarrean sartuko kaleratu du asteon Financial Times-ek.

Lobby-ak atsedenik gabe ari direla, alegia; besteak beste, Volkswagnena, TDI letrak mundu osoan ospetsu egin dituen etxearena. Wolfsburgek 3,3 milioi euro gastatu zituen bere presio taldean 2014an; bost marka handienek 12,3 milioi euro baliatu dituzte euren irizpideei lehentasuna eman diezaieten Europako erakundeetan. Bistan da jokoan zer duten: aurrerantzean ere dieselean egindako inbertsioari etekina ateratzen jarraitu ahal izatea.

Dieselaren arrakasta

Azken hamarkadan dieselak merkatuetan izan duen gorakada bezeroak dirua aurrezteko duen helburuarekin zuzenean loturik dago. Gasolina baino gutxiago kontsumitu izan du beti, eta orain azken belaunaldikoak gasolinaren parean jarri dira zenbait ataletan: potentzia, azkartasuna, erosotasuna... Eta jakina, gasolindegian merkeagoa da gasolio biltegia betetzea. Baita oraindik ere, nahiz eta bi erregaien arteko aldeak asko murriztu diren.

Erregaien gaineko zerga politika erabakigarria izan da sektoreak dieselaren alde egindako apustuan. Gobernuek gasolina zigortu dute, eta gasolioa sustatu, kontsumo txikiagoa duelako, besteak beste. Baina, kutsaduraren atalean NOx isuriak bihurtzen ari dira etsai nagusia, CO2 isuriak baino gehiago, eta aspaldi honetan aldeak asko murriztu dira. Orain hamabost urte gasolioa gasolina baino %35 merkeagoa zen, eta orain aldea %10era iristen da ozta-ozta. Manuel Valls Frantziako lehen ministroak asteon esan du erregaien gaineko zerga politika berraztertuko dutela, gasolioa gehiago zergapetu dezaketela aditzera emanez.

Aldagai horri gehitu behar zaio gasolina motor berriek askoz gutxiago kontsumitzen dutela, eta azkar ari direla diesel baten kontsumo estandarrera hurbiltzen. Eta gasolina erosoagoa da gidatzean, oro har. Atal horretan TDI, HDI, DCI, CDTI eta marka nagusien beste diesel motorrak galtzaile dira oraindik. Bada, beste faktore bat kontuan hartzekoa: gas isuriei aurre egiteko garatu duten teknologiak motor diesel konplexuak ekarri ditu; gasolinaren aldean planta kimiko osoak dira. Horrek motorraren fidagarritasunean eragin du. Zenbat eta pieza gehiago orduan eta errazagoa da matxura bat edukitzea. Gasolio motorra irauteko asmatu zen, gasolina motorrarekin baino kilometro gehiago egiteko, baina gaur egun ez dira hain fidagarriak, hain zuzen konplexuegiak direlako. Horrek guztiak eragin du dieselaren truke egiten den inbertsio handiagoari zailagoa dela etekina ateratzea gaur egun. Hau da, zailagoa da jakitea dieselak eskatzen duen gainkostua pagatzeak merezi duen ala ez.

BERRIAn argitaratua (2015/10/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA