astekaria 2019/07/26
arrowItzuli

bizigiro

Zubi bat ez baita lotzeko aski

Joana Ibargarai

Zubi bat ez baita lotzeko aski

Hiru giltza bota dituzte balkoitik asteazkenean, Baionako besten irekieran. Hiru gako, hiru auzoen irudikatzaile: Santizpiritu, Baiona Ttipia eta Baiona Handia. Alta, iduri luke gako bat doi bat ahantzia izan dela. Honela, San Izpirituko zubiak bi errealitate dauzka punta bakoitzean; «alde batean masa, bestean kasik hutsa».

Tren geltokitik hurbil, Errepublika plaza arraberritu berria dute aurten, San Izpirituko zubiaren puntan. Han dago eszena ttipi bat, eta animazio zenbait. Jende handirik ez, baina multzo ederra bildua da ostatu inguruetara; horien artean, Le Balto. Badira zazpi urte Pantxo Etxeberri eta haren emazteak Le Balto ostatua erosi zutela, Alsazia-Lorena etorbidean. «Haurra nintzelarik, karrika honetan ari nintzen kuku gordeka, eta, orain, hemen naiz; biziak horretara ekarri nau». Auzo horretan handiturik, giro «berezi» eta «goxo» bat badela uste du. «Arrazista denak ez du bere tokia aurkituko hemen». Jatorri ezberdinetako jendea biltzen da auzoan, eta horrek lekua «zinez biziarazten» duela uste du ostalariak.

Asteazken gauean ostatua «mukuru betea» zuten, eta hori «aski berria» dela gehitu du. «Alde onera aldatzen dira gauzak, geroz eta jende gehiago dugu». Halere, garai zailak izan dira Santizpirituko hainbat ostalari eta komertziotako langileentzat azken hilabeteotan. «Karrikan eta ondoko plazan egindako obrengatik peko errekara joan dira denak». Hala, bost ostatu eta taberna itxi dira urte bakarrean. Obrak egin dituzte, eta horrek pasaia «zaildu» duela azaldu du Etxeberrik. «Lanetik landa arratsetan, ez du nehork gogorik nonbait aparkatzeko eta bi kilometroz ibiltzeko garagardo baten edateko». Giroari dagokionez, Etxeberri «pozik» agertu da. «Munduko miseria guztia Santizpiritun da, baina horretan ere goxotasun bat atzematen dugu; 1976tik hemen naiz, eta zubiaren beste alderdian baino ainitzez hobe naiz hemen».

Nacer Chaabana Le Menzel ostatuan ari da lanean, Santa Katalina karrikan. «Haserre» agertu da, desoreka «handiegia» delako Santizpiritu eta Baiona Ttipiaren artean. Bestazaleak pasatzen zaizkio ostatu aitzinetik, baina «pasaiaz» baizik ez direla erran du, helburua zubiaren beste alderdian baitute denek. «Bai, egunero zerbait antolatu digute, baina ez da aski».

Ostalarien eskaerak

Terrazetan mahaiak ezartzeko Herriko Etxeari «kario» pagatu behar zaiola azaldu Chaabanak, urte osoan baino «ainitzez gehiago». Alta, ostalariaren iritziz, Herriko Etxeak animazioak antolatu behar lituzke San Izpiritun, publikoa hara ere erakartzeko. «Herriko etxeak txarangak pagatzen ditu, baina denak Baiona Ttipian eta Handian egoten dira». Alta, oroitarazi du auzoa leku «goxoa» dela, eta familientzat «aproposa».

Auzoa berpizteko asmoz

Santizpiritu animatzeko nahian ari dira hainbat elkarte, Santa Katalina karrikan baita inguruetan ere. Horietako bat da Rail Bayonnais elkartea, bere garaian trenbideko langileek kudeatua. Atzo pilota partida bat antolatua zuten, arratsaldeko bostetan, Santizpirituko gainaldeko pilota plazan. Leku sekretu bat bezala da, arnasgune bat, Baionako masatik urrun. Lau pilotari esku huska ari ziren, eta dozenaka jende inguruan, pausatzera edo kirolaren aurkitzera etorriak. Lilian Kako han zen, antolatzaile gisa. «Senar zenarekin hori genuen helburuetariko bat; Santizpiritu eta leku hau ezagutaraztea, pilotaren inguruan elkartuz».

Julie Nguyen Sao ostatuan ari da lanean, iaztik geroz. Familiarekin erosi zuten, eta «biziki ontzat» jo du tokia, bestei begira ere. «Leku hau biziki interesgarria da historikoki, juduen auzoa izan delako garai batez». Oroitarazi du Santizpiritu «bazterturik» dagoela oraindik, baina aldaketa bidean dela. «Aurten, barrakak ezarri dituzte zubian, eta horrek jendea hona erakar dezake. Lehen urrats bat da».

Erran duenez, errefuxiatu ainitz badira auzoan, leku ainitzetatik etorriak. «Ene familia ere errefuxiatu politiko gisa etorri zen hona, 1978. urtean. Horretarako saiatzen gara inplikatzen eta laguntza ekartzen, harreragune bat izan dadin Baiona».

BERRIAn argitaratua (2019/07/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA