bizigiro
Gero eta marmoka gehiago itsas zabalean
Amaiur Irastorza Adin
Ezagun dira marmokak gizartean. Batez ere, uda iritsi eta hondartzara joateko garaia hasten denean, adi egoten dira bainulariak animalia horien inguruko albisteren bat entzuten dutenean. Haien ziztaden beldur dira, baina ez dakite askorik zergatik ugaritzen diren.
Adituak, bada, hasi dira ugaritzearen eta kostaldera geroz eta gehiagotan gerturatzearen inguruan hitz egiten.
Batetik, udako klimaren eragina dago. Uda garaian, ohikoagoa izaten da marmoken presentzia kostaldean, eta beroaren eraginez dela uste dute askok. Javier Francok, Azti zentroko itsaso eta kostetako ingurumen kudeaketako adituak, ordea, ez dio horrenbesteko garrantzirik ematen berotasunari: «Marmoka askok mugimendu urria dute, eta, askotan, itsaslasterren eta haize-lasterren arabera mugitzen dira. Uda garaian, eta askotan beroaldiekin lotuta, egonkortasuna izaten da nagusi itsasoan, eta, egoera horretan, jitoan egoten dira marmoka asko itsasoan barna. Ohikoa izaten da momentu horietan, marmoka multzoak biltzea kostaldean».
Francok esan duenez, azken urteetan ugaritzen ari dira marmokak, eta, haren esanetan, planeta jasaten ari den aldaketa da ugaritze horren arrazoi nagusietako bat: «Marmoken harrapakari diren animalia asko desagertze bidean daude, gizakiak eragindako aldaketa globalaren ondorioz. Gainera, marmokek badute, oraindik, zertaz elikatu, eta itsasoaren tenperatura igotzeak ere egonkortasuna ekarri die marmoka espezie gehienei», esan du. Klima aldaketak, kutsaduraren igoerak eta baliabideen esplotazioak, bada, on egiten die batzuei.
Euskal Herrian, azkenaldian, izan da marmoken agerpenen bat edo beste, baina azken bost bat urteetan, Getariako (Gipuzkoa) hondartzako Gurutze Gorriko koordinatzaile Alex Garatek kontatu duenez, apenas izan den ziztada kasurik edo larrialdirik. Euskal kostaldean, honako hauek dira espezierik ohikoenak: Aurelia aurita, Pelagia noctiluca eta Velella velella; tamaina ertain edo txikikoak.
Francok azaldu duenez, aldian- aldian, ezagunagoa den karabela portugesa espeziea ere izaten da gertu. «Oro har, ez dira oso espezie arriskutsuak, baina batzuen ziztadak pozoitsuak izan daitezke», adierazi du.
Ziztaden aurrean
Garatek esan duenez, hondartza guztietan prest izaten dituzte protokoloak marmokak azaltzen direnerako, eta hartu beharreko neurriak ezberdinak izaten dira karabela portugesaren kasuan. «Marmoken aurkako bi larrialdi mota ditugu zehaztuak hondartzetan: batetik, larrialdi txikia dago, marmokek eragindako ziztadak oso ugariak ez direnerako. Marmokak ugaritu eta egoera larritzen denean, eta karabela portugesa tarteko dagoenean, larrialdi orokorra ezartzen da; normalean, hartu behar izaten ditugun neurriak gogorragoak izaten dira. Bainu eremuak murriztu eta abisu ugari eman behar izaten dizkiogu hondartzan dagoen jendeari», azaldu du.
Garatek zenbait aholku eman ditu marmokak agertzen direnean kontuan hartzeko: lehenik eta behin, hondartzetako sorosleei abisua pasatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du: «Marmoka ikusia izan den ingurua ahalik eta modurik zehatzenen esatea garrantzitsua da. Horrela, ahalik eta azkarrena hura ikuskatzera joateko abisua pasatzen dugu, eta erretiratzea azkarrago egiten da, eta egoeraren larritasuna apaldu».
Ziztada bati aurre egiteko orduan, lehenik eta behin, sorosleengana joan behar da: «Bertan, ziztadaren egoera begiratu, gaixoaren aurrekariak aztertu, eta larrialdi mota zehazten da, egoerari irtenbidea lehenbailehen emateko». Ziztada garbitu, hotza ipini tenperatura jaisteko, konstanteak hartu, eta gutxienez 40 minutuko jarraipena egiten diote ziztadari. Karabela portugesaren kasuan, edo medikua bertan egonda, ezberdina izaten da tratamendua. Bertaratu aurretik, nork bere kasa ezer ez egitea garrantzitsua dela adierazi du: «Askotan, ziztada jasotakoan, jendeak iturriko urarekin igurzten du. Horrek areagotu besterik ez du egiten urtikaria».