astekaria 2019/07/26
arrowItzuli

iritzia

Jeneral torturatzaileak

Xabier Makazaga

Jeneral torturatzaileak

Eskandalu handia eragin zuen Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneral izendatu izanak, 1995ean, Lasa-Zabala kasuan inplikatua zegoenaren susmo handiak zeudenean. Ez da antzekorik gertatu, ordea, garai batean tortura kasu larrietan inplikaturiko beste guardia zibil batzuk jeneral izendatu dituztenean. Komunikabideek zeharo ezkutatu baitute inplikazio hura, izendatu berriak goraipatuz.

Horixe gertatu zen, adibidez, Arturo Espejo Valero jeneral izendatzean, denek ezkutatu baitzuten Orbaizetako Mikel Zabalza gaztearen tortura kasuan oso inplikatua egon zela, 1985ean. Bai, agintariek zabalduriko bertsio ofizialaren arabera, orduan tenientea zen Arturo Espejoren zaintzapean zegoen Mikel Zabalza, hark ihesari eman eta bere burua Bidasoa ibaira bota omen zuenean. Eskuak eskuburdinez lotuta zituela bota ere.

Hogei egun geroago, haren hilotza agertu zenean, inor gutxik sinistu zuen bertsio hura, eta garaiko zerbitzu sekretuek ere jaso zuten, akta batean, benetan gertatua: torturapean hil zela Mikel Zabalza. Zehazki, Intxaurrondoko hainbat torturatzaile ezagunen torturapean.

Jeneral izendatzean Arturo Espejori eman zioten kargua ordura arte Guardia Zibileko beste jeneral batek betetzen zuen, Antonio Tocon Diazek, eta hara non beste jeneral hori ere bere garaian hainbat tortura kasuetan inplikatua egon zen. Besteak beste, 1980eko bukaeran Zornotzan atxiloturiko zazpi gazteren kasu ezagunean.

Hogei urte luze geroago, 2001ean, Bizkaiko Auzitegiak «kalbario» hitza erabili zuen gazte haiek jasandakoa izendatzeko, eta zigorrak ezarri zizkien hainbat guardia zibili. Tartean, zazpi atxilotuei «poltsa», «bainera» eta «barra» bezalako torturak aplikatu zizkietenen arduradun zen Antonio Toconi. Horregatik, hamasei urteko inhabilitazioa ezarri zioten, ez zituelako tortura haiek eragotzi, betebehar zuen legez, baina hiru urte geroago Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen zigor hura, beste hainbatetan bezala.

Gazteak torturatu zituztenean, Antonio Tocon tenientea zen, duela gutxi arte Guardia Zibileko zuzendari nagusiaren «eskuin eskua» izan da eta laster igoko dute maila gorenera, teniente jeneral izendatuz. Gazte haiek, bitartean, ez dute inongo erreparaziorik jaso. Eta agintariek ez dute etorkizunean jaso dezaketen keinu bakar bat ere egin.

Beste tortura kasu ezagun batzuetan inplikatuak egondako hainbat guardia zibil ez dituzte oraindik jeneral izendatu, horretarako izan behar duten adinik ez dutelako, baina, itxura guztien arabera, laster ezarriko diete jeneralen ezaugarri den fajina. Hala nola Kepa Urrak 1992an jasan zituen tortura latzetan inplikaturiko lau guardia zibili.

Kepa oso egoera larrian ospitaleratu behar izan zuten, Basurton, eta han aztertu zuen auzi-medikuaren txostenak ez zion zalantzari inongo zirrikiturik utzi: hainbat ubeldu zituen begietan, ekimosia lepoan, urratuak eskumuturretan, eta baita bihotzeko arritmia ere. Gainera, auzi-medikuak aztertu zuenean, konorterik gabe zegoen eta odol markak zituen sudur zuloetan, ahoan eta eztarrian. Denak, egin berriak.

Lehenik Bizkaiko Auzitegiak eta ondoren Gorenak erabaki zuten hain bortizki torturatu zutenetako bat gaztaroa Irun eta Debako kuartelean emandako Manuel Sanchez Corbi izan zela, eta, espetxe zigorraz gain, sei urteko inhabilitazioa ere ezarri zioten. Ondorioz, Guardia Zibiletik bota beharko zuketen, baina, horren ordez, Gobernuak indultua eman zion.

Hori dela eta, NBEren Torturaren Kontrako Komiteak, CATek, salatu zuen «indultuaren eragin praktikoa torturari zigorgabetasuna ematea eta hura errepika zedin bultzatzea» zela, eta neurriak hartzera premiatu zituen espainiar agintariak, «torturatzaileek egiazki zigor egokiak jaso zitzaten», eta Kepa Urrak «erreparazio osoa». Alfer-alferrik izan zen, torturatuak ez baitzuen inongo erreparaziorik jaso eta, aldiz, Sanchez Corbik oso kargu garrantzitsuak bete ditu. Besteak beste, Guardia Zibileko Unitate Nagusi Operatiboko Burua izan da.

Azkenaldian, gainera, hamaika elkarrizketa eskaini ditu, betiere Guardia Zibila goraipatzeko, eta polizien SUP sindikatuak dioenez, bera da «Rodríguez Galindo jeneralaren oinordekoa, uste baitu gorputz militar hori espainiar aberriaren esentzia dela eta erakunde guztien gainetik dagoela». Argi dago, bai, sekulako boterea duela.

Kepa Urra torturatzeagatik epaituriko beste guardia zibil bat kasuko instruktorea izan zen, Arturo Prieto Bozec. zeina gaur egun Almeriako Komandantzian Koronel Buru den. Ez zuten Urra kasuan kondenatu, baina beste bi kasutan Bizkaiko Auzitegiak probatutzat eman zuen atxilotuak torturatu egin zituztela, Arturo Prieto horren jakitun izan zela eta ez zuela ezertxo ere egin tortura haiek eragozteko. Horregatik kondenatu zuten bi aldiz, baina, Portu-Sarasola kasuan bezala, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen bi sententziak.

Kepa Urra torturatzeagatik epaituak izan ondoren ibilbide esanguratsu askoa egin duten beste bi guardia zibilak Alejandro Hernandez Mosquera eta Diego Perez de los Cobos dira. Bi hauek ere oso kargu garrantzitsuak dituzte. Bereziki, bigarrenak. Kataluniar independentziazaleen kontrako errepresioa gidatu ondoren, Madrilgo Komandantziaren Buru izendatu baitute, lehenbailehen jeneral izatera hel dadin.

Hernandez Mosquera, berriz, Gobernu Lehendakaritzako Segurtasun Departamentuaren buru izan da 2012az geroztik. Bi anaia guardia zibil ditu, biak kargu garrantzitsuetan, eta horietako batek hartu zuen, hain zuzen, Perez de los Cobosen lekukoa hau Madrilgo Komandantziaren Buru izendatu zutenean.

Beraz, Kepa Urrak jasandako tortura latzetan zerikusi zuzena izandako lau guardia zibilek gaur egun goi-karguak dituzte, eta, itxura guztien arabera, laster izendatuko dituzte jeneral, eta are kargu garrantzitsuagoak beteko dituzte.

Ez al dute horri buruz ezer esatekorik Galindo jeneral izendatu zutenean hainbeste asaldatu zirenek?

BERRIAn argitaratua (2019/07/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA