astekaria 2016/02/05
arrowItzuli

iritzia

Klase borroka eta Angela Davis

Jule Goikoetxea

Klase borroka eta Angela Davis Jule Goikoetxea

Angela Davis gu ikustera etorria dela baliaturik, gogorarazi nahi dut arraza eta generoa kategoria sozioekonomikoak ere badirela, eta gogorarazi Engelsek oso aspaldi esaniko zerbait: emakume dela lehenbiziko klase zapalkuntza. Eta gogorarazi ezkerrari, era berean, misoginoa dela orain ere, baina, batez ere, haren demokrazia ez dela gurea: horixe gogorarazten du mugimendu feministak, esaten duenean gure salbatzaileen bakea ez dela gure bakea, baizik eta salbatzaileena, eta gizon gerrariaren atsedena, berriz, emakume gerrariaren amesgaiztoa dela, eta ezkerrak ez duela asmatu nola birkontzeptualizatu gaur egun gure bizimodua gobernatzen duten menderakuntza ardatzak. Eta birkontzeptualizazio hori egin ezean, ez zaie erantzungo populazio eta gorputz kaltebera eta kaltedun gisa ditugun premiei, eta pobrezia sustraitu egingo da, eta eskuin muturrekoen indarkeria zabaldu, Europa guztian zabaltzen ari den bezala. Bide batez, gogorarazi nahi dut ezker hegemonikoak defendatzen duen demokrazia horrek beti duela adjektibo isildu bat, deiadarka isildua, eta adjektibo hori patriarkal dela. Gure demokrazia, hain zuzen, liberala eta kapitalista ez ezik, hetero-patriarkala ere bada, eta ez da kasualitatea ezker erradikalenaren ordezkariak kapitalismoaz, sozialismoaz eta demokraziaz soilik mintzatzea azken urteotako protestetan eta mitinetan. Patriarkatuaz ez dira mintzatzen, nahiz eta hori den gizadian gehien sustraituriko esplotazio sistema, zaharrena eta hegemonikoena.

Aspalditxo, Indiferentes izeneko artikulu batean, esan nuen gure arazoa ez direla eskuineko misoginoak, gutxi eta aspergarriak baitira, baizik eta ezkerreko axolagabeak, asko eta piperdunak baitira.

Oso ona da maiz gogoraraztea nola funtzionatzen duen kapitalismoaren produkzio sistemak. Baina zoragarria litzateke hori ez ezik gizakia, gizon langilea produzitzeko sistema ere gogoraraziko balitz. Zeren langileak... balioa, aberastasuna, prestigioa produzitzen baititu, baina inork ez baitu aipatzen nork produzitzen duen langilea. Horra ezkerraren eta haren teorizazio guztien beste omisio bat, deskuiduan egina. Ez da Marxen arazo bat. Marxek ez zuen zertan mundu guztia esplikatu eta egituratu. Ezkerraren arazo bat da, patriarkala baita: ezkerreko gizonek ez dituzte bazter utzi nahi sistema honetan zakila izateak dakartzan pribilegioak.

Askotan entzuten dugu: «Emakumea delako jarri dute lanpostu horretan, kultur ekitaldi horretan, lehiaketa horretan, mahai edo proiektu horretan». Ez, barkatu. Gizonak zaretelako, hau da, zakila duzuelako zaudete lanpostu horretan, kulturako, kiroletako, industriako, finantzetako ekitaldi horretan edo lehiaketa horretan. Eta ez alderantziz.

Patriarkatuaren seinale ukaezinak

Gizonek emakumeak gobernatzen dituzten sistema bat: horixe da sistema patriarkala. Beraz, sistema horretan, zakila duten ala ez, horren arabera antolatzen dira izakiak, haien bizitza, haien boterea, haien prestigioa eta ongizatea. Gizarte arrazistan izakiak azalaren kolorearen arabera banatzen diren bezala, gizarte patriarkalean banaketa sexualaren arabera adjudikatzen da kapitala —sinbolikoa, ekonomikoa, soziala—. Batzuei, ordea, egunero ahazten zaie sexua ez dela kategoria biologiko bat, arraza ez den bezala. Biak kategoria politiko eta sozialak dira, desberdintasuna ustiatzeko egituratuak, eta ez desberdintasuna ospatzeko. Sistema esklabistan, gorputz arrazializatuak, alegia, gorputz beltzak, ez dira desberdinak: esplotatuak dira. Gorputz arrazializatuek, —gure kasuan— gorputz sexualizatuek, gizadia produzitzen, sortzen, garbitzen, hezitzen eta zaintzen dute, dohainik eta beharturik, askotan. Gizadia produzitzeko, esplotazioa erabiltzen da, eta, beraz, sexualizazio operazio horren bidez egiten da. Berriro diot: egunero, zuen etxean, lanean, kalean.

Hortaz, Monique Wittigi segika, proposatzen dut klase politiko eta sozioekonomiko gisa ulertzea arraza eta generoa; jabea-langilea klase desberdintasuna beste klase borroka bat da, baina ez bakarra, eta ez da garrantzitsuagoa klase borroka patriarkala baino: gizona-emakumea klase borroka baino, zeinean gizona-emakumea ez baita desberdintasun bat, baizik eta menderakuntza bat, kapitalista-langilea edo zuria-beltza bereizketa desberdintasun bat ez baizik esplotazio mekanismo bat den bezalaxe, Angela Davisen tankeran esanda.

(Erredakzioan itzulia, gaztelaniaz

'Diagonal'-erako egina)

BERRIAn argitaratua (2016/02/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA