kultura
Termak Pirinioen magalean
Joxerra Senar
Izan ere, harrizko eraikin hark gutxienez hiru mende eta erdi iraun zuen zutik: «350 urte horietan, eraikinak bizitza eta eraldaketa ugari izan ditu, eta, horregatik, ez dakigu urte horietan guztietan termak izan ziren, baina bai gutxienez hainbat fasetan bainuetxe publikoa izan zela», azaldu du Oihane Mendizabal Aranzadiko ikerlariak.
Ekhine Garcia Aranzadiko kidearekin eta Londresko Arkeologia Museoko beste bi kiderekin batera, hiru astez indusketa zuzendu du Mendizabalek. Gainera, Arkeologia ikasten ari diren hamalau boluntario izan dituzte lagun. Aurizko Udalaren laguntza eskertu dute, eta azpimarratu dute aurrera egiteko finantzaketa behar dutela. Igandean, 11:00etatik aurrera, ateak irekiko dituzte Auritzen, Zalduako eremuan, egindako lana azaltzeko.
Hipokaustoaren aztarnak
Mendizabalen arabera, aurreko urtean egindako indusketan ere eraikinaren funtzioari buruzko hipotesia lantzeko aztarnak bildu zituzten, baina «testuingururik gabe». Aurten, ordea, puzzle hori osatzeko frogak aurkitu dituzte. Nola? Terma erromatarretan igerileku bero eta hotzak, aldagelak eta ataria egon ohi ziren. Igerileku beroetan, berriz, hipokausto izeneko berogailu sistema erabili ohi zuten: inguruko labe batean berotutako airea mugitzeko, hutsune bat sortzen zuten, eta aire ganbera hori metro erdi inguruko zutabetxo batzuen bidez sostengatzen zuten. Era berean, airea behetik gora mugitzeko, horman beste hutsune bat eratzen zuten.
Hain zuzen, hipokaustoaren zutabetxo horien aztarnak atzeman dituzte: borobil formako adreiluak eta adreilu karratuak. Azken horiek «tokian bertan» zeuden, eta zoruan adreiluen markak aurkitu dituzte. «Gainera, zutabetxo horien inguruko geruza kolore beltzekoa da; labearekin konektatuta zegoenez, ikatzak eta keak zikindu egingo zuten», azaldu du Mendizabalek.
Eraikinak gauza asko ditu argitzeko oraindik. Adibidez, datozen urteetan jarraitu nahi duten ikerketan termen beste aretoen aztarna gehiago ager daitezke, baina bestelako ezusteak ere gorde ditzake. Izan ere, eraikinaren zati baten indusketa besterik ez dute egin bi urteotan. Uste dute 600 metro koadroko azalera izan zuela gutxienez. «350 urte horietan, etengabeko aldaketak eta birmoldaketak izan zituen, eta nahiko zaila da interpretatzea garai bakoitzean zein zen eraikinaren itxura edo hedadura».
Hain eremu txikian garai zabal horrek utzitako arrastoen interpretazioa egiteak badu konplexutasuna. Adibidez, gaur egun Zalduan oinezko orok zapaltzen duen zorua metro bat gorago zegoen duela bi mila urte. Epe luze horretan ebatsi diren harriek edo erosioak zaildu egiten dute ikerketa. Hain zuzen ere, Londresko Arkeologia Museoa espezializatuta dago hirigune erromatarren indusketa arkeologikoan: «Londresen erabili ohi dugun sistema erabiltzen laguntzen diegu boluntarioei. Baliagarria da geruza oso sakoneko eraikinak industeko eta ulertzeko», azaldu du Carla Tommasino museoko ikerlariak.
Grabatu «berezia»
Aurten, badago beste aurkikuntza nabarmen bat. Harri batean, itxura antropomorfoa duen irudi bat agertu da, eta, haren azpian, hiru hizki: T, E eta hirugarren letra baten zati bat. Goiz da ezer ondorioztatzeko, baina, Aranzadik kontsultatutako adituen arabera, «berezia» da. Nafarroan «hatzarekin zenba daitezke» antzeko grabatuak, Mendizabalen esanetan.
Oraindik ere galdera ugari daude erantzuteko. Erromatarren kokaguneak lau hektarea eta erdi hartu zituen, eta haren zati txiki bat besterik ez da ikertu orain arte. Adibidez, ez da egiaztatu haren izena: garai hartako idatzietan agertutako Summun Pirineum edo Iturissa izan liteke, baina, metodologia zientifikoak eskatzen duen frogarik gabe, ez dago ezer zehatz-mehatz ziurtatzerik.