astekaria 2019/07/26
arrowItzuli

kultura

Joan Baezen azken bertsioa

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Joan Baezen azken bertsioa

Bob Dylanen bertsio batekin, nola ez. Dont' Think Twice, It's All Right kantarekin abiatu zuen Joan Baezek (Staten Island, AEB, 1941) atzoko kontzertua, Zurriola hondartzan. Joan Manuel Serraten Llegó con tres heridas eta Janis Joplinek betikotutako Me and Bobby McGee-rekin segitu zuen. Kantariaren ahotsetan eguneko beroa urtzeko gogoz bertaratua zen jendetzak hasieratik erakutsi zuen txalo jotzeko gogoa. Ez alferrik, folk musikako eta protesta kantagintzako kondaira baten kondar kontzertua entzuten ari ziren.

1958an abiatu zuen musikari ibilbidea Baezek. Urte hartan hasi zen jendaurrean kantatzen; eta 1959koa da Folksingers 'Round Harvard Square diskoa, zeinetan Bill Wood eta Ted Alevizosekin batera hainbat kanta tradizional kantatzen zituen. Joan dira 60 urte ordutik, eta, tartean, Vietnamgo eta beste gerra askoren aurkako eta eskubide zibilen aldeko kantak, ereserki bihurtu diren hamaika pieza -bereak zein besterenak- jo ditu nonahi. Atzo ere bai. Errefuxiatu eta migratzaileentzat izan zituen lehen hitzak.

Igandean esango dio agur Baezek musikari ibilbide horri, Madrilen, eta amaierarako bide horretan egokitu da Euskal Herrian, Donostiako 54. Jazzaldian. Azken-laugarren kontzertua zuen atzokoa, eta ez zuen hutsik egin. Dirk Powell (biolina, banjoa, mandolina, gitarra, akordeoia eta teklatuak), Gabriel Harris semea (perkusioa) eta Grace Stumberg (ahotsak) izan zituen oholtzan lagun.

«Txoria txori behar du izan kontzertuko unerik magikoena», zioen igandean Jazzaldiko zuzendariak, Miguel Martinek. Eskatu ere, birritan eskatua omen zioten ordurako Laboaren abestia kanta zezan. Eta Baezek kantatu. Bertsio gehiago ere izan ziren, jakina. Violeta Parraren Gracias a la vida, Leonard Cohenen Suzanne, John Lennonen Imagine eta No nos moverán, besteak beste.

Terrazak ere beteta

Zurriolako kontzertuaren aurretik 20:45ean puntuan hasi zen-, 19:30etik, abian zen Jazz Band Ball jaialdia Kursaal atzeko hiru guneetan: Ola Onabule (Frigo gunean), Rei (Heineken terrazan) eta Saxophone Con-Claveren (Coca-Cola gunean) emanaldiekin, haize bolada artean. Jende asko bildu zen hiruretan.

Ola Onabule anglo-nigertarraren ahotsak, John Crawford (pianoa), Guillermo Hill (gitarra), Patrick Scales (kontrabaxua), Will Fry (perkusioa) eta Christopher Nickolls (bateria) lagun, soul doinuz gozatu zituen bertaratutako guztiak. Iragarri bezala aritu zen: dotore, benetako eta oso. Londresen jaioa da Onabule; haur zela Lagosera aldatu zen familiarekin; eta nerabezaroan itzuli Ingalaterrara. Han hasi zuen jazz munduan oparoa gertatu zaion ibilbidea. 1995ean eman zuen lehen diskoa: More Soul Than Sense. Atzo, identitateaz, adiskidetzeaz eta herriminaz mintzo diren abestiak abestu zituen, oraingoz azkena duen It's the Peace that Deafens (2015) diskokoak.

Handik metro gutxira, Reiren (Hyogo, Japonia, 1993) gitarra eta ahotsa ziren protagonista. Japonian jaioa baina New Yorken hazia da, eta bere herrialdeko blues-popeko izar berri; gitarra jotzeko dituen dohain bereziak agerian utzi zituen, Katsuhiro Mafune (baxua) eta Miyoko Yamaguchi (bateria) lagun zituela. Hiruren artean astindu zuten Heineken terraza, Fly (2018) diskoko piezaz pieza.

Jazz Band Balleko hirugarren gunean, Saxophone Con-Clave taldeak ere -John Coltraneren Tenor Conclave (1957) diskotik hartua dute izena- nahikoa lan izan zuen oholtzan sartzen. Toki justua izanik ere, Coltraneren eta beste hainbat musikari handiren piezak Karibeko erritmoetara errenditu zituen, Andrew Krahm (saxo altua), Steven Walker (saxo altua), James Miceli (saxo tenorra), Jeff Lederer (saxo tenorra), Teji Vega (saxo baritonoa), Brandon Rivas (tronboia), Gregory Franz (pianoa), Sean Dullaghan (baxua), Ellis Holmes (bateria) eta Melissa Miglianok (bibrafonoa, perkusioa) osatzen duten bandak.

BERRIAn argitaratua (2019/07/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA