astekaria 2019/07/26
arrowItzuli

mundua

Johnsonek 'brexit'-erako akordio «hobe eta berri bat» agindu du

Igor Susaeta

Johnsonek 'brexit'-erako akordio «hobe eta berri bat» agindu du

Boris Johnsonek badu fedea EB Europako Batasunean, nahiz eta Bruselak hamaika aldiz errepikatu duen ez duela aldatuko Londresekin brexit-erako joan den azaroan adostutako akordioa. Baina Erresuma Batuko lehen ministro berriak kargua hartu eta segituan Downing Streeteko 10. zenbakiko atarian adierazi zuenez, itun «berri eta hobe bat» negoziatuko du EBko funtzionarioekin. Hori agindu zien herritarrei atzo, eta, gainera, nabarmendu zuen horri buruzko zalantzak dituzten «zoritxar igarleei» erakutsiko diela «oker» daudela. Herenegun Alderdi Kontserbadoreko lider berria hautatua izan zenak badu konfiantza, gainera, baita bere buruarengan ere.

Donald Tusk Europar Kontseiluko buruak eskutitz bat bidali zion atzo Johnsoni, bi aldeen arteko «lankidetzaz» eztabaidatzeko batzar baterako gonbita eginez. Bruselarentzat, ordea, Michel Barnier brexit-erako EBren negozitzaileak herenegun mahai gaineratu zuenez, dibortziorako «itunaren oinarriak» jarrita daude.

Lehen ministro euroeszeptikoak, azken hilabeteetan Theresa Mayren jarrera aho bizarrik gabe kritikatu duenak, urriaren 31rako, EBk jarritako epemugarako, brexit-a kosta ahala kosta gauzatuko duela dio. Azken zazpi hilabeteetan Komunen Ganberak hirutan bozkatu du Bruselak eta May azken hiru urteotan lehen ministroa izan denak adostutakoaren kontra, baina itunik gabe dibortziatzea ere baztertu du. Atzo adierazitakoa kontuan hartuta, ordea, Johnson sinestuta dago akordioa aldatuko duela, eta itunik gabe klubetik ateratzea «aukera gertagaitza» dela. Hori bai, beste jokaleku bat aurreikusten du: itunik gabe dibortziatzea. Eta onartu zuen baietz, egoera horrek ondorioak ekarriko dituela. «Bai, itunik ez badago zailtasunak egongo dira». Elite ekonomikoak dardarka hasten dira aukera hori aipatzen den bakoitzean, eta elite horiei mezu bat helarazi nahi izan zien Johnsonek: «Ez dira erabakiak arazoak eragiten dituztenak, baizik eta erabakiak hartzeari muzin egiteak eragiten ditu arazoak». Eta gogoratu nahi izan zuen, bide batez, dibortzioagatik EBri zor dizkion 44.000 milioi euroei eutsiko diela Erresuma Batuak, itunik gabe ateratzen bada.

Parlamentuan ituna onartzeko egindako bozketetan, argi geratu da kontserbadore euroeszeptikoenek eta DUPekoek guztiz baztertzen dutela Irlandan muga gogor bat eragotziko lukeen backstop protokoloa. Johnsonentzat «antidemokratikoa» da akordioko klausula hori. Hori aldatu beharko du ituna ganberan onartua izateko bidean jartzeko, eta ba omen ditu, hala adierazi izan du, «alternatibak», baina EBko iturriak aipatuz The Guardian-ek atzo argitaratu zuenez, Bruselarentzat «zaborra» besterik ez dira. Johnsonek ez ditu aipatu alternatiba horiek.

Mayk ere ez zion, atzo, hitzez esan akordiorik gabe ateratzeko ideia baztertu dezala, baina hori iradoki zion Johnsoni. Duela hilabete pasa eman zuen dimisioa zuen Mayk, baina protokoloak hala aginduta, jendaurreko bi agerraldi egin behar izan zituen atzo. Komunen Ganberan mintzatu zen eguerdian, eta bezperan esandakoa berretsi zuen: diputatu torya izaten jarraituko duela.

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiak hitza hartu zuen, eta Mayk «zerbitzu publikorako» erakutsi duen gaitasuna goratu. Halere, elkarri botatako loreak gorabehera, ganberako eztabaidan ezin izan zuten saihestu brexit-az eta dibortzioa gauzatzeko zailtasunez eztabaidatzea. Hain zuzen, zailtasun horiek berek eraman zuten May dimititzera. Eta abagunea baliatu zuen laboristen liderrari leporatzeko EBrekin irteerarako adostutako akordioaren kontra bozkatu zuela, eta horregatik «lotsa» sentitu beharko lukeela. Alderdiaren lidertza uzteko eskatu zion.

Ministro aldaketak

Pare bat ordu geroago Downing Streeteko 10. zenbakiaren aurrean egindako agerraldian, bestetik, bere agintaldiko «lorpenak» zerrendatu zituen: ekonomia «berrezarri» duela, zerbitzu publikoak «erreformatu» dituela, eta Erresuma Batuaren balioak defendatu dituela nazioartean.

Iluntzean, berriz, kabinetearen lehen zerrenda eman zuen Johnsonek. Ministro gehienak aldatu ditu, eta zenbait mugimendu adierazgarriak izan dira. Esate baterako, Mayren brexit-erako azken ministroa, Stephen Barclay, postuan mantendu du. Toryen buruzagi izateko beste finalistak, Jeremy Huntek, Atzerri Ministerioa utzi du, eta Dominic Raab euroeszeptiko sutsuak hartu du haren tokia.

BERRIAn argitaratua (2019/07/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA