ekonomia
Lan Ikuskaritzak berrikusitako kontratuen %25 iruzurgileak dira
Jon Fernandez
Lehenengo siehilekoan 12.348 kontratu berrikusi ditu Lan Ikuskaritzak, aurreko urteko lehen erdian baino %24,4 gehiago. Hala ere, joan den urteko aldi berean baino mila iruzur kasu gutxiago aurkitu ditu Ikuskaritzak, San Jose sailburuak azaldu zuenez. «Albiste ona da, eta, urte amaieran joera hori baieztatzen bada, esan nahiko du enpresaburuek, aldi baterako kontratuen gehiegizko erabilpena egiten badute ere, iruzur gutxiago egiten dutela kontratazioan. Hori gertatzeko, uste dugu funtsezkoa izan dela lan iruzurraren aurka abiarazi dugun kanpaina», gaineratu zuen.
Maria Jesus San Josek nabarmendu zuen langabezia murriztea dela Eusko Jaurlaritzaren helburua, «baina inoiz ere ez prekaritatearen kontura», erantsi zuen. «Kalitatezko lanpostuak nahi ditugu, gure gazteei eta helduei beren bizitza proiektua garatzen laguntzeko».
Legegintzaldiaren joera da
2016. urtetik gaur arte, azken legealdian Lan Ikuskaritzaren esku hartzeak izandako emaitzak ere plazaratu zituen sailburuak. Denera, ia hiru urtean, 13.000 kontratu aldarazi ditu Lan Ikuskaritzak, eta horietatik 10.970ek (%85 ia) aldi baterako kontratu izateari utzi, eta mugagabe bihurrarazi ditu; beste 1.936 kontratutan (%15 inguru), berriz, lanaldia luzatu dute.
Azken seihilekoan, beraz, legealdian islatu den joera berari eutsi dio kontratazioaren iruzur motak, eta enpresarien lege hauste nagusia, kontratazioaren alorrean, aldi baterakotasun faltsuarena da.