ekonomia
Gerizperik ez lan arriskuentzat
Joxerra Senar
«Beroa arrisku handia da osasunarentzat, eta duen garrantzia aitortu behar zaio», nabarmendu du Luli Eraso LABeko Lan Osasuneko arduradunak. Erasoren hitzetan, gauza bat da tenperatura desegokietan lan egitea, eta bestea, beroak eragindako estres termikoa sortzea. Kasu horretan, gehiegizko beroak eta esfortzuak, hezetasun handiak eta behar bezala ez izerditzeak gorputz barruko tenperatura igoarazi dezake 36,5 gradutik 40 gradura. «Igo ahala, osasunari kalte egin diezaioke, eta, kasu larrienetan, 40 gradutik gora, heriotza eragin».
Irudi luke hegoalderago ematen direla heriotzak, baina, duela bi urte, LABek salatu zuen Lesakan basogintzan eta eguzkipean ziharduen langile bat bero kolpe baten ondorioz hil zela. Iazko udan, berriz, eraikuntzan bihotzeko bat eman zion langile bati, Iruñean, eta, sindikatuaren ustez, beroak zerikusi handia izan zuen.
«Benetan penagarriena da ez dagoela arautuko duen ezer. Ez dago kanpoko baldintzei buruzko irizpiderik. Gomendioak ematen dira, eta legeak hitz egiten du tenperatura kontrola dezaketen espazioez, baina kanpoko jardueren gaineko irizpiderik ez dago», azaldu du Marisol Vicentek, Nafarroako UGTko politika sindikaleko arduradunak.
Sindikatuen esku hartzea
Berez, 1997ko dekretu batek arautzen ditu lantokietako tenperatura, hezetasuna eta inguruko baldintzak. Gainera, ekoizpenaren ondorioz hainbat sektoretan muturreko tenperaturekin lan egiten duten hainbat enpresek eta bertako langileek baldintza gogorrak badituzte ere, osasun arriskuei aurre egiteko prebentzio protokoloak dituzte bederen: hala nola fundizioak, okindegietako labe handiak, beiragintzako fabrikak, hozkailuekin lan egiten duten lantokiak...
Kanpoan lan egiten duten langileen kasuan, Gizarte Segurantzak, Osalanek, Nafarroako Lan Osasuneko Institutuak, Espainiako Lan Ministerioak edo sindikatuek eurek aholku ugari ematen dituzte estres termikoa ekiditeko. «Oinarrizko gomendioak dira: arropa egokia eman; itzalpean egoteko aukera eman; lan itunetan atsedenaldiak eta etenaldiak arautu; txanoak, eguzkitakoak eta kremak banatu...», azaldu du CCOOko Carmen Sesmak.
Dena den, arriskua saihesteko, lanaldia murriztea edo mugatzea da egokiena. Adibidez, eraikuntzan eta obra publikoetan, eguzki gutxieneko orduetan lan egitea aholkatzen da: «Adibidez, saiatzen dira lehen orduetan egiten eraikin kanpoko lanak, eta barrukoak puntako orduetan egiten. Erriberan, berriz, laborantzan, uzta bilketa goizaldean egin ohi dute, edo, bestela, arratserako utzi, 19:00etatik aurrera», zehaztu du Marisol Vicentek.
Loli Erasoren arabera, enpresa guztiak behartuta daude lan arriskuen prebentziorako planak egitera, eta muturreko eguraldiagatik kanpoan lan egiten dutenen arriskuak jaso behar lirateke. «Jasoko ez balira, sindikatuek esku hartzen dugu, eta neurri zuzentzaileak hartzera behartzen ditugu», dio Erasok. Hala ere, zer gertatzen da neurriak hartzen ez badira? «Kanpoan 35 gradu egin eta sindikatuko ordezkariek esaten badigute ez direla neurri egokiak hartu, lana geldi dezakete, eta lan ikuskaritzari ohartarazi», azaldu du Erasok. Lan ikuskaritza behartuta dago 24 ordu baino lehen lantokira bertaratzera.
Vicenteren arabera, enpresek, orokorrean, betetzen dituzte prebentzio neurriak, eta kontzientziazioak hobera egin du urteotan. Denak den, Sesmak eta Erasok nabarmendu dute oraindik orain «denetariko egoerak» daudela. «Sindikatuen presentzia garrantzitsua da, errazagoa baita segurtasun arloko akordioak erdiestea. Sindikaturik gabe, egoera zaildu egiten da», ohartarazi du. «Falta da prebentzioa paperetik errealitatera pasatzea. Askotan, prebentzio planetan ez dira benetako arriskuak jasotzen», zehaztu du Erasok. Haien lan osasuna jokoan dagoen heinean, sindikatuek funtsezkotzat jotzen dute langileek informazioa eta prestakuntza izatea, zer egin jakiteko eta gehiegikeriak salatzeko.
Bero izango da gaur eta bihar ere, eta su arrisku handia dago
Arrasateko osasun langileek «beroaren arazoa» salatu dute