astekaria 2016/02/05
arrowItzuli

ekonomia

Kosta ahala kosta, kostaldetik at

Oihan Vitoria

Kosta ahala kosta, kostaldetik at

Haizeak alde jotzen du berriro kostaldean. Ur nahasiak baretzen hasiak dira, eta, itsasgora aprobetxatuta, turismoaren olatua hartu nahi dute Hego Euskal Herriko erakundeek. Egun batetik bestera eta urrun joan barik plan zeharo ezberdinak egin ditzaketela ikusarazi nahi diete turistei, kostaldeaz harago ere bizia badela; barnealdean gastronomia, kultura, natura, kirola eta historia nahierara uztar ditzaketela, dena eskura eta gertu. Azkeneko urtean, 4,2 milioi bisitarik zapaldu dute Hego Euskal Herria, baina, nahiz eta inoizko datu onenak izan, erakundeak ez dira erabat gustura gelditu: hazteko tarte handia ikusten dute hirietatik at.

Nafarroak 1,2 milioi turista baino gehiago hartu zituen iaz, eta ia erdiak (503.357) Iruñetik pasatu ziren. Batik bat, atzerritarretan nabaritu dute gorakada: %12 ugaritu dira, eta turisten %27 dira ja. Tradizioari jarraiki, Ingalaterra, Belgika eta Herbehereetatik etortzen dira gehienak, bi egunerako; landaguneak nahi izaten dituzte. Nagusiki, baina, inguruko bisitariak jasotzen ditu Nafarroak: turisten %73 Euskal Herritik, Kataluniatik eta Espainiatik iristen dira. Nafarroako Turismo zuzendari Maitena Ezkutarik pozarren goraipatu du Euskal Herriko bezeroak erreferente direla berriro, krisiko makalaldiari buelta emanda. «Iaz baino %10 gehiago dira», esan du, Fitur turismo azokan lehertzeraino aritu direla gogoan. Ahaleginak merezi izan du, ostera: erakusmahai onenaren saria jaso dute Madrilgo azokan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere inoizko datu onenak lortu ditu turismoak azken urtean: hiru milioi bisitariren langa gainditu du. Ez kasualitatez, Jaurlaritzako Turismo zuzendari Mertxe Garmendiaren hitzetan. «Bereizten gaituen Euskadi Basque Country marka gogor jorratu dugulako hautsi ditugu markak». 2,8 milioi lagunek hartu zuten ostatu iaz hoteletan, 2014an baino %8,8 gehiagok. «Bisitariengan arreta jartzeak, eskaintzak gaurkotzeak eta enpresen lehiakortasuna hobetzeak ekarri du igoera hori».

Neurri batean, hiriko turismoa da Hego Euskal Herriko turismoaren ardatz nagusi. Europako batez bestekoaren pare, bizpahiru eguneko egonaldiak egiten dituzte hiriburuetan bisitari gehienek, eta hiru puntu handitu da okupazioa. Erakundeek, ordea, ez dute nahikotzat, eta ekin diote eskaintza barnealdeko udalerrietara ere hedatzeari. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza bera dira horren isla. «Behin etorrita, turistek Euskadiko lurralde guztia ezagutzea nahi dugu, ez soilik kostaldea edo hiriburuak», azaldu du Garmendiak, 2015eko datuak hizpide hartuta.

Argia da urteotako joera: hiriak eta kostaldea indartzen ari dira, baina barnealdea ez da hein berean hazten ari; 225.000 bisitarik baino ez zuten egin iaz landa turismoaren aldeko hautua. Horregatik, egonaldiak luzatzea eta turistak barnealdera mugitzea da erronka. Baina zer egin daiteke bidaiariak ohiko tokietatik atera eta paraje ezezagunagoetara erakartzeko? Atzera begiratu, erroetara bueltatu, eta iraganeko istorioak berreskuratzearen aldeko apustua egin du Eusko Jaurlaritzak, ibilbideen liburuxka bat kaleratuta. «Historikoki asko landu da kostaldearen eskaintza, eta oso ezaguna da, baina gero eta gehiagok jotzen dute landetxe eta kanpalekuetara. Horien pisua dezente igo da». Dena dela, eskaintzak egokitu eta touring produktuak areagotu egin behar direla uste du Ezkutarik, landetxeei nekeza baitzaie hirien kontra lehiatzea. Lan bateratu hori landetxeen eskutik egingo du Nafarroak, 90eko hamarkadako espiritua berreskuratzeko asmoz: «Jakin nahi dugu ea egin diren eskaintzak bat datozen bezeroek eskatzen dutenarekin».

Turismo eredu selektiboa

Are gehiago, turisten %16 bertakoak eta %37 atzerritarrak badira. «Hiriburuetan bertako turismoak apenas daukan pisurik: Gasteizen, Espainiako bisitariak gailentzen dira, bereziki; Bilbon eta Donostian, berriz, %55 dira Euskal Herritik eta Espainiatik kanpokoak». Izan ere, atzerritarren artean espainiarrak (%47) eta frantsesak (%10) dira oraindik nagusi. Hori bai, barnealdera jotzen duten bidaiari gehienak bertakoak dira; frantsesak kostaldera joaten dira. Horri helduta, mitologia, natura, ongizatea eta familia ardatz dituen ibilbide sorta bat prestatu du Eusko Jaurlaritzak. Euskal mitologiako pertsonaiak dira txangoetako hari gidari: «Lamia, Tartalo, Basajaun... Historiaren bitartez, denetik ezagutzea eta istorioak mimoz kontatzea da helburua». Toti Martinez de Lezeak hartu du testuak idazteko ardura. «Helmuga turistikoetako kondairak dira, xarmaz kontatuak. Euskadi hobeto ezagutzen lagunduko dute».

Sanferminak dira Nafarroako ikur turistikoetako bat, baina erakundeak ez daude harro jaiak azken urteotan hartu duen ildoarekin. «Garai traketsa pasatzen ari dira sanferminak. Kanpotik ikusten den irudia zakartuz joan da, eta Tomatinaren pare dago egun: zaku berean». Ezkutariren hitzetan, beste jaietatik ezberdindu eta duintasuna eman nahi diete sanferminei. Zelan? Erroetara jo, eta hasierako izaera berreskuratuta. «Udalarekin landuko dugu nola saldu sanferminak atzerrian, denak ez baitu balio. Hemen ohituta gaude zezenen irudira edo ardoa burutik behera botatzera; askoz delikatuagoa da gaia atzerrian».

Jaurlaritzak ere ez ditu turistak sarearekin arrantzatu nahi. Denbora-pasa hutsaleko egonaldiez haratago, selektiboa izateko premisa du. Gaur-gaurkoz, Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara heltzen diren turisten %25 city break deritzonak dira; aisialdi eskaintzen harira heltzen dira. Turisten %21, berriz, gastronomiak bultzaturik etortzen dira, eta %15, kultur ekitaldien ondorioz. Atseden hartzera eta lasaitasun bila datozenei tokia egin nahi diete aurrerantzean.

«Ez nolanahiko hazkundea»

Edonola ere, orain artekoari eutsi eta aurrera begira beste norabide bat hartu nahi dute Hegoaldeko erakundeek: kongresuak, kultur ekitaldiak eta golfa, adibidez, estrategikotzat jo dituzte. Baita Donostia 2016 hiriburutza ere. «Hilabete eskasean, 20.000 lanpostu sortu ditu ia-ia». Eta Garmendiak ziurtatu du domino efektua izango duela lurralde osoan. Nafarroan, gastronomia eta natura proposamenak indartu asmo dituzte, erakargarritasunean sakontzeko. Turistak fidelizatzeko beta ikusten du hor Ezkutarik: «Aurreikuspenik gabe etorri, eta harrituta joaten dira asko, gogobeteta».

Oro har, turismoaren indarra «ukaezina» dela uste dute Jaurlaritzako eta Nafarroako Turismo zuzendariek. BPG barne produktu gordinaren %5,3tik %6ra igaro da EAEn turismoa, eta lan eskerga ere sortu du: ia ehun mila langile gehiago ditu. Nafarroan, BPGaren %7 dagokio sektore horri. Garmendiaren aburuz, baina, goraldi horrek garapen eredu bati erantzun beharko lioke. «Hazkundea bai, baina ez edonolakoa: geuri interesatzen zaiguna baizik. Zaindu beharreko industria da».

Iritzi berekoa da Ezkutari. Haren ustez, turista mota da garrantzitsuena, ez hainbeste kopurua, landa eremuko eskaintzei erreferentzia eginez. «Zenbakien atzean, herrietatik joan ez diren pertsonak daude, herriei bizia ematen dietenak». Eragin sozial hori «puntuala» izan ez dadin, lehen lerrora eraman behar dela dio Nafarroako Turismo buruak, betiere hiriekiko perspektiba galdu gabe: «Turismoak dakarrena ez da soilik postal polit bat. Egindako lana herrien garapenean igarri behar da, gazteak herrian geratzeko».

Eusko Jaurlaritzak iraunkortasuna sustatzea jarri du aurrera begirako erronka gisa. «Bisitarien kontzientzietan eragin eta ohitura iraunkorrak bultzatzeko baliatu nahi ditugu esperientzia turistikoak». Izan ere, goia jo ez, turismoa are gehiago hazi daitekeela dio Garmendiak. Bat dator Ezkutari: «Muga urrun daukagu. Gauza batzuengatik soilik gara ezagunak, ez sakonki». Gertutasunari zukua atera, eta lankidetza indartzeko urratsak ere egingo ditu Nafarroak. «Donostiara joaten direnak Iruñera ere etortzen dira. Bateratu egin daitezke eskaintzak».

BERRIAn argitaratua (2016/02/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA