astekaria 2019/07/26
arrowItzuli

kirola

JOSE JAVIER ZABALETA

«Udan lehia asko izaten ditugu, baina nik disfrutatu egiten dut»

Ainara Arratibel Gascon

«Udan lehia asko izaten ditugu, baina nik disfrutatu egiten dut»

Jose Javier Zabaletak uste du pilotariak behar duela udazkenean eta neguan txapelketek eragiten duten «tentsio eta presio puntu hori». «Gainera, entrenatzeko denbora gehiago daukagu, eta hobekuntza hortik dator». Baina, era berean, argi du: «Pilotariak nahi izaten duena partidak jokatzea da». Uda sasoi aproposa da horretarako.

Ezin hobeto hasi duzu uda, Joseba Ezkurdiarekin batera San Fermin torneoa irabazita. Gustura egongo zara, ezta?

Bai, oso pozik nago. Binakako Txapelketako finala galdu eta gero, geldirik eman nituen aste batzuk. Atseden apur bat behar nuen, eta sentipen onak berreskuratu. Ondoren, uda ondo prestatzeari ekin nion. Zorionez, gauzak ondo hasi dira; partida asko jokatzen ari naiz, eta uste dut sanferminetan hiru norgehiagoka on jokatu nituela.

San Fermin torneoa irabazi gabea zinen. Berezia izan zen garaipena? Are gehiago kontuan hartuta torneoko pilotaririk onena izendatu zintuztela.

Bai, oso berezia, nafarra izanda eta Labrit beteta ikusita. Banuen irabazteko gogoa. Pilotaririk onenaren saria, berriz, Josebari [Ezkurdia] esker lortu dut, eta hari ere eskertu nahi diot.

Inoizko sasoirik onenean zaudela esan daiteke?

Hori besteek esan behar dute. Baina pozik nago; eskuetatik ia ez dut sufritzen, eta jokoarekin nago. Ea horrela jarraitzen dugun. Buruan dudan gauza bakarra hobetzen eta ikasten segitzea da, lehia handia baita.

Lasaitasuna ematen al du garai honetako jaialdi maratoia torneo bat irabazten hasteak?

Ez dakit. Aurreko urteetan ez nuen San Fermin torneoa irabazi, eta gero uda oso ondo joan zen. Intentsitate, ilusio eta gogo berdinekin jarraitu nahi dut, orain dudan sasoi eta joko mailari eusteko, lehia handia baitago enpresako atzelarien artean. Partida asko ditugu udan, baina nik disfrutatu egiten dut; pilotarioi partidak jokatzea gustatzen zaigu.

Eskuak ondo izatea da gakoetako bat. Asko sufritzen dute hainbeste partida jokatuta?

Esaten dute txapelketetan gehiago sufritzen dutela. Nire kasuan, alde horretatik zortea izan dut, ondo aguantatzen didatelako oro har, bai txapelketetan, baita udan ere. Partida gutxi utzi behar izaten ditut jokatu gabe horregatik.

Aurreikusita duzu zenbat partida jokatuko dituzun uda honetan?

Oraingoz, uztailekoak baino ez dakizkit. Ezusterik ezean, bederatzi jokatuko ditut. Jada bost jokatu ditut, eta beste lau falta zaizkit. Abuztuko eta iraileko egutegia ez digute eman oraindik, aurrerago esango digute. Baina hilabete horietan ere zortzi edo bederatzi jokatuko ditut, ziurrenik. Beraz, 30 bat jokatuko ditudala uste dut; kopuru polita da.

Nekagarriena autoarekin hainbeste kilometro egitea al da?

Bai, urteroko kontua da: jokatzen duenak kilometro asko egiten ditu autoarekin. Baina hori ez da traba bat; urte osoan gaude ohituta horretara.

Izaten duzue denbora taxuz entrenatzeko?

Askorik ez, partidekin nahikoa izaten dugu. Uda sasoi honetan garrantzitsuagoa da atsedena, ondo elikatzea... Hor dago sasoiari eusteko gakoa.

Sanferminetakoaren ondoren, ba al duzu beste torneoren bat begiz jota?

Bai. Gasteizko eta Donostiako feriak oso gustuko ditut. Batez ere Ogeta oso pilotaleku aproposa da nire ezaugarrietarako. Disfrutatu egiten dut han jokatzen. Behin baino gehiagotan irabazi ditut bi torneoak, eta errepikatzea gustatuko litzaidake.

Oraindik ez da argitu, ordea, Gasteizko torneoa jokatuko ote den. Zer dakizue horretaz? Pena litzateke ez jokatzea, ezta?

Asteartean Zornotzan jokatu nuen, eta, bertan esan zigutenaren arabera, bileretan ari dira udala eta enpresak. Antza, torneoa jokatuko da, baina partida gutxiagorekin. Ea hala den, pena litzatekeelako ez egitea. Ogeta pilotaleku historikoa da, eta beti izan da pilotazale asko partidak ikusten.

Zaleei dagokienez, alde handia dago jaietan antolatzen diren torneo eta partidak ikustera doazenen eta txapelketako lehiak ikustera doazenen artean?

Sanferminetakoetan egoten da alde handia. Aurten bertan ikusi da zale multzo handi bat parranda egitera joan dela frontoira, eta pilota ikusi nahi zuen jendea kanpoan geratu da. Niri gustatzen zait jende gaztea frontoira joatea, baina pilota ikustera eta pilotariak animatzera badoaz.

Eta zuen artean aldatzen da giroa?

Zertxobait bai. Aurkariekin gehiago hitz egiten duzu, eta txantxa gehiago egiten dituzu. Galduta ere, beti duzu egun gutxira arantza kentzeko aukera.

Zuk zer duzu nahiago, udazkenean eta neguan izaten duzuen martxa, edo udakoa?

Biak ditut gustuko. Neguan bost hilabete ematen ditugu Binakako Txapelketa jokatzen, astean partida bat jokatuta. Txapelketak eragiten duen tentsio hori ere behar du pilotariak. Gainera, entrenatzeko tarte gehiago duzu, eta hortik dator hobekuntza.

Nola ikusten dituzu enpresako beste atzelariak?

Oso maila onean, eta partida asko jokatzen. Ez dago lo hartzerik; Rezusta sanferminen aurretik estu ibili zen eskuetatik, baina osatu da, eta torneoan oso ondo ikusi nuen. Ladis Galarza ere maila ikaragarrian ikusi nuen.

Zer iritzi duzu Iñigo Bikuñaren debutaz?

Asko gustatu zitzaidan. Debutatu zuen astean berarekin bakarrik egon nintzen entrenatzen, Jokin Etxanizen aginduetara. Eskuinarekin asko ematen dio, eta ezkerrarekin ere ari da moldatzen. Zeresana emango du.

BERRIAn argitaratua (2019/07/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA