astekaria 2016/02/05
arrowItzuli

gizartea

Gipuzkoan beste lurraldeetan halako bi edo hiru kostatzen da hiri hondakinak tratatzea

Iñaki Petxarroman

Gipuzkoan beste lurraldeetan halako bi edo hiru kostatzen da hiri hondakinak tratatzea

Gipuzkoako hondakinen prezioa urrearen pare da. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) mankomunitateei ezarritako tarifek —%20ko igoera errefusarentzat eta %44tik gorakoa bio-hondakinarentzat— are eta gehiago handitu dute lehenago ere handia zen zama. Tarifa horiek ezarri zituzten 2015 bukaera aldean, hondakinak Kantabriara eramatea erabaki aurretik.

Beste herrialdeekin konparatuta, Gipuzkoako udalek bi aldiz gehiago ordaintzen dute errefusaren tratamenduagatik Araban eta Bizkaian baino, eta hiru aldiz gehiago Nafarroan baino. Organikoaren kasuan, are eta handiagoak dira aldeak. Izan ere, Gipuzkoan, batez beste, 130 euro ordaintzen dute organiko tona bakoitzeko (112 euro Debagoienean, 121 Sasietan eta Tolosan, 130 Urola Erdian, 138 Urola Kostan, San Markon eta Debabarrenean, eta 147 Txingudin). Nafarroan eta Araban, 30 euro ordaintzen dute, eta Ipar Euskal Herrian, 33 euro kobratzen die Bil ta Garbi sindikatuak udalei; alegia, lau aldiz gutxiago. Bizkaian, 46 euro ordaintzen dute organikoaren tratamenduarengatik. Hala izanik ere, bio-hondakinaren bilketa oso txikia da Gipuzkoa ez beste herrialdeetan, Nafarroako Sakanan izan ezik. Gipuzkoan 35.000 tona organiko bildu zituzten 2015ean (2014an baino 11.000 gehiago); Bizkaian, berriz, 3.600 tona jaso zituzten 2014an.

GHK-k errauste planta finantzatzeko La Caixa eta Banesto bankuekin sinatu zituen swap finantza produktuek zor handia sortu dute entitatean —50 milioi euro inguru—, eta horrek kinka larrian jarri du erakundearen egoera ekonomikoa. Jakina denez, diputazioak errauste planta finantzatzeko mailegua lortu zuen 2011n, baina Bilduk proiektua bertan behera utzi zuenean, swap-en interesak ordaintzen jarraitu behar izan zuen GHK-k. Zorraren ondorioz, diputazioaren babesa behar izan du GHK-k aurten. Hori nahikoa ez, eta igoera handia ezarri du tarifetan. Bi helbururekin: zorrari aurre egitea eta errauste planta berria finantzatzea. Horretarako, 300 milioi euro behar ditu Gipuzkoak. Aurreko diputazioak aurkeztu zuen plan alternatiboak —TMB, hondakin geldoen biltegia, biometanizazio eta konpost plantak— 130 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten zuen.

Gipuzkoan hondakinen tarifak asko igo ziren mankomunitateek eta diputazioak hondakinen kontsortzioa sortu eta errauste plantaren proiektua martxan jarri zenean. 2009ko uztailean bikoiztu egin zituen tarifak GHK-k —orduan EAJren esku— eta 45 eurotik 96ra igo zuen errefusaren tratamendua. Beste igoerarik handiena aurten egin dute: 144tik 173ra.

Birziklatzen dutenen kaltean

Gipuzkoako tarifa garestitzea are eta handiagoa izan da lehendik ere gehien birziklatzen zuten udalerrientzat. Izan ere, aurreko agintaldian, organikoa bereizita jasotzeagatik %50eko beherapena ezartzen zuen GHK-k. Hala, errefusarentzat zegoen tarifari (144 euro) %50 beherapena ezarrita, 72 euro ordaintzen zuten.

Orain bio-hondakinaren tarifaren beherapen hori %15 eta %35 bitartekoa da, birziklatzen den kopuruaren arabera. Baina, tarifa mankomunitateari aplikatzen zaionez, kaltetuta atera dira birziklatze tasa handiak dituzten zenbait udal. Esate baterako, San Marko Mankomunitatean, 35.000 euro ordaindu zituen iaz Lezok, eta aurten GHK-k ezarri dituen tarifa berriekin 68.000 euro ordaindu beharko ditu (%51 gehiago). Lezok %80tik gora birziklatzen du.

Hernanik, berriz, 256.509 euro ordaindu zituen iaz, eta 357.529 euro ordaindu beharko ditu aurten (%39,3 gehiago). Donostiak, berriz, herrialdean birziklatze tasa apalenetakoa (%38 inguru) eta errefus kopuru handiena sortu arren, askoz ere igoera txikiagoa izango du (%14,2), baina hark eragin du, tarifa orokorra mankomunitateari ezarriko zaionez, beste udal askori ezarri zaien demaseko igoera. Izan ere, donostiar bakoitzak 274,5 kilo errefus sortu zituen iaz, eta hernaniar bakoitzak, berriz, 53 kilo baino ez.

Astelehenean Urola Erdiko Mankomunitateak hartutako erabakiaren ondorioz, Lapatxeko zabortegian isuri ahal izango dute Gipuzkoako zabor nahasia heldu diren hilabeteotan, guztiz bete arte. Dagoeneko hainbat aukera aztertzen ari da GHK. Hondakinen zati bat (50.000 tona inguru) Kantabriako Merueloko zabortegira (Espainia) bideratzen hasi nahi dute aste honetan bertan, eta, horrez gain, atondu nahi dituzte hainbat zabortegi, besteak beste, Bergarako Epelekoa. Zabortegi hori, gaur egun, materia geldoaren biltegi industrial bat da, baina hilabete batzuk barru hiri hondakinak jasotzeko prest eduki nahi dute. Erabaki horrekin haserre, herritar talde batek elkarretaratze batera deitu ditu Debagoieneko herritarrak hilaren 16an Arrasaten, mankomunitatearen egoitzaren aurrean.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak beste zabortegi batzuk irekitzeko aukera aipatu du, baina ez du zehaztu non. Kantabriarako bidaia luzeak (175 kilometro daude Donostiatik Meruelora) %50 garestituko du hondakinen tratamendua, GHK-k jakinarazi duenez.

GHK-k ezarritako tasa berriek zalaparta handia eragin dute hainbat herritan. Besteak beste, asko birziklatu arren, euren tarifa bikoiztu zaien udalerrietan. San Markoko Mankomunitateko Oiartzun, Usurbil eta Hernaniko alkateek atzo salatu zuten GHK-k eta San Markok «zigortu» egiten dituztela gehien birziklatzen duten udalak. Politika horrek 177.000 euroko galera eragingo diela gaitzetsi dute, eta ohartarazi dute GHK-k «errauste plantarekiko itsukeriaz» jokatzen duela, herritarren interesen «aurka».

Ermua, Zabalgarbira bidean

Areago doa kezka. Ermua, Bizkaiko herria izan arren, Debabarreneko Mankomunitateko kidea da. Alabaina, BERRIAk jakin duenez, zaborrak Zabalgarbira eraman nahi ditu, GHK-k ezarri dituen tarifa berriak ikusita.

Izan ere, aldea handia da. GHK-k 173 euro kobratzen die udalei eta mankomunitateei errefus tona bakoitzeko, eta Zabalgarbiko errauste planta kudeatzen duen Garbiker enpresak, aldiz, 80,74 euro. Gainera, 2025era bitartean tarifa ez du handituko Garbikerrek, 2014an diputazioak onartu zuen foru dekretuaren arabera. Bilboren kasuan, gainera, udalak %50eko hobaria dauka hondakinak Zabalgarbira eramateagatik, hiriburuak oraindik ere Artigasko zabortegira isurtzen baitu hondakin kopuru handi bat. Bizkaian %30 inguruko birziklatze tasa orokorra dute. Gipuzkoan jada %50etik gorakoa.

Gauzak hala, esate baterako, Durangok (28.000 biztanle), aurtengo datuak berretsiz gero (7.500 tona errefus), 650.000 euro inguru euro ordainduko dizkio Garbikerri. Hernanik, berriz, (19.000 biztanle) 1.000 tona errefusengatik, 360.000 euro inguru ordaindu beharko ditu. Durangon, Bizkaiko herri gehienetan bezala, hondakin organikoak ez dituzte gaika biltzen, eta %28ko birziklatze tasa daukate. Hernanik %80 ingurukoa.

Hondakinen tarifarik apalenak Nafarroan dituzte. Iruñerriko Mankomunitatean, esaterako, 43,84 euroko tarifa ezarri du errefusa Gongorako zabortegira isurtzeagatik. Iruñerriko Mankomunitatea iaz hasi zen organikoa bereizita biltzen, eta oraingoz ez daukate konpost planta propiorik tratamendua egiteko. Hori dela-eta, Caparrosoko planta pribatu batera eramaten dute: 20 euro ordaintzen ditu tratamenduagatik eta 11 bidaiagatik.

Araban, berriz, igoera handia izan du errefusaren tarifak: 68,56 eurotik 80 eurora. Gasteizko udaletik BERRIAri azaldu diotenez, igoera izan da iaz Arabako kuadrilletako hondakinak Gardelegira eta Gasteizko azpiegituretara —TMB planta eta zabortegia— eramaten hasi zirelako.

Iparraldeko Bil ta Garbi sindikatuak 202 herri biltzen ditu, Ipar Euskal Herrikoak gehienak. Sindikatuak 137,50 euro kobratzen du hondakinak Sarrikotapeko, Canopiako eta Mendixkako guneetara eramateagatik. Hondakin organikoengatik 33 euro kobratzen du. Bizi Garbia sindikatuak, berriz, Lapurdiko eta Nafarroako bederatzi herriren hondakinak kudeatzen ditu, eta Senpereko zabortegira isurtzen du. Zaborraren bidez, biogasa lortzen dute elektrizitaterako. 104,5 euro kostatzen da isuritako tona bakoitza.

BERRIAn argitaratua (2016/02/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA