bizigiro
Erlearen eguna, Usurbilen burrunba
Josean Gil-Garcia
Gipuzkoa osoan 500 erlezain inguru aritzen dira buru-belarri 7.000 erlauntza aurrera ateratzeko. Zegaman eta Usurbilen ospatzen diren feriek, beraz, lanbidea indartzen dute. Izan ere, lehen kategoriako protagonistak erleak eta erlezainak dira. Eurak gabe, deus ez. Eztiak mineralak eta bitaminak dituela inor gutxik jartzen du zalantzan, nahiz eta iritzi batzuek kolokan jartzen dute eztiari egozten zaion miraria. Dena dela, naturatik datorren urre gutiziatua da, gure etxe eta baserrietan betidanik kontsumitu dena.
Europan erleen egoera okerrera egiten ari dela ohartarazi berri dute genetika aztertzen duten adituek. Izan ere, intsektu polinizatzaile horiek beltzak ikusten ari dira etsaiei aurre egiteko. Pestizidak izan, klima aldaketa izan edota hibridazioa izan, kontua da intsektu horietan datzala gizakion bizitzaren sekretua. Paisaiaz gozatzea pribilegio handia da gizarte prestu eta jantzi batentzat. Aintzat hartu behar da, hein handi batean bederen, intsektu polinizatzaileei esker bizitzaren miraria gertatzen dela. Erlezainek oso argi dute: «Erleak bizirik mantendu behar dira, hil edo biziko afera da-eta: elikagaiak eskura ditugu intsektu ñimiño horiei esker».
Baina, gurean, badago oso kontuan hartzeko etsai indartsua: orain dela urte batzuk Asia aldetik etorritako liztor handia. Azken urteotan ikusi da erraz-erraz barreiatu dela herrialdean barrena. Txikizioa eta hondamendia ekarri dute etxeko erlategietara. Horiek horrela, erlezainak neurri zorrotzak hartzera behartuta egon dira. Hori dela eta, Usurbilgo eta Zegamako azoketan ez dute alboratu intsektu aloktonoen afera. Urtero-urtero, gaiari heldu, eta soluziorako ildoak aztertzen dituzte. Udal liburutegiaren atarian ileak lazteko moduko bideo eta erreportajeak begiztatzeko aukera izan dute Usurbilera bildu diren bisitariek. Areto nagusia, ordea, ikastolan margotutako irudi ederrez beterik egon da.
Zegamak urteak daramatza erlezainen lana sustatzen. Finean, eztia abiapuntu izanda, produktuen dibertsifikaziorako apustu sendoa egiten ari da herrialdean. Gipuzkoako eskualdeetako finalistak Zegamara iristen dira ekoizpenaren maila besteen aurrean neurtzeko. Usurbilen, ezti lehiaketa antolatzeaz gainera, gozogintzan aritutakoei ere tartetxo bat eskaintzen zaie postre gozoak bisitarien artean partekatzeko. Luxuzko ideia, zinez! Eguerdian-edo, erle erraldoi batek elizaren kanpai hormatik abiatuta, plaza zeharkatzen du alderik alde, eta, frontoira iristean, eguneko lehiaketetan irabazle direnentzat txapelak uzten ditu. Ezbairik gabe, erlearen bidaia unerik dibertigarriena izaten da haurrentzat.
Oriako erriberetan barna
Usurbilgo Sutegi udal liburutegiaren eta pilotalekuaren ondoan emango zaio hasiera ibilbideari. Buruntzaldea elkartearen ekimenez, hainbat zidor diseinatu dira Donostialdeko inguru-minguruak ezagutarazteko, eta horien gaineko argibide taula Zumeta eskultoreak pilotalekuaren horman egindako artelanaren parean ikusiko da. Elizaren eskuinaldetik doan Etxebeste kaleari men eginda, Saroe jauregi barrokoaren aldamenetik igaro, eta, maldan behera eginez, errepidera iritsiko da berehala ibiltaria. Trenbidea gurutzatzeko abagunea dela, burdinbidearen gainetik tentu handiz igaro, eta eskuinera jo beharko da, eta astigarrek osatutako galerian barrena segitu.
Zorrotzeko zubia baliatuta, Santuenea auzora iritsiko da. Lasarte-Oria aldera jo gabe, eskuinera okertu eta ibaiaren paraleloan jarraituko du oinezkoak, Aginagarantz. Kolore laranja dagokion arrastoa lagun, Mapil baserri eta behiala ontzitegia izandako paraje alderako urratsak egingo dira. Bidea janzten duten ereinotzak atzean utzi ondoren, porlan bidean aurrera segitu beharko da. Baratze sailak eta ibaiaren ondoko landaretzak ederturiko paisaiaz gozatzeko aukera izango da tipi-tapa ibili bitartean.
Sañarrienea baserriaren inguruan, trenbidea gurutzatu behar da. Aurrerago, Oria ibaia eskuinetik hurbilduko zaio ibiltariari, eta haren konpainian jarraituko du meandroari men eginez. Horiek horrela, astigarrak, lizarrak eta platanoak bidaide, bidebanatze batera helduko da laster. Ezkerrera aldatsean gora doan bideari muzin egingo zaio, Berraiartzabarrena eta Berraiartzagoinea baserrietara doan bidea baita. Irabia inguruan, ibaiak bihurgunea egingo baitu, aukera izango da Andatza mendira begira jartzeko. Hortaz, paisaiaz bapo-bapo gozatzeko tenorea egokituko da orain.
Mapil ontzitegia
Apenas ohartu gabe, Txokoalde-Urdaiaga auzora helduko da ibiltaria. Trenbidea gurutzatu beharrean, eskuinera jo, eta, Zubiaurrenea aparkalekua igaro ostean, Altzonaz zubirako urratsak egingo dira. Oriako ur emari bizia atzean utzi eta berehala, ezkerretik doan hartxintxarrezko bideari ekin beharko zaio, errepide nagusira igo gabe. Ordokian barrena jarraitu beharko da, beraz, sagarrondoak, baratze alorrak eta labore soroak aldamenean direla. Aginaga parean, bidea bitan banantzen da, eta ezkerrekoa hautatu, eta bidean aurrera jarraitu beharko da hainbat sagarrondo sail zeharkaturik. Oria ibaiko bihurgunean Mapil izeneko baserrian emango zaio bukaera ibilbideari.
Historiagileek gogoratzen dutenez, Mapil ontzitegia sonatua bezain entzutetsua izan zen Usurbil inguruetan. XVI. mendean hasi eta XIX. mendera arte indarrean egon zen. Tamaina handiko galeoiak egiten ziren han.
Bihar: Ibilian-ibilian, goxo-goxo, dastatu nahi? (V): Baiona eta xingarra.