astekaria 2019/07/19
arrowItzuli

gizartea

Irain transfoboak jasan ditu futbol jokalari batek Leioan

Hodei Iruretagoiena

Irain transfoboak jasan ditu futbol jokalari batek Leioan

Asteburuan, futbol partida bat eten egin behar izan zuten hainbat aldiz, gizon batzuk jokalari transexual bat iraintzen ari zirelako. Leioako Udalak (Bizkaia) antolatutako futbol txapelketa batean gertatu zen. Izaro Antxia emakume transexualak salatu zuen kasua, joan den larunbatean —areto futbolean federatutako lehen jokalari transexuala da—: «Oso tristea da pertsona batek txapelketa bateko futbol partida bat jokatu ezin izatea iraindu eta jazarri egiten diotelako. Hamasei urtean sekula ez nuen halakorik entzun behar izan zelai batean: 'Atezain, atezain [femeninoan eta maskulinoan, hurrenez hurren, gazteleraz] entzun, zergatik ez diguzu zure telefonoa ematen? Nire lagunak gustuko zaitu'». Behin baino gehiagotan esan zizkioten halakoak eta «marimutil» gisako irainak, Antxiak kontatu duenez: «Halako batean, lehertu egiten zara, eta epaileari partida geratzeko eskatu behar diozu, inork ez baitu halakoak jasan beharrik dibertsioagatik ari denean».

Partida eten egin zuen epaileak, eta Antxia iraintzen ari zirenekin hitz egin zuen. Jokatzen jarraitu zuten, baina tematuta segitu zuten gizonek ere. «Baloira hurbiltzen nintzen bakoitzean, animalia hotsak egiten zituzten; mugara heldu, eta epaileari esan nion alde egin beharko nuela, horrela ezin delako partida bat jokatu. Motxilaren bila joan, sakelakoa hartu, eta nik neuk deitu behar izan nion Leioako Udaltzaingoari». Patruila bat joan zen abisuaren ondoren, eta ihes egin zuten erasotzaileetako batzuek, Antxiak kontatu duenez. «Beste batzuk geratu egin ziren, baina, egindakoa ukatzeaz gain, esan zuten jokalariek iraindu genituela haiek». Azkenean, futbol partida bukatu ahal izan zuten.

Antxiak eskerrak eman dizkie partida hartan aritu ziren jokalariei, talde batekoei zein bestekoei, irainak egin zizkiotenean defendatu egin zutelako, «zeramaten elastikoa zeramatela». Partidako epailearen eta gainerako ikusleen jarrera ere goraipatu du, eta azaldu du antolakuntzak bere esku zegoen guztia egin zuela erasotzaileak handik kanporatzeko, «nahiz eta zelaiaren eremutik kanpo zeuden». Kirolariak berretsi du aurrerantzean ere gisa horretako jokabideak salatzen jarraituko duela: «Mundu honek eta gizarte honek ez diete uzten emakumeei futbol zelai batean gainerakoen baldintza berberetan aritzen».

BERRIAn argitaratua (2019/07/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA