astekaria 2019/07/19
arrowItzuli

politika

Estrasburgok ez ditu aintzat hartu BVEren eta GALen biktimen eskariak

Gotzon Hermosilla

Estrasburgok ez ditu aintzat hartu BVEren eta GALen biktimen eskariak

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du aintzat hartu Espainiako Estatuaren indarkeriaren zenbait biktimak egindako eskaera, Espainiak ukatzen dizkien kalte-ordainen ingurukoa. Indar parapolizialek hildako sei biktimaren senideek jarri zuten helegitea: 1999an onartutako legearen ondorioz, kalte-ordainak jaso zituzten, baina 2012an beste kalte-ordain batzuk ukatu zizkieten, aurreko urtean onartutako legean oinarrituta.

2011ko lege horrek bere egiten zuen 1983an onartutako Indarkeriazko Krimenen Biktimak Erreparatzeko Europako Hitzarmena. Europako arau horretan agertzen da biktimei kalte-ordainak kendu edo murriztu ahal zaizkiela baldin eta biktima horiek «indarkeriazko ekintzak egiten dituen erakunderen batekin harremana» badute.

Espainiako Gobernuak erabaki zuen ez ematea eskatutako kalte-ordain berriak, biktimak ETAko kideak zirelakoan. Baina ez dago hori frogatzen duen inongo epairik, garai hartan ez baitzituzten biktima horiek epaitu eta zigortu ETAkoak izateagatik. Hortaz, biktimen senideek helegitea jarri zuten erabakiaren kontra.

Afera Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi zen, eta horrek atzera bota zuen biktimen helegitea, baina auzitegi horretako presidenteorde Adela Asuak eta Fernando Valdes epaileak boto partikularra eman zuten, eta gogorarazi ez zegoela frogaturik biktima horiek ETAkoak zirenik, ez baitziren epaituak eta zigortuak izan. Ondorioz, zenbait biktimak Estrasburgora jotzea erabaki zuten.

Bi epai desberdin

Bi epai kaleratu ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren hirugarren sailak: batean, Juan Mari Otegiren eta Xabi Etxaideren auziak aztertu dituzte, eta bestean, gainerakoenak -Justo Elizaran, Enrique Gomez Alvarez, Anjel Gurmindo eta Jose Maria Etxaniz-. Bi-biak antzeko ondorioetara iristen dira: hau da, biktimen errugabetasun presuntzioa ez dela urratu. Baina desberdintasun eta ñabardura batzuk badaude haien artean.

Epaietan, gertaerak, aldeen argudioak eta oinarri juridikoak azaltzen dira, eta, ondoren, epaimahaiaren ebazpena. Kasu guztietan antzekoa da epaimahaiaren arrazoibidea: kalte-ordainak emateko prozedura «administratiboa» da, eta, hortaz, zigor prozeduren aldean «arras desberdina». Kalte-ordainak eman ala ez erabakitzeko, zilegi da Espainiako administrazioak auzitegi baten epai irmoak ez diren bestelako zantzu eta frogak erabiltzea, betiere Estrasburgoko Auzitegiaren arabera, eta horrek ez du esan nahi errugabetasun presuntzioa urratzen denik, biktimei ez zaielako egiten zigor arloko akusaziorik.

Adibidez, Otegi eta Etxaideren auziaren inguruko epaian, epaimahaiak azaltzen du, kalte-ordainak ematearena administrazio arloko prozedura izanik, ez dela beharrezkoa Espainiak epai irmo batean oinarritzea, eta «bestelako iturriak» erabil ditzakeela bere erabakia arrazoitzeko, «hala nola erakunde terroristaren historiari buruzko agerkari ez ofizialak, edo ETAko beste kide batzuek egindako adierazpenak», epaian agertzen denez.

Hortaz, Estrasburgoko Auzitegiaren arabera, biktimak ETAko kidetzat jotzeak, hori frogatzen duen inolako epairik egon gabe, ez du urratzen biktima horien errugabetasun presuntzioa. Baina sakoneko auziaz, biktima horiei kalte-ordainak ematearen edo ukatzearen egokitasunaz, auzitegiak ez du ezer ebatzi.

Hilketak testuinguru historikoan kokatzerakoan, GAL, BVE eta gainerako talde parapolizialen inguruko zenbait azalpen ematen dira epaietan: «Frogatuta dago GALi egotzitako zenbait ekintza Espainiako Barne Ministerioko funtzionarioek finantzatu zituztela, ETAren kontra borrokatzeko xedez, PSOEren gobernupean», agertzen da epaietan.

Estrasburgoko Auzitegiak erabilitako irizpideak ez datoz bat garai batean Kriminologiaren Euskal Institutuak azaldutakoekin, Eusko Jaurlaritzaren eskariz egindako txostenean. Institutuaren iritziz, Espainiako Gobernuaren jokabideak «babes judiziala, errugabetasun presuntzioa, legezkotasun printzipioa eta botere banaketa» urratzen zituen.

«Erreparazio eskubidea»

Eusko Jaurlaritzak deitoratu du Estrasburgoko Auzitegiak auziaren mamiaz ezer ebatzi ez izana: «Hain zuzen ere, biktimek duten erreparaziorako eskubidea da mamia, behin betiko erantzun baten zain konpondu gabe gelditu dena», esan du.

Jaurlaritzaren iritziz, kalte- ordainak ukatzeak «biktimen arteko berdintasun printzipioa» urratzen du, «giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko printzipioa», eta, gainera, hildakoen senitartekoak «modu bidegabean zigortu» egiten ditu.

Sortuk, berriz, «harriduraz eta atsekabez» hartu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpena, eta pentsatzen du horrek «gabezia juridiko, politiko eta etiko larriak» dituela «bakean eta bizikidetzan aurrera egiteko». Arlo juridikoari dagokionez, Sorturi «sinestezina» begitantzen zaio ebaztea kalte-ordainak ukatzeak ez duela errugabetasun presuntzioa urratzen: «Orain arte horrelako baieztapen larririk ez da egin; biktimak umiliatzeko baino ez du balio».

Politikoki, berriz, epaiak «areagotu» egiten du «estatu terrorismoak izandako zigorgabetasuna», Sorturen iritziz. «Egian, aitortzan eta erreparazioan sakon- du beharrean, Estrasburgok kontrako norabidea hartu du», azaldu du. Azkenik, Sortuk pentsatzen du horrelako ebazpenek «ikusezin» bilakatzen dituztela zenbait biktima, eta horren ondorioa dela biktimak «sailkatzea» eta batzuk berriro ere biktima egitea.

Ane Muguruza (Egiari Zor): «Ez dugu dirurik nahi, guztiei tratu bera ematea baizik»

BERRIAn argitaratua (2019/07/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA