astekaria 2019/07/19
arrowItzuli

gizartea

Odola emateko mugak arindu egingo dizkiete Ipar Euskal Herriko gayei

Olatz Esteban Ezkati

Odola emateko mugak arindu egingo dizkiete Ipar Euskal Herriko gayei

Ipar Euskal Herriko gizon homosexualek gainontzeko herritarren irizpide berberak izango dituzte bi urte barru odola emateko orduan, Frantziako Osasun Ministerioak jakinarazi baitu 2022tik aurrera ez duela kontuan hartuko emaileen sexu orientazioa. Gaur egun, gizon homosexualek, odola eman ahal izateko, uko egin behar diote urtebetez sexu harremanak izateari. Ministerioak lau hilabetera laburtuko du epe hori otsailean, eta baldintzak kenduko ditu 2022an.

Odola emateko hainbat neurri ditu ezarriak Frantziak, «GIBa transmititzeko arriskuak» direla argudiatuta. Egungo araudiaren arabera, gizon zein emazte heterosexualek ezin dute odolik eman aurreko lau hilabeteetan pertsona batekin baino gehiagorekin sexu harremanak izan badituzte. Gizon homosexualen kasuan, urtebetekoa da epea, eta edozein sexu harreman hartzen da kontuan, pertsona bakarrarekin bada ere. Lesbianek, berriz, ez dute inolako baldintzarik.

Frantziako osasun sistemak 2016ko uztailean kendu zuen gizon homosexualek odola emateko debekua; 1983az geroztik galarazia zuten. Parisek argudiatu zuen GIBa transmititzeko arriskua saihestu nahi zuela. Ministerioak orain azaldu du, ordea, homosexualek odola emateak ez duela eraginik GIBaren transmisioan.

Lehen muga kentzearekin batera sartu zen indarrean plasma emateko baimena ere. 2016az geroztik, gayek plasma eman dezakete, betiere aurreko lau hilabeteetan pertsona batekin baino gehiagorekin sexu harremanik izan ez badute.

Hiesaren aurka lan egiten duten elkarteekin bildu ostean jakinarazi zuen Frantziako Osasun ministro Marisol Tourainek lehen debekua kentzeko erabakia, eta emandako odolak zer arrisku izan zitzakeen ikertuko zutela gehitu zuen. Ikerketa horren emaitzak positiboak direla ikusita, hurrengo urratsa egitea erabaki du orain Parisek.

Orientazioaz galderarik ez

Odola eman aurretik bete beharreko galdetegiak eman du zeresana Frantzian. Sexu orientazioaz galdetzen zitzaien emaileei 1983az geroztik, eta homosexual eta bisexualei zuzenean ukatzen zitzaien odola emateko aukera. 2002an, aldaketa etorri zen, eta galdeketak gizon homosexualei soilik egiten zien erreferentzia. Geroan, sexu orientazioa alde batera utzi eta arriskutsuak izan daitezkeen sexu praktikez soilik galdetzea da asmoa. Hego Euskal Herrian, emaileei ez zaie sexu orientazioaz galdetzen. Odola ematera doazen herritarrei galdetzen zaie ea azken sei hilabeteetan ezezagunen batekin sexu harremanik izan duten edota ea praktika arriskutsuak izan dituzten. Erantzuna baiezkoa bada, medikuari dagokio erabakitzea pertsona horrek odola eman dezakeen.

BERRIAn argitaratua (2019/07/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA