astekaria 2019/07/19
arrowItzuli

ekonomia

Lan hitzarmenek gora egin dute 2018an, lan gatazkak ugaritzearekin batera

Lander Muñagorri Garmendia

Lan hitzarmenek gora egin dute 2018an, lan gatazkak ugaritzearekin batera

Lan gatazkek gora egin zuten iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, era berean, lan itun gehiago ere sinatu ziren. Bi joera orokor horiek daudela aipatu zuen atzo Tomas Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) presidenteak, baina elkarren arteko lotura zuzenik ez zuen egin. Ez zuen esan lan gatazken eraginez itun gehiago sinatu direnik, baina aipamen bat egin zuen, esanez Araba lan gatazka gutxien duen lurraldea dela Gipuzkoarekin eta Bizkaiarekin alderatuz gero, eta, era berean, bilakaera apalena izan duela negoziazio kolektiboan. Alegia, hortik ondorioztatu daiteke lan gatazkak ugaritzeak zerikusia izan duela itun gehiago sinatu izanarekin.

«Negoziazio kolektiboko egoera hobetzen ari da pixkanaka», azaldu zuen Arrietak; lan erreforma indarrean sartu zenetik behargin askoren hitzarmenak iraungi egin baitziren, eta horietako asko babesik gabe geratu ziren. Horren lekuko da 2018. urtearen hasierako egoera: langileen %22,5ek baino ez zeukaten ituna eguneratuta; %58k luzatuta zeukaten; eta %19 babesik gabe zeuden. Urtea amaitzerako, ordea, beharginen %47k zeukaten hitzarmena eguneratuta, %37k iraungita eta luzatuta, eta %14 zeuden babesik gabe. Hau da, urtebeteko epean bilakaera positiboa izan du negoziazio kolektiboak.

Horrek lotura du, era berean, lan gatazken bilakaerarekin, 2014az geroztik izandako protesta gehien iaz piztu baitziren. 56.648 greba egun zenbatu ziren duela bost urte, eta, LHKren iazko txosten baten arabera, hiru lurraldeetan 110.838 greba egun izan ziren 2018an. Alegia, lanuzte kopurua bikoiztu egin da denbora tarte horretan. Krisi ekonomikoak gogor jo zuen urteetan greba egun gehiago erregistratu baziren ere, egoera ekonomikoa egonkortzen hasi denetik iaz izan zen lanuzte egun gehien.

Greben gehikuntza hori, gainera, zerbitzuen eremuetan egindako lanuzteen eraginez gertatu da. Ikusi besterik ez dago 110.838 greba egunetatik 82.510 zerbitzuen sektoreko lanuzteetakoak izan zirela. Joera hori 2017an indartu zen, sindikatuek sektore feminizatuetako lan baldintzak hobetzeko bideratu zituzten gatazken eraginez. Hau da, zahar etxeetako lanuzteak, garbitzaileenak eta ildo horretako lanuzteak indartu ahala, areagotu egin da gatazken tentsioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta, ondorioz, lan hitzarmen gehiago sinatu dira.

Behin-behineko kontratuak

Hitzarmenen eta gatazken gorakadaren joerak azpimarratu zituen Arrietak, baina beste bat ere nabarmendu zuen: behin-behinekotasunaren tasa altuarena. «Ez da azkar igarotzen aldi baterako lana izatetik finkoa izatera, eta hori kezka iturri izan liteke, lan kalitateari eragiten baitio». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden langileen %25,8 daude behin-behinekotasun egoeran, Europako Batasuneko batezbestekotik oso gora, %14,2 baita Batasuneko tasa.

Aurreko urteetan, LHK-k egoera ekonomikoaren txostena aurkeztu izan duenean, behin-behinekotasunaren inguruko kezka azaldu izan du, eta datuaren atzeko arrazoien bila jo dute aurtengoan. Egoera konplexua dela esan zuen, ordea, Arrietak. Batetik, gero eta langile gehiago erretiroa hartzen ari direla azaldu zuen, eta horien ordez sartzen direnak, oro har, behin-behineko kontratuekin sartzen direla. «Horrek alterazio bat eragiten du behin-behinekoen eta mugagabeen artean, erretiroa hartzen dutenak finkoak baitira».

Baina hori ez da arrazoi bakarra: trantsizio epe hori ere geldoa da langileen artean. 2009. urtean aldi baterako kontratua zutenen %40k bakarrik lortu zuten 2017an baldintza egonkorrago bat eskuratzea. Trantsizio hori gauzatzeko, gainera, batez beste 35,2 hilabete behar dira.

Gorabehera horiek hobeto ulertu daitezke kontratu mugagabeen iraupena zenbatekoa den kontuan hartzen baldin bada: batez beste hiru urte irauten dute era horretan kontratuek. Alegia, behin baldintza egonkorragoak lortuta ere, horrek ez du ziurtatzen luzerako izango denik, eta hor ere alterazio bat sortzen da, LHK-ko arduradunaren hitzetan.

Edozein modutan, kontratu mugagabea zuten langileen kopuruak ere gora egin du 2019ko lehen seihilekoan. Iazko ekainean baino %7,9 handiagoa da era horretako langileen zenbatekoa. Baina, ikusitakoaren ondorioz, horrek ez du bermatzen langile horiek denbora luzez egongo direnik euren lanpostuan. Horregatik zioen Arrietak lan merkatuko baldintzen analisi bat egitea zaila dela oraintxe.

Soldaten igoera

Egoera ekonomikoa hobetzen ari dela diote, ordea, datu makroekonomikoek. Bada, LHKren txostenak bildu duenez, hobekuntza hori langileen soldatetan ere nabaritzen ari da. Izan ere, 2017tik 2018ra behargin gehiago zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, gorakada horrekin batera, enpresetako soldata gastuak ere gora egin zuten. Era horretan, aurreko urteetako joera bati amaiera eman zitzaion iaz. «Horrek erakusten du ekonomiaren hobekuntza soldatetan nabaritzen hasi dela», azaldu zuen Arrietak.

Horretan eragin zuzena izan du lan hitzarmen gehiago sinatu izanak. Txostenean biltzen denaren arabera, hiru lurraldeetan iaz sinatu ziren itunek soldaten batez besteko %1,86ko igoera biltzen zuten. KPIaren batez besteko hazkundea, berriz, %1,8 izan zen. Horregatik, beharginek jasotzen duten ordainetan egokitzapen bat egon dela azpimarratu zuen Arrietak, eta hori lan merkatua hobetzen ari delako sintomatzat hartu zuen.

Edozein modutan, aurrera begira kontuan hartu beharreko erronkak jarri zituen mahai gainean: besteak beste, demografiaren beheranzko bilakaera. Bete beharko diren lanpostuetarako langileak erakartzeko neurriak hartzeko eskatu zuen.

BERRIAn argitaratua (2019/07/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA