astekaria 2016/02/05
arrowItzuli

iritzia

Beti uda

Idurre Eskisabel

Beti uda Idurre Eskisabel

Eli irrati-iratzargailuak esnatu du. Albistegietako esatariak bakearen eta elkarbizitzaren Donostia 2016ko ekitaldien berri ematen duen ahots neutro beraz esan du naufragioa gertatu dela Turkiako itsasertzean, eta 39 migrari hil direla, haietatik 10 haurrak. Segundo hamarren batez, Mendebalde zuriari biloak zut jarri zizkion Aylan Kurdiren argazkia etorri zaio burura, baina hasieran bizkarrezurrean eragiten zion hotzikara milarenera murriztu zaio jada.

Elik Twitteri begiratua eman dio, laranja biologikoen zukua eta muesli organikoa gosaltzen duen bitartean, eta hedabide handi baten txioak honako albistea ekarri dio: azken migrari oldeetan Europara abiatu diren 10.000 adingabekoren arrastoa galduta dagoela, eta badela susmoa haietako asko jende salmentan aritzen diren sareek harrapatu dituztela. Eliri zukua garrazten ari zaiola iruditu zaio, eta hurrengo txiora egin du salto, txiolari trolleatzaile azti batek telebistako serie mainstream baten pentzura egindako txistearekin barrez lehertzeko.

Izan ere, Elik pentsatu du munduak segitzen duela biraka. Iluntzero galtzen dela eguna, baina goizero, berriro, atzera berriz, sortzen. Eta pena dela, baina mundua den bezalakoa dela, edo dagoen bezala dagoela, eta penatuta eta suminduta bizitzeak ez duela ezer konpontzeko balio, norbere urdailean minbizi erraldoi bat ontzeko ez bada.

Eli, bi ardatzen arabera bizi da: zer pentsatu, hura egin; zer nahi, hura ase.

Eta Eli ez da bakarrik Jaurlaritza-diputazio-banku-sabinetxe-Bilboko-dorre-faliko-nonahiko-parke-teknologikotako-agintari-kudeatzaile-enpresari-ekintzaile trajeduna...Eli baita ere da euskal herririk euskalduneneko enplegatu hirumilaeurista-mendikorrikalari-trangolari eta furgonetista. Eta Eli baita ere da euskal herririk kultur gose eta kritikoeneko biogizon bizardun eta bioemakume sofistikatuki depilatu gabea, dirurik gabekoen bizimodua performatzen duena Egian bezala Berlinen, sakonean eta hondo-hondoan badakielako ama eta aitaren diruzko lastaira eskura duela.

Nolanahi ere, Elik uda maite du, sasoi betea. Are, tematuta dago urte guztia uda eta opor bihurtzen. Elik galtza motzez eta gona arinez bete du armairua, tiradun tixertaz, txankletez… Eli pijoak bezala, Eli hipsterrak, Eli borrokak, Eli txoniak…

Eguberrietako oturuntza amaigabeetan, Elik marrubiak eta gereziak jarri ditu turroien ondoan. Hala esaten zuen Eliren amonak, zerbait ezinezkoa zela adierazi nahi zuenean: «Hauek nahi dituzte hauek, gereziak Eguberrietan!». Eta, hara, haztearen eta asebetetzearen goia jo uste duen Elik eta Eliren senide, lagun, kide, lankide, bizilagun eta ezagunek, halaxe jan dituzte: gereziak Eguberrietan. Eta Kanarietara joan dira urteberrietan... edo Cancunera.

Elik urte guztia uda eta opor nahi du, asebetetzearen goia hondartza batean etzanik ezer ez egitea balitz bezala, burgesiaren arima-asperdura problematizatu eta arte bihurtuaren dolce far niente horren aldaera proletarizatu, edo, zehatzago, prekarizatua, gorpuztea.

Elik klima aldatu du. Munduaren lurralde handiak mortu bihurtu. Jendetzak laga ditu jateko eta baliabiderik gabe...

Elik mundua hondartza bihurtu du. Kiroldegietako eta estetika zentroetako ekinez zahartzen eta zimeltzen ez diren gorputz-panpinez betetako hondartza. Itxura batean, dena irribarre, dena plazer, dena askatasun eta dena posible den hondartza bat. Denentzat lekurik ez dago hondartza horretan, ordea. Hondartza estu bat da... indartsuak ahulak azpian hartuz etzaten diren hondartza bat.

Tarteka, olatuek, bizi goseak migrari egin duen jendea ekartzen du hondartzara: helduak bezala umeak… tripaz behera, ubel, hilotz. Eliren oinetara.

BERRIAn argitaratua (2016/02/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA