astekaria 2019/07/19
arrowItzuli

gizartea

Hogei urteotako pobrezia tasarik handiena neurtu du Jaurlaritzak

Jokin Sagarzazu

Hogei urteotako pobrezia tasarik handiena neurtu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, lau urtean %7 egin du gora pobrezian bizi direnen kopuruak, eta azken hamarkadan, %46. Gainera, azken 20 urteetako tasa handiena izan zen iazkoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %6 bizi dira pobrezian: 130.965 herritar. Duela lau urte baino 9.000 gehiago, eta 25.000 gehiago 2000n baino. Emakumeen kasuan nabarmenagoa da pobrezia eta pobreziarako arriskua: egoera horietan daudenen artean, %55 inguru dira andreak. Pobrezian dauden bi pertsonatik batek dauka adingabe bat bere kargu.

Pobreziari eta giza desberdintasunei buruzko inkesta lau urtean behin egiten du Jaurlaritzak. Iazkoa ez du jendaurrean aurkeztu, baina gobernuaren webgunean dago ikusgai. EH Bilduk eman du horren berri. Emaitzak «ezkutatzea» egotzi dio Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabali. «Ez gaitu harritzen, bere politika sozialen porrotaren isla zuzena direlako». Nerea Kortajarena legebiltzarkideak gogora ekarri du legealdi hasieran Iñigo Urkullu lehendakariak esan zuela haren gobernuaren xede nagusietako bat zela pobrezia %20 jaistea. «Porrota erabatekoa izan da».

«Prekarizazio egoera berri baten aurrean gaude», nabarmendu du EH Bilduko kideak. «Ekonomiak hobera egin arren, hori ez da herritarrengana iristen ari». Haren ustez, EAJk eta PSE-EEk gidatzen duten Jaurlaritzaren politiken ondorio da hori: murrizketen, eskumenen faltaren eta Madrilen hartzen diren erabakien eragina azpimarratu du, besteak beste.

Jaurlaritzaren ikerketaren arabera, pobrezian bizi direnak ez ezik, horren arriskuan direnak ere gehiago dira. Kasu horretan ere azken hogei urteetako kopuru handiena izan zen iazkoa: egoera horretan 270.294 pertsona zeuden. Legealdi hasieran baino %14 gehiago, eta Urkulluren lehen agintaldiko lehen urtean (2016an) baino %41 gehiago.

Azken hamarkadan, adin tarte gehienetan egin du behera pobrezia indizeak, pertsona gehien biltzen duenean izan ezik. 45 eta 54 urte artekoen artean hamabi puntu igo da 2008tik.

Horrekin guztiarekin loturik, egungo gobernuaren gizarte laguntzetarako politiken eraginkortasunik eza salatu du EH Bilduko legebiltzarkideak. «Handitu egin da sisteman egonik pobreziatik ateratzen ez direnen kopurua». Kortajarenak azaldu duenez, hirutik batek ez du lortzen. «Jende gutxiago sartzen da babes publikoaren sisteman, eta horien artean gehiago dira pobreziatik ateratzen ez direnak ateratzen direnak baino».

Datuok mahai gainean, ondorioztatu du diru sarrera bermatzeko errentaren sistema erreformatu behar dela, eta hori herritar gehiagori zabaldu behar zaiola. Horrez gain, ezinbestekotzat jo du kalitatezko enplegua sustatzea; baita 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea ere, edota kontratazio publikoetan klausula sozialak txertatzea, gazteen emantzipazio politikak indartzea eta ikuspegi feminista politika publikoen erdigunera ekartzea.

BERRIAn argitaratua (2019/07/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA