politika
Hitz egin izan dute, isilean eta jendaurrean
Enekoitz Esnaola
PSEk eta Batasunak 2006an bilera egin izanari «errespetua eta babesa» agertu zion orduan PSNk, Carlos Txibite idazkari nagusiaren bidez —Maria Txibite PSNren egungo lehendakarigaiaren osaba zen—. Txibite zenak zioen PSOEk «abalatuta» egin zela bilkura, baina PSNk ez zuela aurreikusten halakorik egiterik. Orain ere dio ez dela elkartuko, baina EH Bilduk esaten du Txibiteren gobernuak egonkortasuna izan nahi badu berekin hitz egin beharko duela —gutxienez, talde subiranistaren abstentzioa beharko luke PSNk—.
Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak adierazi du bereizi egin behar direla gobernu akordioa eta parlamentuko jarduera. Gobernu kontuetarako EH Bildurekin ez dutela hitz egingo dio Alzorrizek, baina gero gai zehatzen arabera prest egongo direla parlamentuan mintzatzeko, lehen ere hala egin izan delako.
Adibidez, Espainiako Kongresuan ere bai, aurreko legealdi bukaeran izaera sozialeko dekretuekin ikusi zen bezala. Pedro Sanchez gobernuburuak hauteskundeetara deitu zuela eta, jarduneko martxan zegoen Kongresua, eta PSOEren gobernuak dekretuak onartzeko EH Bilduren babesa ere behar zuen Diputazio Iraunkorrean. Alderdi sozialistak aurrez bazekien berdinketa bat zegoela beste talde denen artean, eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuaren botoa zela erabakigarria. Egon ziren aldebiko bilerak, PSOEk eman zizkien informazioa eta argibideak, eta entzun zien, aldeko botoa jasotzearren. Bien arteko bilkurak ez ziren jendaurrekoak izan, baina harremana zuzenekoa zen, eta EH Bildurengana ez zen joan PSOEren talde parlamentarioa bakarrik, gobernua ere arrimatu baitzen. Duela urtebete pasa PSOEk aurkeztutako zentsura mozioa jorratu behar zutenean ere joan zitzaion EH Bilduri zer bozkatu asmo zuen galdezka. Geroztik, bi taldeek Madrilen bat egin izan dute ekinbide batean baino gehiagotan.
Baina orain PSNk berak dioenez, ez du EH Bildurekin batzartu nahi Nafarroako Gobernuko lehendakariaren inbestidurarako. Berdin egin zuen orain aste batzuk, alkateak izendatzerakoan. Alzorrizen esanetan, desadostasun programatikoak ez ezik «etikoak» ere badituztelako da. ETA bazela, elkartzen ziren. Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko zuzendaritzakidea Nafarroara etorri zen 1998an, HBrekin sekretupean biltzera: irailaren 26an, Mahai Nazionaleko kide batzuekin batzartu zen, Leitzan; Jose Luis Uriz PSNko kidea ere bazen. Lizarrako Akordioaren hasiera garaia zen, eta ETA su-etena eman berria zegoen. Halaber, PSE eta ezker abertzalea pare bat aldiz bildu ziren ofizialki orduan.
2006ko uztailaren 6an ere menian zegoen ETA, martxotik, eta, PSE-Batasuna bilkura publikoa egin zuten. Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak bost aste lehenago iragarri zuen, Radio Euskadin, bi alderdiak batzartzekoak zirela, «Euskadin alde anitzeko elkarrizketa abiatzeko ezker abertzalea beharrezko solaskidea» zela esanda. PSEtik, Rodolfo Ares eta biak izan ziren, eta Batasunetik, Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia. Amara hotelean batu ziren; ikusmin mediatikoa eta politikoa, oso handia.
Orduan bazen Madril-ETA prozesu bat. Donostiako bilera hura baino urtebete pasatxo lehenago egon ziren lehen aldiz Jesus Egiguren PSEko presidentea eta Josu Urrutikoetxea ETAko ordezkaria, Suitzan, eta, 2005a amaitzerako, akordioaren oinarriak hitzartu zituzten. ETAk su-eten iraunkorra eman zuen 2006ko martxoan, eta, ekain bukaeran, harekin hitz egiten hasiko zela iragarri zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak, Kongresuan. Testuinguru horretan kokatu zuen Lopezek irratiko iragarpena.
Baina hori baino gehiago zegoen: ETAk menia eman zuenetik, Auzitegi Nazionalak Otegi espetxeratu zuen; Batasuneko zortzi mahaikide inputatu eta deklaratzera deitu zituen...; eta ezker abertzaleak egin zion presiorik PSEri biek dozena erdi bat urte lehenagotik zuten harremana ofizializatu zezan, egitear ziren bilera jendaurrean iragarrita.
Madrilgo baldintza
Zapaterok aste honetan adierazi du EH Bildurekin ez dela adostu behar, baina hitz egin bai. PSOEk —eta PSNk— EH Bildurekin jendaurrekoan egoteko duten jarrera «fikziozko politika» da, Jon Iñarritu diputatu subiranistak azaldu duenez, bien arteko «solaskidetza normalizatua delako», baina uste du Sanchezek bere inbestidurarako Ciudadanosen abstentzioa nahi duelako esaten dutela sozialistak ez direla EH Bildurekin solastatuko. Ciudadanos, ordea, Sanchezen aurka bozkatzekotan da, eta horrek Nafarroan ere eragin dezake.