astekaria 2019/07/05
arrowItzuli

bizigiro

Besteentzat soildutako azal intimoenak

Izaro Zinkunegi Barandiaran

Besteentzat soildutako azal intimoenak

Ilerik gabeko genitalak modan jarri direla diote adituek; ezkutuko azalak soiltzen ditu jendeak, nagusiki neska gazteek. Argizaria, aizto txikia eta laserra astintzen dituzte, higienearen eta edertasunaren izenean. Estetika arloko langileen, ginekologoen eta genero arloko ikerlarien iritziz, gizartean hedatutako edertasun ereduak, pornografia eta sexu joerak daude depilazioaren atzean. Zenbait medikuk ohartarazi dutenez, guztiz depilatzeak ondorio negatiboak ditu: ileak genitalak babesteko daude.

Argi azaldu du hori Carmen Sala Bartzelonako GINE-3 zentroko ginekologoak: «Depilazioak lesioak eragiten ditu: aizto txikia erabiliz gero, azaleko zauriak sortzen dira; argizariarekin, berriz, erredurak eta folikulitisa». Ileak babesteko funtzioa du: «Ilea babeserako harresi natural bat da: batetik, ile guztia kentzean mikroflora osoa kentzen dugu, eta alua erabat babesgabetuta dago. Bestetik, sexu organoen arteko igurtziak zuzenagoak dira ilerik gabe».

Sexu praktikak aldatzeak lotura zuzena du lesioekin, Salak esan duenez: «Egun, aurreprestaketa esaten dioguna laburragoa da; azkarrago heltzen gara sarketara, eta gehiago irauten du. Ile faltaren ondorioz, alua gutxiago babestuta dago. Ondorioz, ohikoak dira larrialdietako dei eta bisitak, koitoak eragindako hanturengatik».

Zenbaitek zalantzan jartzen badu ere, depilazioaren ondorio negatiboak frogatuta daudela esan du Salak: «Sexually Transmitted Infections [Sexu bidez kutsatutako gaixotasunak] aldizkarian argitaratu zutenez, guztiz depilatzearen ondorioz, sexu bidez kutsatutako gaixotasunak %80 inguru areagotzen dira».

Ondorio negatiboak dituela jakinik ere, genitalak depilatzeko joera gorantza doa; Nerea Martiarena Azpeitiko (Gipuzkoa) No+Vello estetika zentroko kideak igarri du hori: «Urtetik urtera gero eta jende gehiagok eskatzen du genitalak guztiz depilatzea». Laser bidezko depilazioa egiten diete emakumeei —gizonei ez zaie eskaintzen zerbitzu hori—. Donostiako Yale estetika zentroko Nerea Iriondo ere bat dator: «Neska gazteak dira gehienak, %80 inguru; 16 eta 30 urte artekoak dira». Argizari beroa eta laserra erabiltzen dituzte.

«Jendeak ez du kontatzen normalean zergatik egiten duen. Batzuek higieneagatik egiten dutela esaten dute, baina, niretzako, puntu erotiko bat bilatzen dute», azaldu du Iriondok. Martiarenaren ustez, konplexuek ere eragina dute: «Askotan, konplexu bihurtzen ditugu gure ileak. Ezin dugu etxetik atera depilatu gabe; iruditzen zaigu jendea begira dugula, ilerik ba ote dugun ala ez ikusteko».

Goiuri Mendez Otaegi Bilgune Feministako kideak azaldu duenez, gizartean zabaldutako edertasun ereduak eragin zuzena du: «Edertasunaren inguruan dugun irakurketak eragina du: zer iruditzen zaigun ederra eta zer ez. Gaztetasunak edertasuna areagotzen duela dirudi, eta horri lotuta dago guztiz depilatzearena». Iritzi berekoa da Amelia Barquin ere, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakaslea: «Edertasunaren izenean, zure gorputza zaintzearen izenean eta desiragarri egoteko harreman sexual bati begira, neska bazara, depilatuta egon behar duzu».

Zigor soziala

Barquinek hezkuntza eta generoa jorratzen ditu. Haren ustez, pornografiatik eraikitako erreferenteak dituzte gazteek: «Badakigu gazteen hezkuntza sexuala mainstream pornografiatik datorrela nagusiki. Emakumeen pubis depilatuak agertzen dira». Helburu argia du horrek, Barquinen arabera, «sarketa argiago azaltzea eta filmatzea». Eta horrek fikziotik errealitatera egiten du salto: «Mutilek, sexu harreman batean, depilatutako pubis bat aurkitzea espero dute. Bestela, atsekabea azaltzen dute. Neskek ere badakite mutilek hori espero dutela, eta horretara egokitzen dira».

Gazteek mainstream pornografiako erreferenteak dituzte, baina ez dira horretaz ohartzen. «20 urteko gazteek ez dakite hori nondik datorren; naturalizatuta daukate», adierazi du Barquinek. Uste berekoa da Mendez ere: «Gai horiek gazteekin lantzean, haien diskurtsoa da 'nik hau egiten dut nahi dudalako'. Benetan sinesten dugu denok nahi dugula? Desiran dago tranpa».

Genital soilduen irudiak ikusteak ez ezik, sexu praktikak aldatzeak ere badu eragina, Jaione Zulueta ginekologoak azaldu duenez —Bilbon dauka ginekologia zentroa—: «Lehen,aho sexuari ez zitzaion hainbesteko garrantzirik ematen, baina, orain, praktika sexual gehiago daude, eta horrek ere eragina du».

Arrazoi ugari daude, beraz, genitalak depilatzearen atzean. Eta depilatzen ez den neskak ondorioak izango ditu, Barquinen aburuz: «Legez ez dago debekatuta, baina badago zigor sozial bat. Badakigu zerbait gertatuko zaigula inon idatzita ez dauden arau horiek apurtzen baditugu: begiradak, indiskrezioak, irainak, esaldi gordinak eta abar izan daitezke». Gehitu du askotan gertukoengandik iristen direla halakoak.

Ginekoestetika

Medikuntzan, ostera, bestelako joera bat nabari da. «OME Osasunaren Mundu Erakundeak eta SEGO Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkarteak aholkatzen digute ginekologooi bagina bidezko esku hartzeak egin behar ditugunean alua ez depilatzeko», azaldu du Salak. Erditzeak dira horren adibideetako bat, Zuluetak esan duenez: «Lehen, erditzeetarako aizto txikiarekin mozten genituen genitaletako ileak, garbiagoa zela eta infekzio gutxiago izango zirela pentsatuz. Egun, ez da egiten; ikusi da batzuetan kaltegarriagoak direla aizto txikiarekin egindako zauriak».

Haatik, oraindik orain, adituek uste dute edertasuna osasunaren gainetik dagoela. Are gehiago, gizonen artean ere zabaltzen ari da genitalak depilatzeko joera. Barquinek azaldu duenez, arrazoi ekonomikoak daude horren atzean: «Exijentzia horiek hedatzen ari dira gizonengana ere. Oraindik ez gaude maila berean, baina edertasunaren industriari interesatzen zaio populazioaren beste erdi hori ere».

Depilazioak bestelako industria batzuei ere ireki dizkie ateak. Honako hau azaldu du Salak: «Depilatzean, alua ikusten duzu, eta, ileekin estalita ez dagoenean, beste modu batera ikusten duzu; esaterako, batzuek ezpain bat handiagoa dute, eta ez zaie gustatzen. Ondorioz, ginekoestetika areagotzen ari da: aluko ebakuntzak asko ugaritu dira». Hori ikusirik, ilea uzteko aholkatzen du ginekologoak, eta atzera bueltarik ez duten teknikak baztertzeko; hots, laserra. Alua etengabe garbitzeko joera ere ez dela ona gogoratu du: «Lehen, dutxatzerakoan garbitzen zenuen, eta kito. Egun, emakumeek produktu asko erabiltzen dituzte: gelak, desodoranteak, paper zapi bustiak eta halakoak. Ginekologook ez erabiltzeko aholkatzen dugu».

Depilazioa erabaki pertsonal moduan ikusten dute batzuek; tartean, Martiarenak: «Ile pixka bat uztea nahiago dut; ilea zerbaitetarako dago, babesteko, infekzioetatik eta. Baina genitalen depilazioa oso intimoa da, eta errespetatu egin behar da bezeroak eskatzen duena». Iritzi berekoa da Zulueta ere; gogoratu du garrantzitsua dela konfiantzazko zentro batera joatea.

Beste batzuek, aldiz, guztiz depilatzearen aurkako jarrera argia dute; horietako bat da Berrizko (Bizkaia) Itziar estetika zentroko Itziar Isasi: «Duela urte dezente, medikuek hitzaldi batean azaldu ziguten ez zela ona, eta ez egitea erabaki nuen. Neska gazteak hasi ziren eskatzen, baina nik hasieratik ezetz esan nien, txarra zela».

Bilgune Feministako kideak ere depilazioarekiko intsumisioa aldarrikatzen du. Azaldu duenez, ez depilatzeko hautu politikoa egin zuen berak: «Duela urte batzuk, ez depilatzeko hautua politikoa egin nuen: zer dago horren guztiaren atzean? Nolako negozioa dago emakumeon gorputzak kontrolatzearen atzean?». Heziketan ere egin behar dira aldaketak: «Oso garrantzitsua da heziketa afektibo-sexual oso bat garatzea heziketa guneetan. Geure gorputzak ezagutzen eta maitatzen laguntzeko praktikak bultzatu behar dira, bereziki neska gazteen artean».

Barquinen hitzetan, pornografia aldatzea litzateke metodorik azkarrena genitalen depilazioa eteteko: «Pornotik datoz fantasia eta espektatiba asko. Beraz, pubis iletsuak agertuko balira, neskek ez lukete sentituko depilatzeko presio hori, edo ez litzaieke politagoa irudituko». Eta, Mendezek nola, heziketaren beharra nabarmendu du: «Hezkuntza aztertzeko modu bat da, egiten dugunaren atzean zer egon daitekeen ohartzeko. Gero, nahi eta ahal badugu, hori kudeatzen saia gaitezke: segitu nahi dut nahi dudalako, edo erresistentziak sortuko ditut».

BERRIAn argitaratua (2019/07/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA