gizartea
ROBERTO GONZALEZ DE VIñASPRE
«Nabarmen handituko da izen neutroen zerrenda»
Garikoitz Goikoetxea
Hirugarren zerrenda sartu duzue izendegian: izen neutroena. Zergatik egin duzue urrats hori?
Prozesu luze baten ondorioa da. Euskaltzaindiak gizartearekin batera joan behar du, eta pertsona izenen esparrua nabarmen lotua dago gizartearen eboluzioarekin: gustuak aldatu egiten dira, sentsibilitateak... Izendegietan etengabe gehitu dira izenak. Hor kokatu behar dugu orain esplizituki hirugarren kategoria bat agertzea. Errealitatea da, konstatatua daukaguna: badago eskari bat eta erabilera bat, gero eta gehiago zabaldua, genero markaturik gabeko izenak erabiltzearen aldekoa.
Eskari horrek behartu du Euskaltzaindia lista hori sortzera?
Ez nuke behartzeaz hitz egingo. Euskaltzaindiak ez du lan egiten —eta ez du lan egin behar— presiopean edo behartuta. Ez. Bizi den gizartean txertatuta lan egin behar du Euskaltzaindiak. Etengabeko eguneratze horren barruan, natural-natural datorren zerbait da. Dudarik ez dago hirugarren kategoria hori beharrezkoa zela.
Ulertu behar dugu erakunde akademikoetan erritmoak direnak direla. Gizartea beti doa aurrera, eta erakundeek gizartearekin batera joan behar dute. Horrekin ez naiz justifikatzen ari Euskaltzaindia motelxeago joan dela. Oso agerikoa da azken urteetan Euskaltzaindia berebiziko lana eta ahalegina egiten ari dela erakunde bizkorragoa izateko.
Hirugarren zerrenda hori sortzea irizpide aldaketa da? Orain urte batzuk, adibidez, Euskaltzaindiak zioen euskaraz «beti» bereizi izan direla izenak sexuaren arabera, eta hala bereizita jarraitu behar zutela. Eta orain hirugarren zerrenda egin duzue...
Onomastika Batzordearen ardura 2018tik dut nik. Egia da, dena dela, gogoetagai aspalditik dela gai hori. Esaten denean euskarak baduela tradizioa izenak generoaren arabera bereizteko, egia da ikuspegi historikotik. Baina dena eboluzionatzen doa, eta ukaezina da azken urteetan gizartean zabaltzen joan dela beste bide hori. Gaur egungo sentsibilitatearekin uztartua dago. Nolako zortea dugun euskararekin: genero gramatikalik ez duen hizkuntza bat izanik, pentsa lexiko arruntean zer-nolako harrobia daukagun. Eta beste horrenbeste leku izenekin.
Izen neutroen zerrenda sortu da, baina gehienak sexuaren arabera bereizita daude oraindik. Eboluzio hori ikusita, luze gabe irits daiteke egoera bat non denak zerrenda batean egongo diren?
Gerta daiteke. Baina horretan agintea duen bakarra gizartea bera da: jendearen hautua. Notario lana da gurea: «Aukera hauek existitzen dira, hor daude». Inola ere ez dira zerrenda itxiak. Funtsezkoa da aukera guztiak zabalik egotea; hau da, gizartea erabakitzen doana izatea. Pertsona izendegiak ezin daitezke izan murriztaileak: perspektiba zabala izan behar dute, aukera ahalik eta gehien.
Esan liteke, adibidez, Izaro izena emakumeen listan jartzea bera jokabide murriztailea dela...
Tira... Horiek aztertzekoak dira. Izaro-k, adibidez, toponimoa den aldetik, jatorriz beteko luke baldintza izen epizenoa izateko. Orain urrats kualitatiboa egin dugu: aukera hori existitzen da. Eta aukera hori zabaldu egingo da, nabarmen. Ez dira 500 izenera iristen epizenoen zerrendan. Urrats kuantitatiboa dator orain: nabarmen handituko da zerrenda. Aurten bertan ikusiko dugu. Esaterako, izen batzuk, nahiz eta toponimoak izan, baliteke oso erabiliak izatea, eta hor ja faktore soziolinguistikoa aztertu behar da. Adibidez: Urko. Mendi izena da, epizenoa izan daiteke, baina den-denak gizonezkoak dira. Ezinezkoa da epizeno izatea? Ez. Diot kasu guztiak ezin direla zaku berean sartu: aztertu egin behar dira.
Neutroen zerrendan, hain justu, leku izenak dira asko. Asko falta dira, ordea. Emakumeen listan daude hauek: Ainhoa, Goiatz, Itzea, Sara... Zeren arabera jo duzue Amaiur neutrotzat, eta Izaro, ez? Biak toponimoak dira.
Lehen urratsa egin dugu. Amaiur izena erdi eta erdi ibiltzen da gizonetan eta emakumeetan: ez du uzten zalantzarako zirrikiturik. Berdin Amets. Jatorriz epizenotasun presuntzioa izateaz gain, konstatazioa da hori dela erabilera. Zuzenean zerrendara joan dira. 500eko zerrendan ez dauden guztiak zalantzazkoak dira? Ez. Milaka eta milaka izen dira, eta ez gara iritsi. Denbora kontua da. Aurten nabarmen haziko da zerrenda hori, eta betiko egongo da zabalik.
Zerrendan badira kasu kuriosoak. Esaterako, izen neutroen listan ageri dira Haize, Nahi eta Alai, baina emakumeenean Haizea, Nahia eta Alaia. Zergatik?
Lehen pauso honetan erabilera hartu da aintzat. Nahia nabarmen emakume izen gisa dago zabaldua; Nahi izenekorik ez dago edo oso gutxi dago, eta ez dago arazorik lehen unetik izen neutroen zerrendan egoteko; Nahia aztertu egin behar dugu, eta denbora gehiago behar dugu. Ez du esan nahi ez dugula izen neutroen zerrenda horretan ikusten. Izen asko, gauzak ondo egin nahian, banan-banan aztertu beharko dira.
Deigarria da Maren izenaren kasua ere. Gizon izenen zerrendan dago, baina gehienak emakumeak dira. Erabilera bada irizpidea, badago hor kontraesana...
Maren-en kasua bitxia da. Aranaren eta Eleizalderen izendegietan, gizon izen gisa ageri da, gaztelaniazko Mariano-ren pareko. Aldi berean, ipar Europan emakume izen bezala zabaldua dago Maren. Hemen, orduan, halako homonimia kasu bat sortzen da. Hori ere sakonago aztertzeko daukagu.
Umeari izen neutro bat jarri nahi diotenek zer egin dezakete izena beste sexuko listan badago?
Jo dezatela Euskaltzaindira, eta kasu guztiak aztertuko ditugu. Ikusten dugunean epizenoen arlora pasatzekoak direla, pasatu egingo dira, eta ziurtagiria emango dugu. Horregatik ez dugu paperean atera izendegia: ez zedin estatikoa izan —erregistroak ez dezan esan: «Hau da liburua, eta hemen ez dago»—. Dinamikoa da, eta webgunean eguneratuko dugu. Eta webgunean ez badago, galdetu Euskaltzaindian. Horrek aukera emango digu eguneratzeko.
Ikusmina sortu du gaiak? Kontsulta asko izan da egunotan?
Aurkezpena egin zenetik iritsi dira lehen eskariak, eta jada eman ditugu ziurtagiriak erregistro zibiletara, izenek bi sexuetarako balio dutela. Aztertu beharrekorik badago, Onomastika Batzordera etorriko da, aztertuko dugu, eta erantzun arrazoitua emango dugu. Epizenotasuna aitortu behar denean, aitortuko da. Gizarteak esango du izenen zer erabilera egiten duen, baina, potentzialki, markarik gabeko pertsona izenen kopurua agorrezina da.