astekaria 2016/02/05
arrowItzuli

mundua

Seme-alaben arrastoaren bila

Valentina Valle

Seme-alaben arrastoaren bila

Chiapasko Tapachula izan da helmuga. Abiapuntua, berriz, Tenosique eta Tabasco. Honduras, Nikaragua, Guatemala eta El Salvadorko 30 ama eta bi aita elkartu ditu Erdialdeko Amerikako Amen XI. Karabanak. Denak seme-alaben arrastoan. Mexikoko kale, plaza, bide, kartzela eta aterpetxeetan, bularrean itsatsirik daramatzaten argazkiak erakusten, galdera bera eginez behin eta berriz: «Ikusi al duzu?».

Honduraskoa da Adelina, San Pedro Sulakoa. Maistra eta aktibista da, eta gazteentzako egitasmoetan aritzen da lanean: «Mezu argi eta bakarra helarazten diet: ez dezatela alde egin, beren komunitatean gera daitezela».

Semearen bila dabil Adelina: Carlos Rafael Medinaren bila. 2008an lortu zuen semeak lehen aldiz Ameriketako Estatu Batuetara iristea; Houstondik deportatu zuten. Beste bi bider saiatu zen, eta azkenekoan ez zen itzuli: «Berriro ere deportatu zuten, Monterreyra, Nuevo Leonera, eta, handik Laredora zihoala, Poliziak atxilo hartu zuen, Reynosara iritsi baino lehen, eta hantxe galdu zen». 2012ko ekainaren 6an gertatu zen. Adelina galdezka eta galdezka dabil orduz geroztik: «Postaz harremanetan jarri gara estatu batzuetako kontsul askorekin, baina beti aipatzen dute zuribide bera: ez dagoela datu base eguneraturik. Niri behin ere ez didate deitu: ez didate ezertxo ere esan hari buruz, eta kontsulek eskuak garbitzen dituzte; beti aritzen dira errua botatzen halako estatuko edo halako barrutiko kontsulari».

Indarkeria estrukturala

Adelinarekin mintzatzean, aurpegia ikusten zaie Erdialdeko Amerikako indarkeria estrukturalaren estatistikei, desplazamendu eta migrazioaren estatistikei. «Uste dut Mexikok, pertsonei hesi bat jartzeaz gain, igarotze askatasuna ere urratzen duela, migratzaileek ez baitute han geratu nahi, handik pasatu baino ez. Zergatik ez da justiziarik egiten? Beti ahazten zaie Jaunaren lehen manamendua, elkar maitatzea. Uste dut gaizki ulertu zutela: elkarren kontra armatzea».

Dena ondo laburbilduta dago Adelinaren testigantzan: nola esplotatzen duten eskulan migratzailea AEBetan; deportazioak; kontsulatuetako agintarien gaitasun falta eta axolagabekeria; igarotze askatasunaren urraketa, nahiz eta 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean onartzen den giza eskubideetako bat dela; ehunka gazte mexikarren desagerpen behartua, gero eta maizago gertatzen zaiena gizarte maila guztietakoei eta mota guztietako egoeretan, indarkeria kontrolgabe baten sintoma baita, nahiz eta halakorik ez duten aitortu nahi ez Enrique Peña Nietoren gobernuak eta ez gizarte zibilaren parte batek. Horra hor nolako nahaste lehergarria duten gaur egun Erdialdeko Amerikako herrialdeetan: hain da handia indarkeria estruktural eta fisikoa, non, askotan, jendeak ez baitauka alde egitea beste erremediorik.

Indarkeria kriminal eta estrukturalak beharturik alde egin beharra izan da karabanaren ardatza: «albo kalte bat», krimen antolatuaren kontrako gerra militarizatuan.

Modu ofizialean, gerra hori 2006an hasi zen Mexikon, Felipe Calderonekin, eta Erdialdeko Amerikan aspalditik ari da bere gordinenean, mara izeneko taldeen bitartez. Indarkeria horren ondorioz, batetik, karabanaren ibilbidea laburragoa egin behar izan dute antolatzaileek, eta, bestetik, sendotu egin da Mexikoren eta Erdialdeko Amerikaren arteko elkartasun zubia. Bizi proiektuak indartsuagoak baitira, oraindik ere, heriotza proiektuak baino.

Iheslariak, ez migratzaileak

Mesoamerikako Migratzaile Mugimenduaren (MMM) fundatzaileetako batek, Marta Sanchezek, honela azaldu du zergatik heldu dioten arazo horri, Erdialdeko Amerikatik AEBetara doan migratzaile olde berriaren ezaugarriei buruz aritzean: «Aurreko urteetan, migratzaileekin mintzatu, eta gehienak bizimodua hobetzeko ateratzen ziren beren herrialdetik, lana aurkitzeko, amerikar amets mitiko hori egia bihurtzeko. 2014an, ordea, aldatu egin zen alde egiteko arrazoi nagusia: indarkeria. Indarkeria fisikoa, mentala, estrukturala».

Jendeak ihes egiten du, Sanchezek dioenez, ezin eramanezko bizimodu batzuetatik: ez dira migratzaileak, iheslariak baizik. «2013a baino lehen, esaterako, arrunt zaila zen Hondurasko migratzaile garifuna bat aurkitzea: beren hondartzetan bazuten arrain nahikoa komunitate guztientzat; iraupen ekonomiarako lur landuek nahikoa ematen zuten familiak duin bizitzeko; pobrezia bazegoen, baina miseriarik ez. Orain, berriz, garifunen familia osoek emigratzen dute, meatzaritzako edo turismoko megaproiektuen ondorioz ez dutelako ez lurrik eta ez hondartzarik, eta ezin dira hiri batera joan, maren gerrak direla eta». Honduras kasu bat da, baina berdin gertatzen da Erdialdeko Amerika guztian.

Nazioarteko agentziek egiaztatua dute: Nazio Batuen Erakundeko Goi Mandatariaren arabera, 2012. urtetik 2013ra 3.735etik 15.700era igo ziren hondurastarrek, salvadortarrek eta guatemalarrek eginiko asilo eskaerak; 2015ean, Iheslarientzako Norvegiako Kontseiluak 566.700 desplazatu erregistratu zituen Ipar Triangelua deituan, aurreko urtean baino %12 gehiago.

Kausa bera da denetan: indarkeria, droga trafikoari eta gaizkile taldeei lotua, baina baita baliabideen ustiapen legezkoa nahiz legez kanpokoa, arbola mozketa, kokaz, opio belarrez eta marihuanaz beteriko soroak, eta bioerregaitako eta oliotako palma soro handiak ere.

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR) bulego bat zabaldu du Tenosique mugako hirian, eta horrek erakusten du nazioarteko oihartzuna hartzen ari dela Mexiko zeharkatzen duten migratzaile-desplazatu-iheslarien arazoa. Nolanahi ere, UNHCR han dagoen arren, Tenosiqueko La 72 migratzaile etxearen fundatzaile Frai Tomas Gonzalezek agintarien axolagabekeria salatzen du, migratzaileei egiten zaizkien bidegabekeriak direla eta; gehiegikeria horien artean dago Erdialdeko Amerikako emakume migratzaileen kontrako indarkeria sexuala: azaroan bakarrik, hogei kasu.

Frai Tomasek eta La 72 etxeko migratzaileek Tenosiquen pasatutakoak berretsi egiten du MMMren salaketa: «Erretorika ofiziala giza eskubideen aldekoa da, baina, praktikan, kontra aritzen da».

MMMren hitzetan, «Mexiko ez da auzo herriaren migrazio politikaren gauzatzailea baino, eta Mexikok izugarrikeria sorta amaigabea prestatua du indarkeriarik bortitzenetik ihes egin eta handik igarotzen direnentzat».

Zifra adierazgarriak

Zifrak adierazgarriak dira arrunt: azken bost urteetan 70.000 lagun hil edo desagertu dira bidean. Mexikotik 200.000 lagun pasatzen dira urtean, baina, batez beste, horietatik 10.000 atxilotu edo bahitu egiten dituzte.

MMMk dio atxiloketen %52,2 Mexikon egiten dituztela, eta %29,5 baino ez AEBetan; Oscar Chacon-ek, Chicagoko Komunitate Latinoamerikar eta Karibetarren Aliantza Nazionalaren buruak, zehaztu du askoz ere haur eta nerabe migratzaile irregular gutxiago atxilotu zituztela 2015eko lehen hilabeteetan, 2014. urtearen erdialderako atxiloturikoekin konparatuz gero: urte hartan, «giza larrialdia» ezarri behar izan zuten. Horrek ez du esan nahi «Erdialdeko Amerikako migratzaile irregular gutxiago dagoenik; AEBetan atxilotuak gutxiago dira, bai, baina Mexikotik egotziak, berriz, gehiago».

Argi dago Mexikoko eta Erdialdeko Amerikako agintarien politika ofizialak eta jokabidea direla bidean doazen migratzaileen etsairik okerrenak, eta hori egiaztatzeko modua izan dute 11. karabanan ere, behin baino gehiagotan.

Langileen eskubideak

90eko urteetan, Irisek Choloma Cortesko maquila batean lan egiten zuen, San Pedro Sulan (Honduras). Urteotan, lan mundua nola aldatu den ikusi du: alde bateko langileen eskubideak handituz joan diren heinean, txikituz joan da beste aldeko langileen soldata, eta gutxituz lanpostuak eta maquila-k berak. «Maquila-k ixten ari dira, eta La Moran, gehienez, hamar izango dira. Merkatu librea jarri eta segituan itxi ziren batzuk; eta beste batzuk, berriz, marak dirua eskatzen hasi zitzaizkielako».

Esplotazio erabateko baten ondorio dira fabrika horietako lan moduak: jantzien eskala handiko produkzioak agintzen du. «Nik lan egiten nuenean, astean 3.000 lempira ematen zizkiguten helburuen arabera, eta helburu bat zen, esaterako, egunean oihalezko 3.000 alkandora egitea, denak goitik behera, hasi eta buka. Astelehenetik ostiralera aritzen ginen, goizeko zazpietatik arratsaldeko laurak arte, eta ez genuen atsedenaldirik izaten; ordubete bazkaltzeko, besterik ez. Orain hobeto daude: asegurua dute, bazkaltzeko denbora gehiago ere bai, eta astelehenetik ostegunera aritzen dira, lau bider lau txandetan. Baina 4.000 lempira inguru pagatzen dute hilean».

Ordukako kontratuak, langile gutxiago, batzuk kaleraturik. Iris horretaz guztiaz mintzatu zaigu: «Lehen, eskubiderik ez genuen, baina gehiago irabazten genuen behintzat, eta maquila eta lan gehiago zegoen; beraz, migrazioa ez zen hain handia. Orain, hilean irabazten duzuna ez zaizu iristen ezta hamabost egun pasatzeko ere; lanetik kaleratu, eta, bila ibilita ere, ezin aurkitu beste lan bat: guri errematea emateko modu bat da, etsia har dezagun eta beste norabait joan gaitezen». Korporazio handiak dabiltza horretan; esaterako, Gildan, sektoreko enpresa erraldoia, zeinak beste konpainia handi batzuk hornitzen baititu, hala nola Anvil eta New Balance.

«Noiz arte horrela?»

Irisek bere seme Jose Rafael Rivera aurkitu nahi du: 21 urte zituela alde egin zuen Cholomatik, «lanik ez zegoelako», eta Coatzacoalcos-en galdu zuten haren arrastoa, Veracruzen, 2008an. Irisek dioenez, 2009an informazioren bat atera zen Mexikoko El Diario del Istmo egunkarian: Erdialdeko Amerikako mutilen bat ito omen zen, eta «baten batek esan zuen nire semearen antza zuela». Harrezkero, Iris gurutze bide batean dabil, eta, zazpi urte igaro eta gero, DNA proba negatibo bat eta betiko galderak besterik ez du: «Zein da egia? Zer gertatu da? Non dago nire semea?». Milaka amak galdetzen dute hori bera, milaka seme-alaba desagertu baitira Mexikon, sorterritik ihes egindakoan.

Karabana egunak igaro, istorioak juntatu eta datuak biltzean, are indar handiagoa hartzen dute MMMko hego-hego-ekialdeko koordinatzaile Ruben Figueroaren hitzek: «Noiz arte onartuko dute hori, matxinatu gabe? Eta zer gertatuko da gero?».

Eta zer egin? Horixe izan da 11. karabanaren aztergai nagusia. Mexikoko indarkeriak beharturik, beste bide batzuetatik ibili behar izan dute; ezin izan dira tokirik babesgabeenetan gelditu, eta ez dira hurbildu ere egin iparraldeko estatuetara, nahiz eta han desagertu den jende gehien eta han aurkitu zuten arrasto gehien. Dena dela, Sanchez eta Figueroa bat datoz: «Ezin dugu arriskuan jarri gure bizia eta gurekin datozenena, hilez gero are gutxiago ginateke eta. Borrokatu, hori besterik ezin dugu egin, orain arte egin dugun eta beti egingo dugun bezala».

BERRIAn argitaratua (2016/02/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA