astekaria 2019/06/21
arrowItzuli

ekonomia

Tentsioak gora egin du metalgintzan, istilu ugariko greba egunaren ondoren

Xabier Martin

Tentsioak gora egin du metalgintzan, istilu ugariko greba egunaren ondoren

Tentsioak koska bat egin du gora Bizkaiko metalgintzaren gatazkan atzoko greba egun istilutsuaren ostean. Goizaldean, grebalari taldeak pikete lanetan aritu ziren hainbat industrialdetan, eta Ertzaintza oldartu egin zitzaien hainbatetan. Bi grebalari atxilotu zituen Zornotzan (Bizkaia), Ertzaintzak berak berri eman zuenez, eta beste hainbat identifikatu. Durangon eta Sestaon, manifestazio handiak egin zituzten langileek, sektoreak behar duen lan itunaren alde. Gaurkoz, ordea, aldeak urrun daude: batetik, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak, eta, bestetik, FVEM patronala. Bi lanuzteko deialdiaren lehen jarduna izan zen atzokoa, laugarren greba eguna mobilizazioak hasi zirenetik, maiatzetik; gaurkoak osatuko du bi jarduneko mobilizazioa 50.000 langile inguru dituen sektore handi horretan.

Grebak %85 eta %90 arteko jarraipena izan zuen, ELAren eta LABen kalkuluen arabera, eta %18koa soilik, FVEM patronalaren ustez. Jarraipen kopuruen gerra klasiko hori alde batera utzita, mobilizazio egunak goizaldean izan zuen tentsio unerik handiena, grebalarien ekinaren aurrean Ertzaintza oldartu zenean. 08:30ean hasi ziren istiluak, Zornotzako Montorra industrialdean. Langileek barrikada bat egin zuten pneumatikoekin, eta su eman zioten gero. «Agintaritzaren aurkako atentatua» egiteagatik, atxilo hartu zituzten behargin bi.

Ermua eta Mallabia arteko industrialdean ere giro beroa izan zen goizean, eta hainbat enpresatan txikizioak egin zituzten; esaterako, Ermuko Estampaciones Metalicas EGIn.

Ekainaren 6ko greba egunean ere istiluak egon ziren langileen eta Ertzaintzaren artean; orduan, Boroako industrialdean. Ertzaintzaren iturriek esan zuten agente bat zauritu egin zela.

Hain zuzen, indarkeriari egotzi zion patronalak atzoko grebaren «jarraipen are txikiagoa». Piketeen «ekintza biolentoak» aipatu zituen. «Enpresetara sartzea eragozten ari dira, mehatxuen bidez, kalteak eraginez eta barrikadak eginez», salatu zuen FVEMk, ohar batean.

ELAk «grebaren estrategiatik kanpo» kokatu zituen Durangaldeko zenbait tokitan egondako istiluak, «errepideak moztea eta abar». Sindikatuaren ustez, ekintza horiek «desitxuratu egiten dute aspaldiko partez sektorean egon den mobilizaziorik handiena». Era berean, ordea, «Ertzaintzako hainbat kidek izandako jokabidea» salatu zuen sindikatuak, «zenbaitetan neurrigabeko indarrez jardun direlako». LAB gogorragoa izan zen Ertzaintzaren jarduerarekin. Eulate Zilonizaurrekoetxeak «indar errepresiboen jarrera» salatu zuen; «FVEMen aginduetara aritu dira, eta zaurituak, atxilotuak eta identifikatuak egon dira», esan zuen.

Edonola ere, Mikel Etxebarria ELAko kideak argi utzi zuen, Sestaoko martxa hasi baino lehen, «langileek erantzun paregabea» eman diotela berriro «patronal arduragabeari». Barakaldo eta Sestao lotu zituen martxan 2.000 parte hartzaile inguru egon ziren, Efe agentziaren kontaketaren arabera.

Ituna, berritu gabe

Bizkaiko metalgintzako hitzarmena berritzeko negoziazioak ez atzera ez aurrera daude. 50.000 langileko sektore horrek ez du hitzarmenik; 2011koa da sektoreko azken ituna. Hogei bider elkartu dira alde biak aurten, baina oraindik ez da ezer lortu. Lau sindikatu nagusiek —ELA, LAB, CCOO eta UGT— plataforma bateratu bat eratu zuten maiatzean, proposamen bateratuak eramateko mahaira, eta, maiatzaren 17ko bileran, patronalak aztertzeko denbora eskatu zien. Greba egun bat egin zuten tartean —deitzaileen arabera, arrakastatsua—, eta, berriro ere mahaian eseri direnean, garbi geratu da ez dagoela akordiorako girorik.

FVEM patronalak dio «itun duin bat egiteko jarrera argia» duela. Haren ustez, patronalak ekainaren 17an egindako azken proposamenak argi islatzen du jarrera hori. «Sindikatuek plataforma bateratua egin dutenetik ez dute inolako proposamen berririk egin». Federazioak ukatu egiten du negoziazioa blokeatua duela, eta dio negoziazioak berriro abiatu zirenetik, 2018ko otsailetik, «bost soldata proposamen» egin dizkiela sindikatuei.

Oso bestela ikusten dute auzia sindikatuek. Ekainaren 17ko bileraren ostean, sindikatuek erantzun zuten «arduragabea» dela patronala, haren azken proposamena «aurretik mahairatutakoak baino okerragoa delako». Proposamenak «ez du jaso 2018rako soldata igoerarik, eta, 2019rako eta 2020rako, igoera txiki batzuk baino» ez ditu aurreikusi. «Gainera, taulen gaineko igoerak dira soilik, eta ez soldata errealekoak», diote.

BERRIAn argitaratua (2019/06/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA