astekaria 2019/06/21
arrowItzuli

bizigiro

NURIA SOTO

«Botila bat ur ere eraman izan dut»

Iker Tubia

«Botila bat ur ere eraman izan dut»

Bizikletan ibili ohi dira banatzaile, haien enpresaren logotipoa duen poltsa handiarekin. Halako enpresa batean aritu zen lanean Nuria Soto (Bartzelona, 1994), bere eskubideak eskatzeagatik bota zuten arte. Deliveroon ikasitakoak eraman zuen beste lankideekin Riders X Derechos sindikatua sortzera. Egun, alternatiba sortzen ari dira: Mensakas banaketa kooperatiba. Bere bizipen prekarioak hizpide izan ditu Iruñeko Katakrak liburu dendan.

Pujan Koirala hil egin zen, Glovon lanean ari zela, eta komunikabideen arreta erakarri zuen. Nola bizi izan zenuten hori?

Plataforma-ekonomia ereduko enpresek ez dute inolako ardurarik hartzen, ezta norbait hiltzen denean ere. Mutur horretara ailegatuta, ikusgarri egin zen enpresa horien atzean zer dagoen. Gainera, mundu osoan elkartasuna agertu zuten. Hala ohartu ginen munduan sei astean sei banatzaile hil zirela.

Beraz, arriskutsua da plataforma horietan lan egitea?

Banatzaile izan garen guziek pasatu ditugu semaforoak gorrian, eskari bat gehiago hartzeko. Hain handia da prekaritatea eta presioa, ezen jendeak modu arriskutsuan gidatzen duen hil bukaerara iristeko. Bai, prekaritateak jendea hiltzen du; beraz, enpresa hauek ere bai.

Zer tranpa ditu sistema horrek?

Batetik, autonomo faltsuaren ideia. Ez dituzu autonomoaren edo soldatapeko langilearen abantailak, baina bai alde txarrak. Bestetik, algoritmoa —haiek bikaintasuna deitzen diote—. Hiru aldagairen arabera gora edo behera egiten duen ehuneko bat da: baztertutako eskaera kopurua, bezeroaren puntuazioa eta asteburuetako lana. Bikaintasunak behera egiten badu, ordu gutxiago egin ditzakezu. Beraz, lotuta zaude. Autonomo kuotak gora egiten du, baina ordu gehiago egin behar duzu gutxiengo soldatara iristeko. Azkenean, gutxieneko soldatara iristen bazara, eskubideak galtzen dituzu: oporrik ez, gaixo agiririk ez...

Zer profil dute plataforma horietan lan egiten dutenek?

Askotarikoa; gero eta gehiago gainera, oso erraz hasi baitzaitezke lanean. Egoera prekarioan direnen etsipenaz aprobetxatzen dira. Langile asko etorkinak dira, eta esan beharra dago kontu batzuk alokatu edo utzi egiten dizkietela paperik gabekoei. Hori da Pujanen kasua. Enpresak badaki hori, baina ez du deus egiten, interesatzen zaiolako aplikazioak etengabe lanean aritzea —orain 13 ordu da muga—, eta kexarik jaso gabe esplotatu dezakeelako.

Nork erabiltzen du zerbitzu hau?

Hain dago boladan, ezen ia mundu guziak erabiltzen duen: mandatu bat egiteko, janaria eskatzeko... edozertarako. Baina, aizu, norbaitek janaria etxera eramatea luxu bat da. Botila bat ur ere eraman izan dut ia deusen truke. Posible duenak egiten du, ez soilik aberatsek. Jende gazte askok erabiltzen du. Horrek prezio bat duela jabetu behar dugu.

Erabiltzaileak ez dira ohartzen horren atzean zer dagoen?

Hala dela uste dut. Horregatik, hiri batera eredu hau iristen denean, horren berri eman behar da, jendeak erabiltzen jarraitu arren jakin dezan zer dagoen eskatzen duenaren atzean. Hala, alternatiba duinak sortzen badira, errazago izan daiteke trantsizioa egitea.

Noiz jabetu zinen zure lanaren egoeraz?

Bidean ikasi nuen. Unibertsitatea ordaindu behar nuen, dirua zor nuen, eta beste lan batzuk nituen. Ordutegia malgua zela saldu zidaten, eta hirugarren lana hartzea erabaki nuen. Ez nekien zer zen Uberizazioa, zer zen autonomo faltsua... ez nekien deus. Sartu, eta ikusi nuen autonomo nintzela, gauza pila bat ordaindu behar nuela, eta ez nuela aipatu zidaten askatasuna.

Zer lan egiten duzue sindikatuan?

Alor judiziala eta mediatikoa, batik bat. Sindikatuen eta banatzaileen arteko koordinazioa egiten dugu salaketetan, eta kontzientzia kolektiboa pizten eta sareak sortzen saiatzen gara. Enpresa horien benetako errentagarritasuna ez da banaketa, datuen salmenta baizik. Horretaz ohartu behar dugu. Beti inbertsoreak dituztenez, zenbaki gorrietan aritzen dira, merkatua bere egiteko; alternatibak sortzea zailtzen dute.

Lan horietan zaila da eskubideen alde borroka egitea?

Oso zaila da. Lana galtzeko beldurra dago, eta langile asko ez dira ohartzen eskubide faltaz, esplotazioaz eta autoesplotazioaz. Badago benetako autonomo dela uste duenik. Bestalde, lantokirik gabe zaila da langileen artean antolatzea.

Zer harreman dute langileek?

Aktibismoa egiteko, garrantzitsua da loturak sortzea; lagunak errazago bultzatzen ahal zaitu borrokara. Lanean aritzen nintzenean, topaguneak genituen, eta han ezagutzen genuen elkar lankideek. Orain, ez dago halakorik. Lanaldiaren ondoko garagardoei esker dugu egun Riders X Derechos, eta epai garrantzitsua lortu dugu: epaileak gu berriz hartzera eta kalteak ordaintzera behartu du Deliveroo.

BERRIAn argitaratua (2019/06/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA