bizigiro
Muralak, mugak salatzeko
Maialen Unanue Irureta
Hasi zirenean gehixeago irauten zuten Zumaiako (Gipuzkoa) Erribera kaleko muralek: bi egun inguru. Gero, prozesua azkarragoa izaten hasi zen: margolanak pintatu biharamunean ezabatzen zituen udalak. Kolore eta irudi bizien gainean, pintura marroia. 2016an hasi zen katuaren eta saguaren arteko joko hori, eta aurten bukatu da, hiru urteren ostean: ia mila egun eta 98 mural izan dira, guztira.
Herri erdi-erdian dago pareta famatua, alde zaharra erdiz erdi zeharkatzen duen kale batean. Oharkabean pasa zitekeen, baina ez da hala: eztabaida publiko baten erdigune bihurtu da. «Egun batean, beste hainbat gauzaren artean, margotu egin genuen; beti egon da hemen, abandonatuta. Zentsuratu zutenez, beste bat egin genuen, eta hala izan da behin eta berriz», azaldu du Axier Lopez Kalea Guztiona Da taldeko kideak.
Murala bihurtu da gudu zelai, huraxe egin da ezagun handik kanpo, baina eztabaida zabalago baten zati bat baino ez da. Muralak egin ahala, ezabatu egin ditu udalak, behin eta berriz, kale garbiketa ordenantza bat dela eta. Dena den, horma-irudiei ez ezik, bestelako adierazpideei ere eragiten die araudiak, esaterako, pankarta eta kartelei. Horregatik aldarrikatzen dute Kalea Guztiona Da taldeko kideek beharrezkoa dela adierazpen askatasunaren mugei buruzko gogoeta publikoa egitea. «Debekuak bertan behera utzi eta parte-hartze prozesua abia dezatela eskatu dugu: guk ez daukagu konponbidea, nahi duguna da eztabaida ahalik eta jende gehienaren artean izatea, adierazpen askatasunaren mugen inguruko eztabaida gosea baino zaharragoa delako».
Kartelak, paneletan soilik
«Panel batzuk jarri zituzten, eta hor baino ezin zitezkeen jarri kartelak, eta ez edonolakoak, gainera: neurri jakin batzuk eduki behar dituzte», azaldu du Jose Antonio Letamendia taldeko kideak. Taldea, ordea, ez zegoen halakorik onartzeko prest: «Nola gauzatzen da herrietan adierazpen askatasuna, ez badauka telebistarik, irratirik, egunkaririk? Hori galarazten ari dira». Zalantza du Letamendiak. «Ez dakit jendeak adierazpen askatasunaren barruan kokatzen duen auzia, baina badakigu zumaiarrek ez dutela entenditzen zergatik kentzen duen udalak murala».
Ez zuten «inondik inora» imajinatzen hiru urtez luzatuko zenik «normala eta lasaia» izan behar zuen auzia, Bittor Bengoa taldeko kidearen esanetan: «Gu beti egon gara hitz egiteko prest: azken batean, borondate kontua da; ez dugu uste hain konplikatua denik: haiek konplikatu dute». Jaso duten erantzuna bestelakoa izan da, ordea: «Udala lubaki batean ezkutatu da, eta ez zen posible haiekin hitz egitea».
Azken hiru urteetan egon den «zentsura» salatu du Lopezek. «Kalea edo espazio publikoa da herritarrok beste inongo bitartekaririk gabe komunikatzeko daukagun espazio bakarra: hori hala izan da beti, eta hala da gaur egun ere». Kartelak paneletara mugatzea ghettoak sortzea da, haren ustez, eta zentzua galtzen dute: «Kartel horiek indarra galtzen dute, zeren zuk jendea dagoen lekuan eragin nahi duzu». Eta auzi hori guztia garbiketaren izenean egiteak, bestelako mezu bat ematen du, gainera, haren arabera: «Mezu horren alderik gaiztoena da esaten ari direla kartelak jartzea zikina dela; atzean dagoen lan guztia zikina eta gaitzesgarria dela esaten ari dira».
Parte hartzea, egingarri
Aurreko 97ak ez bezala, 98. murala ez dute ezabatu. «Bi hauteskunde kanpaina egon dira, eta kasualitatea, hau ez dute kendu, baina hala izan ez balitz, hau ere marroiz pintatuko lukete», nabarmendu du Lopezek. Izatez, auzia udaleko osoko bilkurara iristea ere lortu zuten, baina ez zuen ibilbiderik izan: aldeko eta kontrako botoak berdinduta, aurreko alkatearen botoak bikoitza balio zuelako. Gauzak bestelakoak izango dira aurrerantzean: EAJk alkatetza galdu du, eta EH Bilduk eskuratu. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkate berriak hizketarako borondate falta salatu du: «Hasieratik eskatu dugu prozesu parte hartzaile baten ondoren araudi bat adostea, udala, eragile eta herritarren artean. Egingo zela agindu zitzaigun, baina ez da posible izan edo ez da borondaterik izan, baina ez da egin».
Hain zuzen, horixe izan da Kalea Guztiona Da taldearen eskakizunak osoko bilkuran babestu zituen bakarra. Alkatetza haiek eskuratuta, panorama aldatuko da. «Astelehenean hasi ginen lanean, eta erabakiak pixkanaka-pixkanaka hartzen joango gara, baina hori egokitu beharko dugu», ebatzi du Ostolazak. Hala, taldekideek buruan dituzten galderak publikoki planteatzeko aukera izango dute: «Zer da espazio publikoa? Zer da zikina, eta zer garbia? Zeinek markatzen ditu adierazpen askatasunaren mugak?».
Ostolazari ulergaitza iruditu zaio auzia: «Zentzugabekeria izan da: gauzak muturrera eramaten direnean, horrelako gauzak gertatzen dira». Kartelak jartzeko baimena eskatu beharrak egoera bitxiak sortu izan ditu; azkenekoa, joan den asteburuan, Letamendiak azaldu duenez: «Adibidez, zapatu honetan, bi emakumeri eraso diete: normalena kartelak jartzea litzateke, baina ez dago kartelik». Ostolaza ere bat dator harekin: «Ez zaigu zentzuzkoa iruditzen bat-batean ipini behar diren deialdiak prozesu administratibo luze bat behar duen espiral batean sartzea; ez genuen ulertu duela hiru urte, ezta gaur egun ere».
Ikur «ikusgarria»
Azkar esaten da hiru urte, baina astero-astero eutsi diote muralaren pintaketari. «Bizpahiru kenduta, denak erretiratuak gara: ez daukagu beste egitekorik, baratzea eta pare bat kontu gehiago; beraz, hona zapatu eta jai etortzeko prest geunden», azaldu du Letamendiak. Denbora libre asko, baina gazte garaian langile mugimenduan zailduak ere badira. «Badakigu zer den militantzia, egurra eman baitigute. Lana eta lana: hiru urtean, ez da broma». Militantziari «konstantzia» gehitu dio Lopezek. «Oso erraz esaten da, baina konstantzia da borroka guztien oinarria, eta oso zaila da mantentzen denboran».
Irudi umoretsuak edo gaurkotasunezko gaiak eraman dituzte Erribera kaleko paretara: besteak beste, 36ko gerrak eta frankismoak bide bazterrean eta hobi komunetan utzitako hildakoak, haur motxiladunak edo udalak bizikletaz ibiltzeko emandako gomendioa. Hori guztia, margotzen jakin gabe; hasieran, behintzat. Hiru urte iraun du auziak, eta horretarako lagungarria izan da murala, Lopezen ustez: «Balio izan du hiru urtez borroka hau bizirik mantentzeko: oso ikur adierazgarria eta ikusgarria izan da, eta uste dut ispilu oso zatarra izan dela zentsuraren aldekoentzat».
Lehen ez zuten elkar ezagutzen, eta, muralen harira, lagun taldea osatu dute. Mural pintatze bakoitza festa bihurtu dute. «Musika talde bat gonbidatu, edo sagardoa eta txistorra banatu, kamisetak saldu...». Kontatu du Letamendiak. Gakoetako bat hori dela nabarmendu du Lopezek ere: «Beti egunez, ahalik eta jende gehiena elkartuz, eta sorkuntza eta umore puntu bat jarrita aritu gara, kritika galdu gabe».