astekaria 2019/06/21
arrowItzuli

kirola

AIMAR OLAIZOLA

«40 urterekin zaila izango da buruz burukoa jokatzea»

Imanol Magro Eizmendi

«40 urterekin zaila izango da buruz burukoa jokatzea»

Baiko Pilotako pilotaririk zaharrena da, baina, Urduñako (Bizkaia) bainutegian eginiko egonaldian, enpresako beste edozein kidek baino argazki eskaera gehiago jaso ditu: adinduekin atera ditu, gazteekin, umeak besotan hartuta... Guztiei baietz esan ondoren hasi du hizketaldia Aimar Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1979). Pozik dago; nabaritzen zaio lesiotik ondo osatu dela.

Zer moduz zaude? Hilabete inguru da jokatzen hasi zinela.

Ondo. Lesioari dagokionez, behintzat, oso gustura. Uste baino lehenago osatu naiz, eta uste baino bizkorrago ari naiz jokoa hartzen. Lau partida jokatu ditut itzuli nintzenetik, eta azken bietan nahiko ondo ibili naiz. Jokoan eta mugimenduetan pixka bat falta zait, abiadura irteeretan, baina espero baino hobeto nago.

Igandean konpromiso partida duzu: Bakaikoaren aurka, Beasainen, lau eta erdiko sanfermin torneoan.

Orain, helburua ez dira emaitzak, baizik eta minik ez hartzea. Aurten, lau eta erdiko hau ez dut beste urte batzuetan bezala hartuko. Ondo egonda, guztion helburua da hilaren 7an finalean jokatzea, baina nik oso garbi dut zer pasa dudan. Lesio oso larria da, ia lau hilabete geldirik, eta normalean behar izaten den baino hilabete lehenago atera naiz. Aurten, normala denez, ilusioa daukat, baina nire helburua partida bat gehiago jokatzea da, eta zer sentitzen dudan neurtzea. Are gehiago lau eta erdian, lesio honetan mindu dudan gunea gehien behartzen den distantzia delako.

Bakaikoak aurrekoan maila ona eman zuen, gainera.

Bai, eta bi partida irabazita dator. Distantzia horretan aldeak markatzea zaila da.

Hura baino zenbat urte zaharragoa zaren ba al dakizu?

[Barrez] Egia esan, ez dakit Joannesek zenbat urte dituen.

Zuk baino hemezortzi gutxiago.

Bengoetxea alde batera utzita, gehienekin adin alde handia dut. Baina horrek bere alde ona ere badu. Horrek esan nahi du urteak pasa arren hor nagoela, gerra ematen, eta hori da positiboena.

Zer moduz duzu izterra? Zurdetako bat askatu zitzaizun.

Azken hiru asteetan hobekuntza handia sumatu dut. Lehen bi partidetan beldurrez aritu nintzen, baina astean zehar egiten ari garen lana eraginkorra izaten ari da. Nire helburua uda erdi alderako nire maila hartzea da.

Maila horretara iristeko ezinbestekoa da jokatzea.

Horregatik diot. Ahalik eta partida gehien jokatu nahi ditut, beldurra galdu eta jokoa hartzeko.

Atsekabe handia hartu zenuen. Pasatu al zaizu?

Bai. Garaiarengatik izan zen batez ere: binakakoaren ligaxka amaitzeko lau partida falta ziren; bat irabazita, finalerdietan ginen, eta ilusioa egiten zidan Albisurekin jokatzeak... Gauza asko. Hasieran, tristura handia hartu nuen, baina, lesioa hor dagoela jakinda, ni oso baikorra izaten naiz.

Beldurrik ba al zenuen? Lesio berria zen, eta larria.

Ez. Ni esku onetan nago beti, bai Iñigo Simon enpresako medikuarekin eta bai Mikel Sanchez doktorearekin. Nik edozer gauza daukadanean, harengana jotzen dut. Eta, fisio lanerako, Itxaso Sanchez. Haien tratamenduen emaitzak hor daude; uste baino goizago itzuli naiz, eta uste baino hobeto. Konfiantza handia dut haiengan. Nire ibilbidean oso garrantzitsua izan da hori.

Oinazpiko min hura zer moduz?

Egun batetik bestera joan zen, baina izan dudan lesiorik txarrenetako bat izan zen. Partidak jokatzen jarraitu nuen, baina zortzi bat hilabete iraun zuen, eta sekulako minak pasa nituen. Injekzioak jartzen nituen, eta lau eta erdikoan erdi herrenka jokatu nuen.

Halako arazo eta lesioak ondo eramaten ikasi al daiteke?

Nire ustez, eta daramatzadan urteetarako, lesio gutxi izan ditut. Garrantzitsuak, hiru, eta txikiak, hainbat. Partida gutxi utzi ditut nik, eta uste dut gorputzarekin ere zortea izan dudala.

Gorputzak zer esaten dizu?

Batzuetan esaten dizu gelditzea dela onena. Hitz egin gabe ere jakiten da hori. Hura da medikurik onena askotan.

40 urteak ate joka dituzu. Nola nabaritzen duzu zure burua?

Garrantzitsuena ilusioa da; 20 urteko edozein gazteren adinako ilusioa dut, entrenatzeko zein jokatzeko. Gaur egun, entrenatzea ezinbestekoa da ondo jokatzeko, eta, entrenatzera gogo txarrez bazoaz, ezin da ondo jokatu. Ni jabetzen naiz ezin dudala lehen bezain ondo ibili lau eta erdian eta buruz buru, baina uste dut binaka maila ona eman dezakedala oraindik.

Lau eta erdian ez?

Gaur egun, oso gogorra da lau eta erdian jokatzea, eta, urteak pasa ahala, gero eta gehiago kostatzen zait. Txapelak-eta garrantzitsuak dira, baina nire helburua urte osoan maila ona ematea da.

Uda honetan zenbat partida jokatuko dituzu?

Mordoxka bat espero dut; ohituta nago. Normalean, urtero kopuru antzekoa izaten dut. Herri berdintsuetan, gainera. Ez dut galdetu.

Oraindik ere enpresan zu zara herrietako udalek gehien eskatzen duten pilotaria. Hori ona da, edo txarra?

Nire iritziz, ona. Horrek esan nahi du hor gabiltzala eta ondo gaudela. Enpresarentzat, aldiz, bada ez dakit. Haientzat ona litzateke beste hiru edo lau pilotari gazte edukitzea, 20-22 urtekoak, guk adina erakartzen dutenak. Baina uste dut orain enpresa ondo ari dela lanean gazteekin, eta hori ere etorriko dela.

Urrutikoetxea da beste amu handia, eta buruz buruko osoa haren alboan pasa duzu. Pena eman al dizu nola amaitu duen?

Bai. Berak lan handia eta lan ona egin du. Xehetasun txikiengatik galdu zuen finala. Egun hartan, berak ere irabaz zezakeen, eta horregatik eman zidan pena.

Gustatzen al zaizu rol hori? Alboan egotea, teknikari edo laguntzaile bezala.

Beti gustatu izan zait. Gazteekin entrenatu eta haiei irakasten saiatzeko ohitura dut, eta beti gustatu izan zait ni zuzendua izatea.

Inbidiarik sentitu al duzu aurtengo buruz burukoan?

Pixka bat bai. Iaz, zalantzekin hasi, proba egin, eta, arrazoi batetik eta besteagatik, finaleraino iritsi nintzen. Atsekabea hartu nuen, baina ordurako oso garbi nuen ezingo nuela jokatu, eta Urrutikoetxeari laguntzean jarri dut arreta guztia.

Eta buruz burukoa jokatu izan bazenu...

Ez dago jakiterik. Lehen partida gal nezakeen, bigarrena, hirugarrena... Ezin jakin.

Hurrengo urtean jokatuko al duzu buruz burukoa?

Ez dakit, egia esan. Zaila izango da. 40 urterekin, 41erako bidean. Egun, gero eta zailagoa da, baina ez naiz ari horretan pentsatzen. Orain, nire helburua ez da lehengoa bezalakoa; helburua da binaka ondo jokatzea urte osoan. Eta, ondo sentitzen banaiz, lau eta erdian edo bestelakoetan jokatzea.

Eta lau eta erdikoa?

Normalean, bai. Nire asmoa hori da. Gehien gustatzen zaidan distantzia da; bertan lortu ditut emaitzarik onenak. Intentzioa badut, baina, aurretik entrenamendu batzuk egin eta nire burua gaizki ikusiko banu, garbi dut ez nukeela jokatuko.

Horrelako galderek arduratzen al zaituzte?

Ez, gaur egun gauzak beste modu batera hartzen ditut. Gaur egun ez dut ezer demostratzeko. Ez jokatuta, edo, jokatu eta maila kaskarra emanda ere, ez dut uste jendeak ezer esango lukeenik, eta alde horretatik lasai nago.

Baikok bi urte daramatza txapelik gabe. Krisirik ba al da?

Ez nuke halakorik esango. Nik bolada txarra esango nuke.

Bolada txarra luze samarra.

Baina lehen ere gertatu izan dira horrelako kasuak. Guk urte onak izatea eta Aspek ez. Halakoak gertatu egiten dira. Nik iaz buruz buruko finala galdu nuen, Imaz eta biok tanto batengatik gelditu ginen binakako finaletik kanpo, aurten Urrutik finala irabaztea izan du... Nik uste dut zorte txarra ere izan dugula. Horetaz gain, egia da enpresak gehiago espero zuela pilotari gazte batzuengandik, eta kostatzen ari zaiena txapelketa garrantzitsuetan euren maila ematea. Baina bertute handidun pilotariak dira, gauza batengatik edo bestearengatik partida eta txapelketetan ondo jokatzen ari ez direnak. Ni seguru nago gazte horiek jauzia ematen badute egoera aldatu daitekeela.

Zure moduko beterano batek zer egin dezake hor laguntzeko?

Ni saiatzen naiz, baina gero norberak jokatzen du. Lan eginez gero, dena hobetu daiteke.

2020ko abenduan bukatzen zaizu kontratua, eta zuk esana da luzaroago jokatzeko prest zaudela.

Orain, garrantzitsuena da lesio batetik irten berri naizela, eta ondo nagoela. Egia esan, orain ez naiz pentsatzen ari urtebete barru utziko dudan pilota, edo bi barru, edo hiru barru.

BERRIAn argitaratua (2019/06/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA